“Ahalegin berezia egin dugu modernizazioan, forma eta leiho berriak ikertzen”

Nerea Mugika Gerediaga Elkarteko lehendakaria
Nerea Mugika Gerediaga Elkarteko lehendakaria

Gerediaga ezagutzen ez duen bati, zelan azaldu labur-labur?
Herri elkarte bat  da Gerediaga, elkarte kulturala. Durangaldean bizimodu hobe baten alde lan egiten duena. Lehengoari begiratzen diogu; ondarea eta izaerari. Baina funtsean, Durangaldea maite dugulako egiten dugu lan. Eta gure lanetan ezagunena Durangoko Azoka bada ere, eguneroko lana askoz zabalagoa da. Urtaro bakoitzean, ohiko ekintza batzuk ditugu, baina hortik kanpora, kulturan, historian, etnografian, ikerketa munduan.. Gerediaga elkartea erreferentzia nagusia da. Bertan aurkituko du edonork laguntza osoa edonoren eskura.

Azokari ateak parez pare zabaltzen dizkiozue beti. Nobedadeak?
Aipagarria da Kataluniar Herria. Euren kultura ezagutzeko aukera izango dugu. Orain arte urrutiago joan gara, eta aurten urrun baina hurbil dauden kultura bi elkartu nahi izan ditugu: euskal kultura eta katalanena. Gauza askotan eredu dugun herria hemen izango dugu, euren kulturan ere murgiltzeko.

Gauza jakina da Azoka antolatzea lan nekeza dela…
Egia da, bai. Nik neuk ere Azokara hurbiltzen naizenean, lehen egunean, ateak parez pare zabaldu eta errespetuz begiratzen diot Azokari. Eta askotan pentsatzen dut: zenbat lan egin dugun! (barrez). Seguruenik kanpotik imajinatuko dute sekulako lan-taldea dagoela horren atzetik… eta bai, sekulako taldea dago, baina lagun gutxiren artean antolatzen da dena. Sorpresa izan daiteke kanpotar batentzat lau katu garela jakitea; esperientziaz eta emozioz josita. Bazkideen eta bertako langile eta batzordeen lana da guk egun horietan erakusten duguna. Lan talde txiki bat dela azpimarratuko nuke, baina kanpora begira eta irekita dagoen lan talde bat.

44 urteko eskarmentuaren ondoren,  Azoka aldatuz joan da.
Desberdintasunak ugari eta sentimendua berbera. 65. urteko Azokan, aurrekontua 300 eurotara eta 20 bat standetara mugatzen zen… Gaur egun, 300 standetik gora batzen gara. Andra Marikoa, azoka txiki bat zen, eta oso maitatua. Egun azoka maitatua ere bada, baina baita azoka komertziala ere, eskolei zuzendutakoa, kolore anitzetako familientzako… Jakina, 44 urte hauek ez dira alferrik joan. Produkzioak gora egin du, kalitateak ere bai… baina azken urteetan ahalegin berezia egin dugu modernizazioan, forma berriak ikertzen.

Gomendiorik bisitarientzat?
Aurten, bereziki, japoniar irakasle bat etorriko da gure Azokara, zer gomendatu? Eraikuntza bera, nobedadeen bitrina, baina, batez ere, giroa, liburu eta diskoen ugaritasuna, Durango herria eta ingurunea. Sentimendu hori bizitzera animatuko nuke.

Durangaldeak zer ematen dio Azokari? Eta zer jaso du?
Kokapen espezifiko bat, erdigunean. Nire geografo senak esaten dit, baina frogatuta dago Durangaldeak kokapen itzela duela Euskal Herrian. Paisaiak, inguruak, herri izaerak, distantziak… izugarri laguntzen diote Azokari. Beste leku batean, beste gauza bat izango litzateke. Durangaldea eta Durango bera aldatu egiten da Azokarekin batera. Bizimodua bera aldatu egiten da.

Zer amets du Gerediaga Elkarteko lehendakariak?
Ametsak asko. Baina nagusia, adin guztietako jendea nahasian ikustea. Bakoitza bere kabuz, iniziatiba propioz, sentsibilitate berezi horrekin… Durangoko Azokara pozik etorriko den jendea batzea. Ziur nago horrek Azokari mesede egingo diola.

44. SEGUNDOTAN

Ordenagailuko pantailan duzun irudia.
Orozketatik ateratako neguko argazki bat.
Laneko mahai gainean ez da falta.
Telefonoa.
Azken urteetako argazki bat.
Iazko kartelaren aurrean 4 emakume.
Gerediagak emandako azken oparia.
Euskal Herriko Ardi-txakurren Saridunari Gerediagak jasotako azken oparia.
Bilboko  La Ria del Ocio aldizkariak emandakoa, euskal kultura mundura zabaltzearren, 2007an
Eskuartean duzuen proiektua.
Merinoaren ibilbidea. Durangaldeko historian izandako eraikuntza eta erakunde  esanguratsuenetan zeharreko ibilbidea. Goiuriatik Elorriora.

Durangaldeari buruz gehiago jakiteko: www.anboto.org

44. Euskal Liburu eta Disko Azoka, ANBOTO astekaria, Gerediaga elkartea, Nerea Mugika
Joseba Derteano

Abadiñon (Matiena auzoan) jaio nintzen 1981ean. Kazetaria

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude