Txapela erantzita
Txapela erantzita –
Bota txiki batzuk Aralar gipuzkoarreko aterpearen sarreran. Laster azaldu zen bota parearen jabea: sei bat urteko mutiko bixi bat, sinpatikoa eta hiztuna. Izena? Jokin. Abizena? Altuna. 2002ko abuztuan izan zen topaketa hori, irratiak Txillida eskultorea hil zela zioen egunetan.
Gaurko BERRIAn, ez dago Jokin Altunaren arrastorik argazkietan. Haren ordez, Erik Jaka ageri da, begiak biharamun tanta batekin, paisanoz jantzita, sudadera gorrizta soinean, ezkerreko eskuan kopa eta eskuinekoan txapela. Esanguratsua da argazkia, baina areago Julen Etxeberriak egin dion elkarrizketa. Jakaren lehen hitzak: “Airean igerian nengoen Urrutikoetxeari irabazitakoan, eta zeruan Elezkano irabazitakoan. Beraz, pentsa nola nagoen orain”.
Altunak eta Jakak elkarrekin entrenatzen dute Amezketako Huarte auzoko frontoian. Harrobi berekoak dira biak, Xalton Zabalak urtetan zuzendu duen Zazpiturri elkarteko kumeak. Joan den astean Elena Azpeitiak Euskal Telebistan egin zion elkarrizketari, bukaera borobila eman zion Xaltonek: edozein izanda ere finalaren emaitza, nahigaberik ez zuela izango, etxean geratuko zelako txapela.
Jokin Altunak negarrari eutsi ezinik egin zituen adierazpenak igande arratsaldean, bere ezina eta mina agerian. Erik Jakak Jokinen laguntza espero du abagune berri honetan; elkarrizketaren bukaeran hauxe dio: “Jokinek esan berri du lehen aldiz txapeldun izan ondoren egin zuen akatsik handiena izan zela bere buruari behar baino presio gehiago sartzea. Ziur naiz Jokinek lagunduko didala hau eramaten”. Tarteka, kirolaren munduan, txapela erantzita txalotzeko modukoak entzuten dira.
[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2020ko abenduaren 1ekoa]