Alter Ego: Amancay Gaztañaga
Alter Ego: Amancay Gaztañaga –
Egun batean Amancay Gaztañaga Sagarzazuk (Guayaquil, 1980) Pandoraren kutxa ireki eta mila koloreko mundua deskubritu zuen. Grises taldearekin batera abeslari eta musikari lanetan ikusten badugu ere, @lagatadepandora musikaria, sabel dantza irakaslea, aktore eta osagarri diseinatzaile lanetan dabil. Hainbeste aukeren artean, azken honetaz aritu gara hizketan bere bi katuak zelatan ditugula…
Mila saltsatan zabiltzala iritsi zaigu: sabel dantza irakaslea, aktorea, musikaria… Baina noiz hasi zinen bitxiak eta osagarriak diseinatzen?
Eskulanen zaletasuna txikitatik datorkit. Astebururo aitarekin eskulanak egiten ematen genuen igandea. Kriston ondo pasatzen genuen eta denetarik egiten genuen gainera: koadroak pintatzen, maketak muntatzen, materialak zahartzen…
Etxea izan duzu beraz, irakaslea…
Ba bai, hala da. Aitak ez du sekula ikasi baina Ekuadorren gauzak norberak egiten ditu. Do It Yourself kultura hori aspaldikoa da han! Gurean ordea, asko galdu da gauzak konpontzeko eta berrerabiltzeko ohitura…
Eta nola eragin du eskulanetan duzun abilezia zure beste sortze prozesuetan?
Madrilen ez nuen batere sosarik. Saltseatzen hasi nintzen zorroak, bitxiak eta bestelako osagaiak ikusten… eta pentsatu nuen: “ Ez da zaila izango hau egitea…”. Gainera, arte dramatikoan gabiltzanok badakigu denetarik egiten ikasi beharko dugula: telak josi, zahartu, atrezzatu…
Noiz hasi zinen zure sormen lanak saltzen?
Poltsak egiten hasi nintzen eta joe, ondo geratzen ziren! Orduan jendea galdezka hasi zitzaidan non erosi nuen eta eta nik egindakoa zela esaten nienean eurentzako bat egiteko eskatzen zidaten.
Eta lagunartetik enpresa bilakatzera?
Saltoa izan zen autonomotan nengoela. Jakina da autonomook langabeziarik kobratzen ez dugula eta urtero Zestoan antolatzen den Gabonetako azokan postu bat jarri nezakeela pentsatu nuen… Familia eta lagunentzako opariak erosteko dirutxo bat ateratzeko aukera ona!
Zelan joan zitzaizun?
Dena agortu zen! Azkenean jendea kexaka etorri zitzaidan, hain denbora gutxian bukatu zirelako…
Enkarguak barra-barra egiten hasiko zinen…
Bai, baina gaur egun ez ditut enkargurik egiten. Zaletasuna izaten jarraitzea nahi dut. Donostiako denda batzuek gauzak eskatu dizkidate baina ez dut nahi kontu hau handiegi bilakatzea, esklabotza bilakatzeko arriskua izan daiteke eta.
Ze material erabiltzen dituzu?
Narru itxura duten tela binilikoak eta AEBetatik ekarritako kotoi organikoa. Indiakoa organikoa da baina hango lan-baldintzak ez dira berdinak.
[…]
IRAKURRI GEHIAGO: GAZTEZULO.EUS