Alots Arregik “What´s Going On” (Kafe Aleak)
Alots Arregik “What´s Going On” (Kafe Aleak)
Marvin Gaye
“What´s Going On” (Tamla Records, 1971)
.
Ahots gozoz zutitzen dizkit zuti daitezkeen atal guztiak. Belarritik sartzen da eta ez du irten nahi. Neuk ere ez dut nahi irten dadin.
What’s happening, what’s happening. Brother.
Neu ere atal bat izanik zutitu egin naiz. Barrua beltza daukat. Koloretako beltza, beltza ez den beltza. Mugitzen naiz, dantzatzen dut; beraz, banaiz. Baina ez nago ziur neu ote naizen edo beste bat, edo gehiago.
Hodeiak begi paretik pasatzen zaizkit atzeraka, ez gorago, ez beherago. Ur-txorrota fresko bat dirudite edo masajista inerte bat kotoizko behatzez burua irekitzen, maltzurkeria gabe; tanta guztiak barrura.
Tropikala da. Ez dut ikusten baina imajina dezaket haizea bezala zilipurdika suge kantak abesten. Hegodun sugeak, ezohiko piztia narrastiak. Paradisutik egiazko paradisura zaramatzan predikadore orno-gea; barruan darabilzuna. Kalkutako Teresak bazuen zertan sinetsi.
God is my friend. God is Love. Marvin deitzen diote.
Oinen azpiko lurrak oihan berdearen sagarreraino eraman nau. Oasiko oasira. Bertan bada jendea, airez beteta bezala mugitzen dena. Trapu zirtzil batzuk besterik ez daramatzatenak. Urmaelaren inguruan dardarti, danborren erritmoari jarraiki jira ta bira besterik egiten ez dutenak. Zorionaren ederra ezagutzeak hipnotizatu dituenak. Erregutu gabe bekatu egiten dutenak jainkoaren izenean. Eta Teresa.
Flying high in the friendly sky. Fucking high in the……
Zuhaitzen berdearen gainera igo naiz. Klorofilak hortzak berdetu dizkit, bere izaeraz kutsatu, kontagiatu, hezi nahiko banindu bezala, maledukatu gehiegi omen dago garai hauetan. Freskoa ez den jende freskoa. Ez omen dakite dantzan. Horrela ezin dela. Berak erakutsiko omen digu, eta heltzeko gogor berari.
Hori zoragarria dela esan diot, kasu egingo diodala. Mugitzen diren zuhaitzak direla ederrenak. Begiak itxi eta estu heldu nion. Amaitzean lehoinabarrezko tanga bat oso ondo geratuko zitzaiola esan eta erortzen utzi nintzen. Airean dantzan, erakutsi berri zidan bezalaxe edo antzera.
Mercy mercy me.
Harrizko oihanera jausi nintzen. Neoizko argien artetik funky jotzen zuen saxoa joleren batek eta ni kalearen erdi-erditik abian nindoan, erritmoak kutsatuta. Minutu luzetako travelling bat beharko litzateke jarraitu ahal izateko iritsi nintzen aldarera. Kolore guztietako loreak ziren bertan, eta argi gehiago, neoizkoak.
Guztiak harrizko mahai baten inguruan. Etzateko tamaina perfektua zuen. Eta horixe egin nuen, luze.
Inner city blues.
Eskuak alboetara jarrita, albo batean daga bat aurkitu nuen. Zeinaren erabilpena bakarra, intuitiboa eta beharrezkoa zitzaidan. Adarrik adar, alderik alde marra gorri mehe bat marraztu nuen, uneka zabaltzen zena. Luze egiten diren momentu horiek bezala, astiro. Nire azala urraturik, gordetzen nuen beltzak alde egiten uztea besterik ez zen geratzen. Paperezko pantera beltz bat bailitzan, orroka atera zen hegoak astintzen. Nire azalak mahaiko mantela zirudien.
Nire gainean pausatu zen eta istant batez begietara begiratu ninduen. Gero, dantzari ekin zion.
.
Alots Arregi (Azkoitia, 1988) margolaria, marrazkilaria
.
“Kafe aleak” liburuaz, Leire Lopez Ziluagak eta Ibon Rodriguez Garciak, argitalpenaren arduradunek
Alots Arregik / Alots Arregik / Alots Arregik