Altzateko Jaun, hor zaude nonbait
Altzateko Jaun –
Aspaldian, mendizaleagoa nintzen garaian, Gipuzkoako Ugarte herrixkako borda batean lo egin nuen. Borda hartan baginen neskez eta mutilez osaturiko lagun-talde bat. Gaua iristean norbera bere lozakuan sartu eta hor hasi ziren horietako batzuk kontu kontari, txisteak, ipuinak, gertakizunak… Ipuinetako batzuk penagarriak ziren, beldurgarriak besteak,… eta horrela ipuin eta kontakizunen artean gau iluna pasatzen ari ginen. Koadrila hartan bazen Maitere izeneko neska donostiarra, eta kontatzeko txanda iritsi zitzaionean, Altzateko Jaunaren legenda xarmangarria azaldu zigun.
Hura entzuten ari nintzela, nire belarriek gure arbaso zaharren garai urrunetara eraman ninduten, eta antzinako Euskal Herri hartan, jentil, basajaun, lamina eta sorginen mundu magikoarekin egin nuen topo. Dardarizo batek nire gorputz osoa astindu zuen. Han zeuden, kontakizun hartan, gure herriaren sustrai zaharrak. Kontakizunaren amaieran Xabier Letek Altzateko Jaunari eskainitako bertso ederrak kantatu zizkigun:
- Altzateko Jaun / hor zaude nonbait, / zure lurrera itzultzeko zai. / Gure izatearen / testigu zuzena, / makurtu gabeko / zuhaitz lerdena, / desertuko haizeak / legortu ez zuen lorea, / itsasoaren kolorea / hor zaude zu!
- Hamasei salbe, / hamalau kredo, / erderaz entzunagatik, / bazenekizun / hori ez zela / sekulan guretzat egin. / Urrezko dukate / eta dirua / ez dira engainu txarrak, / alde batera / apartatzeko / lehengo sinismen zaharrak.
- Merkatarien aldamenera, / amildegian, / goitik behera, /ohar gabean / eroriko gera, / baina guztiok / jakin dezagun / bidea nondik / dijoan. / Altzateko Jaun, / hor zaude zu!
- Bide batetik, / okertu gabe, / esan dezagun bertsoa, / ixil-ixilik / kanta ditzagun / euskaldunen sekretuak. / Herri zahar baten / oharpen haiek / nola ditugun galduak, / zenbat itxura / alda lezazke /eguna hil zuen / gauak.
- Bidasoaren / ezker-eskuin, / udaberrian / lore gorriak, / ixilitako / ur izkutuak. / Mendetan zehar / kantu lagunak / noizbait latinez lurperatuak, / laster berpiztu / behar duguna!
- Larrun gainean / sorginen dantzak, / nabaitzen ditut / arratsaldean; / lurrak badaki / kontu hoien berri. / Eta hor dago / ixil ixilik. / Altzateko Jaun / hor zaude nonbait, / zure lurrera / itzultzeko zai.
Egun hartatik aurrera, maiz pentsatu dut Altzateko Jaunaren legendaz, eta maizago oraindik, bere sortzailea den Pio Barojaz. Bere liburua bilatu nuen eta berehalaxe irakurtzeari ekin nion. Orduz geroztik bospasei aldiz irakurri dut. Liburu honen bidez, gure iragan sekretua hobeto ezagutu nuen, Pio Barojak itsasoko uraren gardentasunaz azaltzen baititu gure aberriaren psikologia eta filosofia bereziak. Badakit bere idazlan guztiak erdaraz idatzi zituela, baina nire ustez, idazlan horietan islatzen den espiritua guztiz euskalduna da. Batzuek Baroja Unamunorekin alderatu dute, biek erdaraz idatzi zutelako, baina nire irudikoz bada aldea bi idazle handiren artean. Barojak ez zuen bere arima saldu, ez zuen gure kultura errekara bota, ez zuen gure iraganaz eta gure izaeraz ernegatu, Unamunok egin zuen modura. Barojak bere euskal nortasunari eutsi zion. Ez zen tradizionalista, aurrerakoia baizik, eta maisuki jakin zuen garai bateko sustrai zaharrak eta balore berriak uztartzen.
Eta nire hitzei nolabaiteko sostengua eman nahian, hona hemen Altzateko Jaunari buruzko ipuinari Barojak emandako berdingabeko amaiera. Itzulpena nirea da.
…
Altzateko etxean, antzinako zeremonia batzuk ospatu dira, baina hauxe dena isiltasun handienean. Hildakoaren eskuan dukate bat jarri dute, gorpua etxetik atera dutenean zerraldoaz etxeko bazter guztiak jo dituzte, eta azkenean, etxeko erle eta gainerako abere guztiei etxeko jaunaren heriotzaren berri eman diete. Hainbat adiskidek Jentilen Harrira otoitz egitera joan nahi dute haien nagusi eta laguna izan denaren ohorez, lehengo sinismen zaharrek agintzen duten bezala.
Altzateko Jaunaren gorpua jadanik etxetik kanpo datza, eta orain apaizek zarata eta doinu handiz gori-gori kantatuz, eliza berriaren ondoan dagoen kristau hilerrira ehorztera daramate. Elizako ezkilek dilin-dalan, dilin-dalan… etengabeki jotzen dute.
– Pater Prudentius-ek: Lur santuan lurperatzera daramagun gizon hau jentila zen eta bere bizitza osoan inoiz ez ditu eliza santuaren aginduak ontzat hartu. Eskandaluagatik ez balitz, lur santutik kanpo ehortziko nuke nik.
– Pater Fanaticus-ek: Bai horixe! Zuk diozuna litzateke onena, ziur aski, dagoeneko, gizon honen arima infernuko garretan kiskaltzen egongo baita!
– Pater Angelicus-ek: Jaungoikoak barkatuko du!
– Pater Fanaticus-ek: Barkatu, nola? sakramentu santuak ez baititu onartu.
– Arbelaitzek (Altzateko Jaunaren lagun zaharra): Berak ez zuen inondik inora ere, horren gaizki zegoela pentsatzen!
– Pater Fanaticus-ek: Ez zuela pentsatzen? Fededun bati horrelakorik ez zaio inoiz burutik ahazten. Federik ez zeukanez infernua merezi du.
– Pater Angelicus-ek: Jaungoikoaren barkamena mugagabea da!
– Pater Fanaticus-ek: Altzateko jauna bekatari handia zen, elizaren aginduak betetzen ez zituen maltzur alua.
– Olazabalgo ama gazteak: Gezurra dirudi, erraten dutenez, Altzateko Jauna ez omen da hil kristau on baten modura.
– Zarrateako ama gazteak: Jexux, Maria eta Joxe! Hamaika ikusteko jaioak gara. Gu, altzatearrak betidanik izan gara hagitz kristau onak.
– Arbelaitzek: Ene lagun gaixoa! Hain ausarta eta hain ona! Zuk borrokatu zenituen eta laster gure tiranoak izanen diren beltzez jantzita ibiltzen diren horiek hemen dira zure heriotza ospatzen.
– Ostalariak: Hauxe dolua! Bere auzoko gizonek bi dozena axuri jan dituzte eta upela bat ardo edan, eta beraien atsoek edan duten pattarra eta txokolate pila kontuan hartu gabe. Ai, astero horrelakoren bat hilko balitzaigu!
– Xagit-ek (Altzateko eroa): Jaun gaixoa! Nire lagun gaixoa! Nork defendituko nau orain?
– Ttikik —Altzateko Jaunaren beste lagun bat– Arbelaitzi: Ba al dakik zer erranen dudan?
– Arbelaitzek: Zer?
– Ttikik: Jaun ez dela hil erranen zieat, bere hil-kutxa lurrez beteta zegoela, eta Jaun bizi-bizia dagoela, eta gainera, ez dela inoiz hilen. Bai horixe! Hori bera erranen zieat! Larrun mendiko leize-zulo ilun batean ezkutatuta dagoela eta hor barruan izanen dela gure Euskal Herria katolikoen esklaboa den bitartean! Eta gure herriaren ordua iristen delarik, Jaun gure artera berriro agertuko zaigula Ortzi handiak emandako mailuaren bidez gezurretan eta morrontzan eraikitako mundu berri hau suntsitzera eta baita askatasunarekiko gurtzea ere berriro ezartzera!
– Arbelaitzek: Eta nork sinistuko dik hori?
– Ttikik: Zuek! Gezur handiagorik ez al dizuete sinistarazten? Katolikoen kontuak ez al dituzue sinisten? Orduan ba!
– Arbelaitzek: Bai, halaxe duk! Egia! Baina hik ba al dituk katolikoek dituzten kartzelak, urkamendiak, epaileak, borreroak, soldaduak… jendea konbentzitzeko?
– Ttikik: Ez, horrelakorik ez zaukaat! Arrazoia duk!
Buka dezadan ene gogoeta hau, Pio Barojak Altzateko Jaunaren ahoan jartzen dituen hitzak hona ekarriz. Horretarako, Altzatekoaren eta euskaldunen arteko elkarrizketa eder batez baliatuko naiz.
– Euskaldunek: Ortzi, hemendik entzuten dugu zure ahots Gureganaino iristen da zure harrabotsa Zatoz, zatoz mendebaldeko lurralde hauetara! Utz ezazu gauerdiko eguzkiaren lurraldea! Dena hasiko da berriz, dena itzuliko da bere sustraietara! Zu ere, itzuliko zara!
– Ortzik: Agur, agur itsasaldeko Auñamendiak,, mendi eder eta argitsuak,
Pio Barojak, Unamunok bezala, argitzal handiak. Pio Barojaren pentsamenduan sakondu nahi izanez gero, merezi du Joxe Azurmendiren “Pio Baroja: “Esencia española”, “cultura vasca” irakurtzea, “Espainiaren arimaz” liburuaren baitan. Hona zati batzuk: “Ortega bezala, eta Unamuno ez, Baroja arrazista da. (…) Euskal arrazak ere badizu bere-bere kultura. Baroja-ri asko interesatzen zaio euskal arrazaren kultura edo izpiritua: euskaldunen karakterea, pentsaera, mitologia, etab. Baroja beren.beregi euskal arrazaren izpirituaren nobelista da, edo hori nahi du izan. (…) Geure kolkoan itauntzen dugunean interes hori zergatik, uste izan liteke (motibo politikoengatik-edo ez baita, eta gutxiago jakin-min zientifiko hutsagatik) izpiritu hori latinoa ez izateagatik dela; eta, latinoa ez izanez, ez izateagatik semita ere; hots, azkenean, kristaua ez izateagatik. Bestela bitxia da, esate baterako, “La leyenda de Jaun de Alzate”-n, adibidez, euskal arima eta mitologia nola germaniartzen duen, Ortzi eta Thor berdinduz, bertute nietzschearrez adelatuz, etab., etnografikoki itxuragabekoa, baina erakusleiho polita Baroja-ren beraren arimarentzat (Mirande-k jarraituko dio).
Xenofobo eta antisemita itzela ere bada Baroja, judufobia birulento partikularrekoa bereziki.
Barojak Sabino Aranak sortutako alderdi nazionalista nola txarresten zuen.
Eta euskal kultura nola sortu behar zen puntuari dagokionez, Unamunorekin guztiz bat: “Claro que yo creo que este comienzo de cultura vasca hay que intentarlo a base del castellano, no a base del vascuence. Esa tesis que ha sostenido Don Julio de Urquijo, afirmando la posibilidad de que el éuskera sea lengua de civilización, me parece una fantasía de filólogo, pero no una realidad. Hay que aceptar el hecho consumado, y el hecho consumado es que nuestro idioma de cultura es el castellano, que poco a poco empieza a dejar de ser castellano para ser español”. 36ko gerra garaian eta Baroja nola ibili zen jakiteko, Sanchez-Ostiz-ek badu liburu gotor bat.
Inportantantea eta mingarria Unamunok ahoan bilorik gabe argiratzen duen kultura- hizkuntzaren gai hura.
Iduri du errealirateak arrazoi eman diola, aitortu behar baitugu iparraldean behintzat euskaldun guzien edo kasik guzien kultura hizkuntza frantsesa dela.
Bainan ez da baitezpada arrakasta haundi bat izan, zeren eta, ez baitzait iduritzen gure kultura maila horrentzat oso altua denik.
Bera, Estatu aske baten hizkuntza ofiziala izaiteaz gain, zer behar du hizkuntza batek kultura hizkuntza izaiteko ?
Irakurlegoa hizkuntza horretan sakon pentsatzeko kapaz izaitea ? obra unibertsal inportanteenak itzuliak eskura izaitea ? bertako tradizio literarioaren testuak eskura izaitea ? idazle garaikideak sustengatuak izaitea?
Hori guzia batera doaika.
Herri independiente tipietan ere ez da erraza izango.
Gaztelaniazko hitz horiek Barojarenak dira, baina Unamunok ere ideia berbera zuen gai horretaz.
Egun on, Patxi eta Beñat.
Zuen gutunen karira, gogoeta moduko bat egin nahi dut. Nik artikulu honetan ez nuen Pio Barojaren apologia egin nahi, Altzateko Jaun narrazioak eta Xabier Letek egin kantu ederrak nire gazte urteetan nigan sortu zidan lilura azaldu baizik.
Barojak argilunak zituela, garbi dago, baina denok dauzkagun bezala. Haren aita Serafinek euskaraz idatzi zuen, eta Piok berriz, gaztelaniaz. Horixe da bere akatsik handiena, ene ustez. Arrazista zela, baliteke, baina garai hartan arrazez hitz egitea aski normala zen Europa osoan, gaur ez bezala. Dena den, inork ezin du ukatu bere narrazioetan euskal gaia dabilela beti, Unamunoren gaietan, berriz, aski gai arrotzak izaten dira, ainitzetan Espainian kokatuak.
Eta Beñat, Iparraldeko egoera gogorra da, etsigarria ainitzetan, sobera dakit, baina baditugu argiak ere, eta esperantzak. Euskaldunen gehiengoa euskarari eta euskal kulturari bizkar emanda bizi dela, egia da, Iparraldean zein Hegoaldean, baina herri kolonizatua gara, hori ezin dugu neholaz ere ahantzi, eta egoera horretan egonik, bada tokia esperantzarako, Europako beste nazio ukatu ainitzetan, tamalez, ez dagoena.
Milesker zuen iruzkinengatik, beti gogoetarako sua pizten baitute eta segi dezagun aitzina, gure Herriak merezi baitu.
Nik ere ez nuen anatemarik ezarri nahi Barojaren gainean. Askok irakurri ditugu gustura Barojaren liburuak. Arrazismo kontuan, Ortega y Gasseten uberan, Mirande bezain arrazista izan zen. Eta euskara kultur hizkuntza bihurtzeko ezintasunari dagokionez, Unamunoren antzekoa, haren uberan. Unamunok Bilbon, jaioterrian, 1901ean, eta Barojak ere Bilbon 1920an, “Divagaciones sobre la cultura” izeneko konferentzian. Halere, Miranderi euskaraz eman zaio egurra, eta Barojari, esango nuke, bereziki erdaraz (Gil Bera, Sanchez-Ostiz…)
Joseba, Iparraldeari dagokionez, zinez, ezdakit nun ikus ginitzake argirik edo esperantzarik gure ohiko ametsetan ez bada;
Bainan ez nintzan horretaz ari aspaldian ebatzi baitut zertan ginen.
Gure arazoaren hondoraino joaiteko, entseiatzen ari nintzan formulatzen zer zen hizkuntza normalaren eta “kultura-hizkuntza”ren arteko diferentzia, Barojar eta Unamuno bezalako intelektuialei espainola hautaarazten ziena beren gogoetak eta obrak egiteko unean
Bereziki Unamunok Bilbon egindako hitzaldian (1901) esandakoen aurka (Barojak antzekoak 1920an, Bilbon ere) hasi ziren Orixe, Lizardi, Lauaxeta eta euskaraz kazetari-lanak, saiakerak eta egiten. Aitzolen baranoan, Euskal Pizkundea. Euskara herri-hizkuntza ez ezik “noranahikoa” egin nahian.
Dena den, segur aski Beñat, iradoki nahian zabiltza, kultura idatzi hiritar horrek ez duela gora handirik edo balio handirik. Menturaz, oker nago.
Zergatik daude gaizki uztartuak kultura idatzia eta euskara? Propio, bereziki XVIII. mendearen bigarren zatitik aurrera Espainian (Carlos III.a), eta Frantzian lehenagotik, botere menderatzaileek halaxe ezarri dutelako hizkuntza-politika. .
Patxi-ri erantzunez:
Iepa. Zure azterlanak beti gustuko izan ditudan arren, Patxi, oraingoan erasiaka ekin behar dizut, ene gogoz kontra bada ere. Izan ere, zure azken baieztapen horri ez diot heldulekurik aurkitzen. Gure artean aski ohiko den bezala, gezur apaina, erosoa, atsegina da. Baina ez besterik…
“Euskara ez bada oraindino izan ausart, trebe, eta bitore, eskualdunek berek dute ogena, ez euskarak”. (Axularrek GEROn). To hemen egia!
Alegia, gure ezintasunaren errua kanpoko indar kolonizatzaileen bizkar ezartzeaz aski badugu jadanik. Ni behintzat, nahiko aseta nago halakoak irakurtzen. Adinean aurrera noan heinean gero eta argiago ikusten dut oso arrazoi ahula dela hori.
Sentitzen dut. Nire iritzia da.
Guk ere badugula errua ezin da ukatu noski, Peru. Baina adibide bat jarriko dizut oso ondo ezagutzen dudana. Koka gaitezen udal baten. Euskaraz lan egin daiteke? Bai. Baina erraztasun guztiak erdaraz egiteko jarriak daude. Gehienek, batez ere idatziz, erdaraz egiten dute. Nire ustez egiturak pisu gehiago du pertsona indibidualen borondateak baino. Konplexua da, baina labur-labur…
“ausart, trebe, eta bitore” ote litzateke Axularrentzat kultura hizkuntza definitzeko manera bat?
Euskara horrela ez izaitea berdin gure falta izango litzateke orai eta bere garaian?
Libre ote gara gure kultura hizkuntza hautatzeko?
Baroja eta Unamuno interesgarriak dira libreki hautatu sinesten eta aitortzen dutelako.
Ezdakit noiz hautatu dutan ene kultura hizkuntza edo sekulan hautatu dutanik ere.
Hau iraultzea ez da erraza , ezdakit posible denik ere.
Bai. Hori ere hala da. Ikusten dut.
Eta gainera, zuzen diozu: oso gai korapilatsua da, hemen mezu laburren bidez zuritzen hasteko.
Nire ikuspegia hauxe:
Euskalduna eta kultura idatzia = ura eta olioa = zuria eta beltza
(oraintsu arte behintzat)
Ziburuko Etcheberrik marinelentzat idazten zituela bere ahapaldiak?
Euskal marinelak itsas handian liburu bat eskuetan hartzen??
Ez dut zurekin eztabaidan abiatu nahi., Patxi.Uste dut zuk ere konprenitzen duzula zer esan nahi dudan.
Barojak eta Unamunok esandakoak , nire ustez, hortik zihoazen.
Orain hilda dagoen Euskaltzaindiako bati entzun nion, garai batean baserri askotan Kempis bat edukitzen zutela ohe ondoko mahaintxoan. Ez dakit: zail egiten zait sinestea.
Eta hala balitz ere, hartzen ote zuten inoiz denborarik patxadaz irakurtzeko? Neke da hori sinestea..
Askok eta askok, nire aita zenak adibidez, ezin zituzten bistan eraman. Gorroto zituzten ditxosozko liburuak..
Egun on, Peru Gabiriko.
Ene idurikoz, baduzu arrazoia. Egia da, mendeetan zehar bi estatuek hizkuntza zapalketa eragin digutela, eta bi erdarak erabiltzeko ezinbesteko beharra sortu digutela, hori ezin da ukatu, baina gero ere, gure baitan dago horri aitzin egitea. Adin bat dugun euskaltzaleok noizbait euskara kultur-mintzaira gisa hartzeko deliberoa hartu genuen eta horretan darraigu. Gazteekin ezberdina da (Hegoaldeko hainbat tokitan) esfortzurik gabe etorri baitzaie eskolan, baina hala eta guztiz ere, zenbat dira hautu hori hartzen dutenak?
Ez al da gure aldetik ere nagikeria bat? Eta zer egin joera ezkor hori aldatzeko?
Orixe, jesuitetan gaztelaniaz ikasirik, euskaraz idaztera igaro. Lizardi, Madrilen gaztelaniaz ikasi Zuzenbidea, eta euskaraz idaztera igaro nekez. Lauaxeta, Zaitegi, Ibinagabeitia. Zergatik “erokeria” eder hura? Sabino Arana. Gerraurreko abertzaletasuna. Alde horretatik Unamuno eta Baroja pragmatikoak izan ziren. Hegoaldekoaz ari naiz Beñat. Dakizun bezala, Lafittek izan zuen Hegoaldekoaren eragin bat. Eragin bat.
Ondotik, Krutwig, Mirande-Peillen (Ibinagabeitiak zirikaturik), Txillardegi…azken hau abertzaletasunagatik.
Gaur egun?
Apa.
Mila esker, Joseba eta Patxi, zuen erantzunengatik. Badakit nik adierazitakoak nahiko kontu garratzak direla euskalzale direnentzat. Baina zaudete lasai, etxerako ari naiz. Ez dago, noski, Zuzeuko foro honetara arrimatzen den erdaldunik. Beraz, beude guretzat hemen esaten ditugunak.
Kontzientzia apur bat ematen dit trapu zahar hauek haizatzen ibiltzeak, deabruaren abokatu naizelakoan-edo.
Baina, inor haserrerazi gabe, uste dut, analfabetismoaren kontu hau gure barne-historiaren zati bat izan dela.
Ez horregatik Peru.
Eta Josebaren aurrean, berriz, Jentilen Harrira joanda, desenkusatzea dagokit. Hark jorratu edo gogoratu nahiko zukeen gaiari iskin egiteagatik: “Pio Barojak itsasoko uraren gardentasunaz azaltzen baititu gure aberriaren psikologia eta filosofia bereziak.” Garai bateko Mari eta Peru, sorginak eta euskal mitologia-filosofia, kristautasunaren aurrekoa. Barandiaran, Azkue eta gainerakoek XIX. mendeko euskaldunen ahotik jasoa. Barojak bezala Mirandek ere errebindikatua. Kristautu aurretik ere, zerbait baginelako zantzu zaharrak.
Patxi, gogoeta hauek denoi biziki ongi datozkigu, azken finean, egunero burura etortzen zaizkigun kezkak eta zalantzak baitira. Denon artean, noizbait mataza askatuko dugulakoan nago.
Peru_Gabiriko, zergatik jartzen dituzu zalantzan marinelek euskaraz irakurtzea eta baserritarrek Kenpisen kopia bana edukitzea?
Axularren aipu bat ekarri duzunez gero, hona beste bi euskaldunen irakumenarekin lotuta:
“Eta on zatekeiela, gauza hunetzaz liburu baten, euskaraz, guztiz ere euskararik baizen etziakitenentzat, egitea”.
“Eztut liburutto haur letratu handientzat egiten. Eta ez xoil, deus eztakitenentzat ere”.
Horrek iradokitzen du bazirela Guero irakurtzeko moduko euskaldun elebakar aski, eta ez preseski kultura handitakoak.
Gauza bera dioskute, 100 urte geroago, Le Dauphinen zihoazen euskarazko 50 gutunek.
Hortik zure aita zenaren garairaino akulturazio eta desalfabetizazio prozesu bat egon da (eta Ipar eta Hego Euskal Herrien arteko aldeak, noski). Ezin duzu zuk bizi izandakoa erabili historia osoa neurtzeko. Hala eginez, zu zeu zara mitoan jausten dena.
Ah, banekien norbait asaldaturik kontu eske etorriko zitzaidala. Ez duzu gogoko, Garrett halakoak irakurtzea. Ezta neuk ere idatzi behar izatea. Baina munduko lau bazterretan ikusten duguna da: nekazariak, artzainak, arrantzaleak, ikazkinak, mandazainak eta abarrak kultura idatziari bizkar emanda bizi dira, ez dute intelektualaren figura gehiegi maite. Erdeinuz eta mesfidantzaz begiratzen diote. Hori hemen eta nonahi !
XVII mendeko Lapurdin balearen arrantzutik poliki aberasturik, Europako beste burgo txikietan bezala, seguruenik literatura moral/izpirituala pizteko ahaleginetan ibiliko ziren inguruko zenbait erlijiozko gizon, dudarik gabe.
Zer-nolako zabalpen izan zuten argitalpen haiek… guretzat zaila da neurtzea. Gauza bana baitira etxean ale bat txukun-txukun gordetzea, edota hura irakurtzen, iraultzen denbora ematea.
“Gure aintzinekoek ongi arrazoin zutela gazeta edo berrikari guzien bazterrerat uztea, denbora zutenean bakharrik leitzeko familian, zenbait liburu on, hala nola Testament zaharrra, sainduen bizia, Jesus-Kristoren Imitazionea (Kempis*), gizonaren lau azken finak. etc”
ELISSAMBURU, Michel.”Lehenagoko euskaldunak zer ziren”, 1889 argitaratua, Euskal Editoreen Elkartea, Bilbo 1993, 63. or.
*Neuk gehituta.
Paragrafo hau zoragarria da.
Guztiz ados Pello Eizagirrek bidali duen paragrafoarekin. Nik ere Ataungo nire amona ikusten nuen, tarteka, erlijio liburuak, Pernando Amezketarraren ipuinak eta Orixeren Santa Krutz apaiza irakurtzen.
Bai eta afalondoan usaia zen batek familia guziarentzat “Herria” astekaria edo tokiko horrelako beste bat ;
Horrengatik 1930 inguruan oraindik Uztaritzen bazakiten maiztertza dokumentuak euskara garbiz idazten notario baten aintzinetik pasatu beharrik gabe bainan konfiantxazko lekuko baten aintzinean.
Bai eta afalondoan usaia zen batek familia guziarentzat “Herria” astekaria edo tokiko horrelako beste bat irakurtzea.
Eta Hegoaldean, gauza bera Arantzazuko Ama Birjinaren egutegiaren orriak pasatzean.
Bai ibilbide bitxia egiten ari dela artikulu hau. Partez neure erruz, baina partez bakarrik. Altzateko jauna antikristoa da Barojaren irudimenean. Kristautu aurreko jentiltasuna, paganismoa. Kristautasun ekialdetarrak Europaren erro jatorrak ustel-ustel egin zituen. Eta hortik lehen euskaldun familietan sutondoan eskritura santuak debozioz irakurtzen zirelakoetara, malenkoniatsuki, nostalgia nabarmenaz edo. Ibilbide bitxia benetan
Bai, jeje
Huntaz eta Hartaz hizketan, lanbro tartean oinez doazenen antzera
Harira itzuliz, jakina dugu Nietzschen eragin sakona Pío Baroja eta Miranderengan (hainbeste idazle euskaldunengan ere, hala nola Jean Etxepare, Aresti, Maeztu, Unamuno)(1). Bi idazle hauengan eragin horrek dakarkigu kristautasunaren aurreko euskal mitología-filosofiaren (neuk erligioa esango nuke) errebindikazioa. Baina beti-beti Nietzschen eskua agerian dugula ez dezagun ahantz. Hots, idoeuropartasun-zaletasun irmoa, eta kulturan, ideologian eta (batez ere gure hizgaiari dagokiona) mitologian gauzatzen dena.
Xeheki adierazteko eta J. I. Hartsuagaren hitzak erabiliz(2): “…indoeuropear eskemaren arabera beti.
– Boterearen sorburua Zerua da. Bertan bizi dira naturaren jabe diren jainko ahalguztidunak, eta erregeak dira haien oinordeko lurrean.”
Horretan datza Pio Baroja eta Miranderen Ortzi jainkoaren goraipamena. Kristautasunaren aurrekoaren errebindikazioa eta indoeuropar eskemaren araberari jarraituz Ortzi jainkoak Mari jainkosa (3) ordezkatzea.
Baina Ortzi al zen gure zeruko jainkoa kristautu aurretik ?.
Agian, galdera honi erantzun baino lehen begiratu bat botako nioke P. Barojak eleberri batean idatzi zuenari (4). Zeren eta, P.Barojak bi euskaldun mota bereizten ditu: Urtzi-Ortzi zaleak eta Jaingoiko zaleak, arestian Pakok esan digunaren antzo. Paganotasuna versus giristinotasuna.
(1) https://eu.wikipedia.org/wiki/Friedrich_Nietzsche
(2) HARTSUAGA, Juan Inazio: “Ideia eta balioen bestelako historia laburra eta horren irakasgaien aplikazio gaurko gizartean”. Pamiela, Iruñea, 2016, 42. or.
(3) Mariri buzuz kontuan izan: “Mariren izena, Jose Miguel barandiarani zor zaio. Hark proposatzen du izen hau, herriak hainbat modutan deritzen izakien batasuna nabarmendu eta azpimarratze aldera. Honela, besteak beste, Anbotoko Señoraz, Aralarko Dameaz, Aketegiko Sorgiñaz, Puiako Maiaz, Leskungo Iona-gorriz, edota Txindokiko Mariaz ari garela, Mari esan ohi dugu beti, ataundar ikerlari bikainak ezarritako irizpideari jarraituz. Barandiarani zor diogu halaber Mari Lurraren irudikapentzat hartzeko hipotesia.”
HARTSUAGA, J. I, o. a., 153. or.
(4) “Se puede catalogar entre los amigos de Urtzi a casi todos los vascos que han hecho algo en la tierra y en el mar con su energía y sus arrestos; entre los sectarios de Jaingoicoa, a todos los que viven en las ciudades de empleos y de pequeños negocios y que tienen en la puerta de su casa una placa del Sagrado Corazón de Jesús. Los amigos de Urtzi, los marinos, los guerrilleros, los ferrones, la gente exaltada, esperan todo de sí mismos. Los amigos de Jaingoicoa, los clérigos, los burgueses, los abogados, los notarios, los tenderos y los prestamistas, esperan más de las leyes que de su brío.”
BAROJA, Pío: “ La estrella del Capitán Chimista”(1931). Obras Completas de Pío Baroja, Biblioteca Nueva, Madrid, 1948, VI, 134. or.
Oso ondo Pello! Benetan interesgarria.. Zerbaitegatik esaten ziguten txikitan euskaldunek erromatarrak gailendu zituztela Ernio mendian. Oso antzinakoak garenaren seinale…
Urreiztieta! Eskerrik asko zure akuiladagatik. Niri ere txikitan kontatzen zizkidaten holako pasadizo, elezahar edo ipuin. Orain hara eta honea miakatzerakoan gauza xelebre batekin topo egin dut. Baiña beste txoko batean jarriko dut (erromatarren txokoan hain zuzen). Ez dezagun jardun haritik kanpo behelainopean…
Zein Pio Baroja aukeratuko dugu? …”El euskera ya no lo habla nadie…El vasquismo es poca cosa…Me perjudicó tratar a los obreros de igual a igual…..No puede haber una comunidad de cultura vasca…” idatzi zuena? (“Desde la ultima vuelta del camino, vol 1)
El que defendió la dictadura militar y no firmó el manifiesto de Machado, Marañón, Ortega y Gasset…a favor del Gobierno legal…?
O el que escribió “Jaun de Alzate” ?
Fue un anarquista de derechas(segun Cabrera Infante), un vasquista de folklore(G. Aresti)? Hubiera escrito en euskera de haber vivido hoy(B: Atxaga?
Juanjo.