Euskararen normalkuntzan atzerapausoa Arrasateko ospitalean

Euskararen normalkuntzan atzerapausoa Arrasateko ospitalean –

Euskararen normalkuntzan atzerapausoa Arrasateko ospitalean

Arrasateko ospitalean euskararen normalkuntzaren aurka Osakidetzako zuzendaritzak hartutako erabakia jakinarazi du LAB sindikatuak. Euskara ezagutzaren eskakizuna ezarria zuten eta oraindik titular finkorik ez duten bost medikuntza lanposturi eskakizun hori kentzea erabaki du Osakidetzak. Tartean badago Ospitaleko Pediatria lanpostu bat, eta gainontzekoak Traumatologia, Barne Medikuntza eta Oftalmologia espezialitateko medikuntza lanpostuak dira.

Dirudienez, lanpostu horiek langile euskaldunekin betetzeko zailtasunak argudiatuz, une honetan lanpostu horiek betetzen dituzten Hizkuntza Eskakizunik gabeko aldi baterako langileak lanpostu horietan egonkortu nahi ditu Osakidetzak.

Euskararen normalizazioaren atzerapauso nabarmena da, aurreikusita zegoen moduan lanpostuak langile elebidunekin egonkortu ordez, langile ez-elebidunekin egonkortuko baitira. Langile elebidunak lortzeko zailtasunak omen daudela argudiatuta, egoera hori lehenbailehen zuzentzeko neurriak hartu ordez, egoera betikotzeko neurriak hartzea oso larria da. Neurriak pentsatu eta hartu beharko lirateke euskara beharrezkoa den lanpostuetan lan egiteko langile elebidunak erakarri eta egonkortzeko, eta baita euskara menperatzen ez dutenak euskaldundu eta trebatzeko ere, baina inolaz ere, ez da onargarria lanpostu horietan langile ez-elebidunak egonkortzeko neurriak hartzea.

Jabetzarik ez zuten bost lanpostu hauei euskararen eskakizuna kentzearekin batera, trukean, Osakidetzak euskararen ezagutzaren betekizuna ezarri die jadanik jabetza duten beste bost medikuntza lanposturi. Modu honetan, horrelako kasuetan egin ohi duen legez, euskara ezagutza eskakizunen ehunekoan atzerapausorik ez dela eman argudiatu ahalko du Osakidetzak. Iruzurrezko argudioa, izan ere, praktikan, euskararen ezagutzaren betekizunek ez baitute inolako eraginik jadanik langilez beteak dauden lanpostuetan. Kontratazio berriak egiterakoan hartzen da kontuan lanpostuko hizkuntza eskakizuna, eta horregatik da erabakigarria langile berriekin egonkortu behar diren lanpostuek euskararen eskakizuna ezarria izatea. Osakidetzak kontrakoa egin du, egonkortu behar ziren lanpostuei euskara eskakizuna kendu eta jadanik langilea duten lanpostuei ezarri.

LAB sindikatuak eskutitza igorri zien duela hilabete Osakidetzako Debagoiena eta Zuzendaritza Nagusiko arduradunei, neurri hau zuzendu zezaten eskatuz.  Hartutako neurria ez zuzentzeaz gain, sindikatuaren idatziari erantzun ere ez dio egin Osakidetzak.

Egunotan, Euskararen Egunaren bueltan, Osakidetza hainbat ekitaldi antolatzen ari da, euskararen alde ustez egiten ari den lana goraipatu asmoz. Zoritxarrez, eguneroko gertaerek kontrakoa adierazten dute. Arrasateko kasuan bezala euskararekiko axolagabekeria nabarmena atzematen zaie eguneroko jardunean, euskararen normalizazioa eta langile zein erabiltzaileen hizkuntz eskubideak kolpatzen dituzten neurriak hartzen baitituzte.

Euskararen normalkuntzan atzerapausoa Arrasateko ospitalean

Osasungintzan euskaraz bizi eta lan egin nahi dugu! www.osaeus.eus

3 pentsamendu “Euskararen normalkuntzan atzerapausoa Arrasateko ospitalean”-ri buruz

  • Euskaldun bat 2017-12-01 12:13

    Gutxienez, Elebide, Behatokira eta Arartekora bidali beharko zenukete gaia. Bestalde, nire ustez, bada epaitegietara jotzeko garaia.

  • Zoritxarrez, ez da lehenengo aldia Osakidetzak horrelako zerbait egiten duela.

  • Urdaibaiko ospitale berria euskaraz funtzionatu beharko lukeen eskariari kasurik ez, Arrasatekoan aitzakiak eta iruzurra, Nafarroan euskal eremuan hizkuntza eskakizunik gabeko lan postuak atera…honek ez du atertzeko itxurarik, urate honek ito gaitzan artio. Eta noiz ekin behar diogu behar bezala? Hortzak erakutsi!
    Baina ez ote gaude hortz maskeldurik?