Kobratu ala ez kobratu, hor dago koska

 

cc james jhs
cc james jhs

Ordainketaren eredua, kasik komunikabide guztiek duela hainbat urte baztertu zuten. Sarera salto egin zutenean, gehienek kuota bat ordainduarazten zuten edukiak irakurri ahal izateko. Baina laster batean, edukiak doan eskaintzen hasi ziren webguneak agertzen hasi ziren eta eredua erabat aldatu zen. Egun espezializatutako informazioa eskaintzen dutenek soilik mantendu ahal izan dute ordainketaren eredua.

Debaldeko eredua publizitateari esker soilik mantendu ahal da. Baina sareko publizitateak ez du paperekoak adina dirusarrera ematen. Eta komunikabideek zailtasunak dituzte. Soitu-ren itxiera izan da zailtasun horien azken adibide.

Eztabaida horren erdian Robert Murdoch-ek iraganeko ordainketa sistemara itzulera iragarri du. Eta horrek, besteak beste, Fox News, 20th Century Fox, MySpace, The Times, The Sun edota Wall Street Journal ordainekoak izango direla esan nahi du. Are gehiago, Murdoch lanean hasi da eta interneteko komunikabideen eredua goitik behera eraldatzea erabaki du: Beste editore batzuk konbentzitu nahian dabil. The New York Times-en jabeari zalantza behinik behin sortu dio, kobratu edo ez, barne-eztabaidan baitabiltza. Baina The Guardianek, adibidez, doakotasunaren bidean jarraituko duela azaldu du argi eta garbi.

Komunikabide handi guztiek ordainekoak bilakatzen badira sarean egoera aldatu egingo da, zalantzarik gabe. Gainera, doako zerbitzua eskaintzen dutenen aurka lehiatzeko asmoa duela dio Murdoch-ek. Eta gakoa, informazioaren kalitatean omen. Kalitatea ez baita merkea News Corporation-eko presidentearen hitzetan.

Baina Murdoch-ek zailtasunak ditu. Bere eredu berriak funtzionatuko badu, erabiltzaileak doako informazio gabe uzten baditu izango da. Hau da, zenbat eta komunikabide gehiago konbentzitu, erabiltzaileak alternatiba gutxiago izango ditu, eta beraz, ordaintzea beste aukerarik ez du izango. Lehiakideak konbentzitu behar horretarako.

Erabiltzaileak kalitatea zenbat baloratzen duen ere ikusteko dago. Eta ez ote duen doakotasuna gehiago estimatuko, zalantza dago. Publizitatearen inbertsioaren norabidea ere ikusi beharko da, erabiltzaile gehien dagoen lekuetara joko baitu.

Kobratu edo ez kobratu, hor dago koska.

News Corporation, Robert Murdoch
Eli Epelde

Kazetaria

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude