Zinema Estreinaldien Tartea

Estreinaldiak: Uztailak 21

Egilea: Maialen Goñi

.

Sieranevada

Cannesko zinema jaialdian lehiatu zen iaz Cristin Puiu errumaniarraren familia giroko drama, eta Chicagoko jaialdian film onenaren garaikurra eskuratu zuen. Filmeko protagonista 40 urteko Lary sendagilea da. Charlie Hebdo aldizkariaren aurkako atentatuaren ostean, eta aita hil zenetik 40 egun igaro direnean, asteburua familiarekin igarotzera joango da. Baina agurra ez da espero bezalakoa izango, eta Laryk bere beldurrei eta iraganari aurre egin beharko die. Mimi Branescu, Bogdan Dumitrache, Catalina Moga, Dana Dogaru eta Petra Kurtela aktoreek hartu dute parte, besteak beste, proiektuan.

.

Omor shakhsiya (Asuntos de familia)

Nazareten bizi diren bi agureren istorioa da Maha Haj zinegile israeldarrak zuzendutako lehen film luzea, eta iaz Cannesko Un Certain Regard sailean aurkeztu zuen filma. Hiru seme-alaba dituzte, haietako bat Ramalan eta bestea Suedian, eta burua galdu duen amona. Senar-emaztearen egunerokoari buruzko erretratua egin du zinegileak, umorea erabiliz eta goxotasun handiz.

.

Dunkirk (Dunkerque)

Christopher Nolan zinegilearen berrienak II. Mundu Gerrako Frantziara eramango gaitu. 1940an, naziek herrialdea hartu zutenean, 400.000 soldadu britainiarrek sorterrira itzultzeko ahalegina egin zuten, eta Frantzia iparraldeko Dunkirk herrira joan ziren, bertatik etxerako bidaia egiteko. Baina naziek itsasontziak bonbardatzeari ekin zioten, itzulera ekidin eta ahal beste soldadu akabatzeko, eta Erresuma Batutik laguntza bidali zuten. Proiektuarekin egin dute bat Fionn Whitehead, Tom Hardy, Cillian Murphy, Mark Rylance eta beste hainbat gizonezko aktore ezagunek. Nazioarteko aldizkariek oso kritika onak egin dizkiote.

.

Inseparables

2011n sekulako arrakasta izan zuen Olivier Nakachek eta Eric Toledanok zuzendutako Intouchables film frantziarrak; bada, Marcos Carnavale zinegile argentinarrak zuzendutako Inseparables filmaren haren remake-a da. Kasu honetan, Felipe enpresari aberatsa da, eta istripu baten ondorioz tetraplegiko geratu da; laguntzaile bat behar du, eta hautagai guztiak baztertuta, bere lorezainaren laguntzaile Tito aukeratuko du. Titok ez du prestakuntzarik postu hori betetzeko, baina Feliperentzat, errukirik gabe tratatuko duen pertsona bakarra izango da, eta hori asko gustatuko zaio. Oscar Martínez eta Rodrigo de la Serna dira filmeko aktore nagusiak.

.

Irakurtzen jarraitzeko, sartu Zinea atariko Estreinaldiak atalean!

Euskal pantailaren gunea