2020ko komiki didaktiko-dibulgaziozko-aldarrikatzaileak

2020ko komiki didaktiko-dibulgaziozko-aldarrikatzaileak –

Igor Leturiak E-Gorblogean.

Etxeko eta zainketa lanetan aritzen diren Nikaraguako emakumeak, auzo autogestionatuak, matematika eta informatika, abortatzeagatik kartzelatutako El Salvadorko emakumeak, enplegu publikoko behin-behinekotasuna…

Urtearen erdia baino dezente gehiago pasatuta, eta blogean 2020ko euskarazko komikien berri ematen oraindik hasi gabe… Izan ere, urte zoroa daramat: guztion pandemia kontuez gain, lanean lepo nabil Aditu.eus transkribatzailearekin (garatzen lehenengo, aurkezten gero, hobetzen ondoren…), proiektu pertsonalen bat, beste kontu batzuk… Tira, bada, ekin diezaiogun! Eta hasteko, urtearen lehen erdian atera diren 5 komiki didaktiko-dibulgaziozko aldarrikatzaileren berri emango dizuegu.

Irudia: Amaia Ballesteros / Susanna Martin / Han-Mi Kim / Higinia Garay / Irati Merino “Iratink”

Irabazi asmorik gabeko elkarteek euren mezua zabaltzeko komikia gero eta gehiago darabilten erakusgarri, horrelako hiru lan berri atera dira aurten. Susanna Martinek Oxfam Intermon elkartearen enkarguz egin du Samaldan, eta Bizkaian etxeko eta zainketa lanetan aritzen diren Nikaraguako emakumeen errealitate gogorra kontatzen du. Kanpoaldean REAS Euskadi elkarteak atera du, Al Borde Films-en gidoiarekin eta Amaia Ballesterosen irudiekin, eta sistema kapitalistari aurre eginez beste ekoizpen- eta kontsumo-modu batzuk praktikatzen dituzten auzo autogestionatuei buruzkoa da. Eta Manu Robles-Arangiz Fundazioak Hari batetik zintzilik: enplegu publikoaren kronika komikia argitaratu du, enplegu publikoaren behin-behinekotasunari buruzkoa, Ivan Batty-ren gidoiarekin eta Irati Merino Iratink-en marrazkiekin. Hiruak euskaraz eta gaztelaniaz atera dira, eta beraien webguneetatik doan deskargatu daitezke (hemen Samaldan, hemen Kanpoaldean eta hemen Hari batetik zintzilik).

Sauré argitaletxeak ere dibulgaziozko komiki bat dakarkigu. Sauré zen duela urte batzuk euskarazko komiki gehien egiten zituen argitaletxea, bereziki helburu eta gai hezitzaileekin, 2014 inguruan bat-batean desagertu zen arte. Orain ere bat-batean berragertu da, linea bereko komiki batekin: 2018an Frantzian atera zen Nesim Fintz eta Han-Mi Kim egileen Matematikako eta informatikako aparteko istorioak komikian. Izenburuak dioen bezala, komikia baliatuz ezagutarazi nahi dizkie gazteei matematika eta informatikaren historian izan diren aurkikuntza nagusiak eta pertsona garrantzitsuenen bizitzak.

Azkenik, Astiberrik eta Mundubat elkarteak ateratako Emakume guztiok komikian abortatzeagatik kartzelatutako El Salvadorreko emakumeen istorioak kontatzen dira. Herrialde hartan abortuak bi eta zortzi urteko kartzela dakar, haurdunaldia eteteko arrazoiak edozein izanik ere: abortu terapeutikoa, nahigabeko abortua… Baina areago, abortua leporatutako emakumeei hilketa larriagatiko epaia eta 30 eta 40 urte bitarteko kartzela ezartzen diete… Elizabeth Casillas eta Higinia Garay hortik pasatutako lau emakumeren istorioen bidez azaltzen saiatuko dira legedia horren izugarrikeria.

2020ko komiki didaktiko-dibulgaziozko-aldarrikatzaileak

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.