Abenduko zinema estreinaldiak!
Abenduko zinema estreinaldiak! –
Estreinaldiak: Abenduak 1
Egilea: Maialen Goñi
.
The Killing of a Sacred Deer (El sacrificio de un ciervo sagrado)
2015ean The Lobster arrakastatsua aurkezu zuen Yorgos Lanthimos zinegile greziarrak bide beretik jarraitu du Colin Farrell aktore nagusitzat duen The Killing of a Sacred Deer thriller psikologikoarekin. Steven (Farrell) zirujau ospetsua da, eta Annarekin ezkondutako dago, oftalmologo ezaguna bera ere. Kim eta Bob izeneko seme-alabak dituzte, baina egun batean, Stevenek gurasorik ez duen hamasei urteko Martin ezagutuko du, eta hura babesten ahaleginduko da. Ordainetan, dena galtzeko arriskuan egongo da. Cannesko zinema jaialdian gidoi onenaren saria eskuratu zuen filmak, eta Europako Zinemaren Sarietan hiru kategoriatan da hautagaia, tartean, zuzendari onenaren saria eskuratzeko.
.
Coco
Pixar eta Walt Disney animazio etxe ezagunek Miguel izeneko gaztetxo mexikarraren abenturei buruzko proiektua aurkeztu dute. Senideak aurka izango dituen arren, bere ametsa musikari ezagun bilakatzea izango da. Bada, Mexikon ospatzen duten Hildakoen Egun koloretsuan, zendutako pertsonak bizi diren mundura joateko aukera izango du hamabi urteko mutikoak, eta bertan, bere arbasoak ezagutuko ditu, baita haiek utzi dioten ondare preziatua ere. Lee Unkrich eta Adrián Molinak zuzendutako filmak interes handia eragin du, eta Gabonetan arrakasta izango duela aurreikusi dute adituek.
.
Posoki (Destinos)
Bulgariatik, ostera, Stephan Komandarev zinegileak Cannesko Un Certain Regard sailean aurkeztu zuen ekoizpena helduko zaigu. Taxi gidari gisa lan egiten duen negozio txiki baten jabea bere bankariarekin bilduko da; batzarrean jakingo du, mailegu bat eskuratu ahal izateko eroskeria tratu bat egin beharko duela, bere kasua aztertu duen batzordeak ez duelako kexa onartu. Haserre, bankariari tiro egingo dio, eta gertakariak gizarte osoa asaldatuko du. Paraleloki, sei taxi gidariren jarduna erakutsiko du zuzendariak, etorkizun hobeago baten bila ariko baitira lanean.
.
Wonder
I.J.Palacioren eleberrian oinarritua dago, ostera, Steve Chbosky zinegileak zuzendutako Wonder drama. 2015eko Room txundigarrian lan egin zuen Jacob Tremlbay aktore gazteak Auggie izeneko hamar urteko mutikoaren papera antzeztuko du filmean. Oso txikia zenetik, 27 aldiz operatu behar izan dute, eta mutikoaren aurpegiak deformazioak izango ditu. Eskolara bidaliko dute aurrenekoz, eta ikastetxeko martxara egokitzea ez da erraza izango. Julia Roberts eta Owen Wilson aktore laudatuek mutikoaren gurasoen paperak egin dituzte.
.
Life & Nothing More (La vida y nada más)
Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialetik igaro zen Antonio Méndez Esparza zinegilearen berriena. Florida iparraldean bizi da Regina, bi haurren ama. Eguneroko zailtasunei aurre egiten ahalegintzen da hil amaierara heltzeko. Hamalau urteko Andrew semeak, aldiz, harreman gatazkatsua du amarekin, eta ez du beste gizonik onartuko familian. Baina justizia sartuko da jokoan, eta pixkanaka elkarrengana hurbiltzen joango dira. Andrew Bleechington, Regina Williams eta Robert Williams dira filmeko aktore nagusiak.
.
Asteko estreinaldi guztiak ezagutzeko, sartu Zinea atarian!