Euskal eta euskarazko

Euskal eta euskarazko –

Irakasle batek kezka agertu zuen Twitterren duela zenbait egun. Hogei bat urteko ikasle talde bat zeukan, denek D ereduan ikasia, eta bakar batek ere ez omen zuen sekula entzun Eneko Aritzaren izenik, ezta ere hari buruzko deus. Eta gehitu genitzake beste hainbat adibide: ez da irakasten Euskal Herriko historia, ez geografia, ez kultura… Ongi ikasi beharko dute frantses (edo espainol) literaturari buruzko xehetasun oro, baina guztiz azaletik landuko dute euskal literatura. Twitterreko erabiltzaile batek erantzun zion ez direla nahasi behar euskal hezkuntza sistema eta euskaraz egiten den espainol hezkuntza sistema (gehitu genezake partez euskaraz egiten den frantses hezkuntza sistema).

Euskal eta euskarazko

Sistemaz ari gara, bistan da; ez sistema horretako irakasleez. Alabaina, badira Euskal Herriarekiko arduraz jokatzen duten irakasleak, eta bilatzen dituztenak zirrikituak espainol edo frantses sistema horren bazterretik Euskal Herriko historia edo geografia azaltzeko. Baina oinarrian daude Frantziako edota Espainiako Hezkuntzaren manua eta azterketaren mamua.

Horrekin agertzen dena da euskaraz egiten den guztia ez dela herri ikuspegi batekin egiten, ez dela “euskal” ikuspegi batekoa. Espainol edo frantses ikuspegi politiko-administratiboa indartu eta zabal daiteke euskaraz, ikastetxeetan bezala hedabideetan. Edo beste hainbat arlotan. Elebitasuna edota gauzak euskaraz egitea ez da beti herrigintzaren berme. Gure auzia ez da Frantzia edo Espainia (bere historia, administrazioa, kultura, propaganda…) euskaraz kontatzea. Ezta ere frantsesez edo espainolez ere eskaintzea euskaraz sortzen dena.

Zerbitzu guztiak euskaraz eskaini behar dira Euskal Herrian: euskaldunek eskubidea daukate euskaraz artatuak izateko, euskarazko arreta jasotzeko administrazioan, euskaraz egiteko erosketak, euskaraz jasotzeko informazio erabilgarri oro. Hori ere ez dugu bermatua, eta funtsezko borroka da.

Baina funtsezko borroka horrek ez digu estali behar beste bat. Euskaraz den guztiak ez du Euskal Herria egiten. Euskaraz informatzeak edo euskaraz hezteak berak ez du berez bermatzen herri ikuspegia garatzea. Alabaina, euskaraz egin daiteke kazetaritza erregionalista bat: ikuspegi nazionala garatzen ez duen hedabide batek edo mundu zabaleko eta gai orokorretako berriak ematea beharrezkotzat ikusten ez duenak (espainolez edo frantsesez eskura dauzkagulako, zergatik egin indarra euskaraz egiteko?) ez du Euskal Herria egiten, ez du zinezko euskal ikuspegiko euskaltzaletasuna. Espainia edo Frantzia eleanitz baten alde egiten du, euskaraz Espainian edo Frantzian bizi daitekeenaren ustea elikatzen du.

Euskaraz den guztiak ez du Euskal Herria egiten.
Euskaraz informatzeak
edo euskaraz hezteak berak
ez du berez bermatzen
herri ikuspegia garatzea.

Paradoxa bat da. Espainiaren eta Frantziaren postura ideologikoa zalantzan jartzen ez duen euskaltzaletasuna, itxura batean euskararen alde ari da; funtsean, ordea, euskara itotzea helburu duen sistema politiko bat iraunarazten du, eta epe luzera, euskara da galtzaile aterako. Alabaina, sistema horrek ongi zedarrituak ditu hizkuntza bakoitzaren eskubideak. Ustezko elebitasunaren eta euskarazko irakaskunza orokortuaren aitzakiak erabiltzen dituzte EAEn, euskaldunek erdaldunek bezainbat eskubide daukatela adierazteko. Espainolari ongi datorkio euskal ikuspegia beharrean espainol ikuspegia euskaraz ematen duen sistema hori, balio diolako euskararen egoeraz kezkatuak direnei leporatzeko ez daukatela kezkatzeko arrazoirik. Baina, legez, euskara “eskubidea” da eta espainola “betebeharra”. Ipar Euskal Herrian, euskara ez da eskubide izatera heltzen. Baina euskararen aldeko borroka ez da bukatzen frantsesez dagoen guztia euskarara itzultzearekin.

Eneko Bidegain

Euskal eta euskarazko
Euskal eta euskarazko

15 pentsamendu “Euskal eta euskarazko”-ri buruz

  • Hegoaldean iracasleac ez daude behartuta Espainiaren arauera gauçac contatzen.
    Lehen Hezcunçan, bederen, ez.
    Neu ia berroguei urthetan euscal maisua içan naiz iracascunça publicoan eta bethi libertate absolutoa eduqui dut erran nahi nuen guztia erraitecotz. Eta horixe eguin dut.

  • EAEn historia 2, batxillergoan ematen da. Praktikan “maria” bat bihurtu da, 3o urteetan gai berdinak eta iruzkin berdinak ematen dira. Eta hemen bai betetzen dela esaldi hori: “euskaraz egiten dela espainiar kultura”. funtsean Espainiako ezkerraren balioak trasmititzen dira. Irakasle gehienak ere halakoak dira eta.
    Lehen hezkuntzan irakasleek nahi dutena egiten dutela, batez ere gizarte zientzietakoak?…hori ere egia da. Gizarte “zientziak” emozionalismo absolutuan erori dira EAEko irakaskuntzan.

  • Benat Castorene 2020-12-10 13:46

    Artikulu honek ongi erakusten du arazoaren sakontasuna eta poltika erosoa eremaiteagatik ilusioak entretenitzen dituzten erantzukizun larria.
    Eneko Aritzaz deus ez jakitea grabea da dudarik gabe baina nahi nuke jakin, (batez ere iparraldekoak balira) zer ikasi eta atxiki duten 1789ko iraultzaz euskal herrian. Hori jakin eta ongi konprenitu gabe ezin da gaurko gure egoera ulertu.

  • Gizarte paraleloan bizi naiz. Norbaitek eman behar al dit Eneko euskaldun izatearen txartela?
    https://twitter.com/IbanZ/status/1336600048226930689?s=19

  • Eneko Bidegain 2020-12-10 16:04

    Xuru, artikulua ez da norbanakoari euskaldun izatearen txartela emateari buruz, ezta ere euskalduna izatea zer den edo zer ez den.

  • “Paradoxa bat da. Espainiaren eta Frantziaren postura ideologikoa zalantzan jartzen ez duen euskaltzaletasuna, itxura batean euskararen alde ari da; funtsean, ordea, euskara itotzea helburu duen sistema politiko bat iraunarazten du, eta epe luzera, euskara da galtzaile aterako.”

    Paradoxa bat da. Espainiaren eta Frantziaren postura ideologikoa zalantzan jartzen duen ERDALzaletasuna, itxura batean euskararen alde ari da; funtsean, ordea, euskara itotzea helburu duen sistema politiko bat iraunarazten du, eta epe motz, ertain eta luzera, euskara ari da galtzen eta euskara da galtzaile aterako.

  • Gaur egun nabarmena da irakasle askok euskal kulturaz duen ezagutza-falta.
    Nire kasua azalduko dut, herri erdaldunean ikastola daukagu eta nire ikasle garaian Euskal Herriko herri ezberdinetako irakasleak genituen, hauek eurekin euskaltzaletasuna zekarten, azken finean etxean bertan bizi izan zuten giro euskalduna. Baina denbora aurrera egin ahala, ikastolara giro horretan bizi izan ez den irakasle mota bat iritsi egin da, justu lehentxeago ikasle izandako herriko edo eskualdeko irakasleak. Haien artean denetarik aurki dezakegu, baina asko, batez ere gazteenak, “apolitikoak” dira eta haien euskara edo euskaltzaletasunarekiko atxikimendua ez da nabari. Ikastola soilik lantokia da, handik at euskara ez dute erabiltzen eta noski, bere erreferenteak ez dira euskaldunak.

    Euskal curriculuma ez izateak belaunaldi berrietan eragina izan du.

  • Eneko Bidegain 2020-12-10 19:10

    Dudarik gabe, Lox!

  • Benat Castorene 2020-12-10 19:55

    Hego, ezdakit zer pentsatzen duzun, baina eskualde euskaldun bat euskaldun mantentzea jadanik ikusten dugu zein zaila den oraiko egoera ideologiko eta politikoan.
    Orduan, errealista bagara, erdaldun zen eskualde bat piskabat haundia berreuskalduntzea ezinezkoa da. Oker ez banaiz, Odriozolak ez du besterik esaten bere liburu batean

  • Beñat, berreuskalduntzearekin euskara erabiltzeko gaztelania alde batera uztea esan nahi baduzu, ezinezkoa da. Familia askok egiten badute ere, beti egongo da gizartean nagusi den hizkuntza bat; hala ere, administrazioan, saltokietan, zerbitzuetan eta abarretan euskararen erabilera bermatu behar da, nahiz eta elkarrizketa elebidunak izan. Gaur egun ezinezkoa da, oraindik elebakarrak daudelako, baina gazteen eta haurren artean ezagutza ia unibertsala da, eta, beraz, etorkizunean ahal izan beharko litzateke.

    Arazorik handiena ikasleek ikasketak amaitu ondoren eskuratzen duten euskara maila baxua da, murgiltze prozesurik bizi izan ez dutelako. (Erasmus euskalduna beharko dugu?)

    Hirietan desberdina izan daiteke, euskaraz bizi den jende gehiago dagoelako, baina zoritxarrez ez dira komunitatean bizi eta euren indarra itsaso erdaldunean itotzen da. Herri batean zailagoa da, harreman sozialak txikiagoak direlako.

    Momentuz esperantza bakarra harreman elebidunak izatea litzateke.

  • Benat Castorene 2020-12-11 09:46

    Milesker Hego, beti serio erantzuten duzu eta.
    Gure aldeari dagokionez ez dut elebitasunean sinesten, beti desiguala eta artifiziala izanen da. Esperientziak erakusten du elebitasunean erdarak duela irabazten, errazagoa, “unibertsalagoa”…
    Linguistikoki errealista izaiteko, behar ginituzke eskualde batzu nun euskara litazatekeen hizkuntza ofizial bakarra eta frantsesa lehen hizkuntza arrotz derrigorrezkoa.
    Politikoki beste kontu bat da baina denek badakigu badakigu politikoki errazena dela “ametsetako lukaiketarik” aritzea orai bezala.
    Galduak diren eskualdeak galduak dira baina arduratu beharko ginuke bertan bizi diren zinezko euskaldunak abandanatuak izan ez daitezen. Azken finean, bada ere kibutzen soluzioa.
    Bada egiteko hautu bat ikusi nahi ez duguna. Oraindik euskara bizi den eskualdeak sanktuarizatu ala erabat deseuzkaldundu direnak berreuskaldundu.
    Ene beldurra da hautu horren aurrean paralisatua egotea eta ez lortzea ez bata eta ez bestea.

  • Beñat, nik ere ez dut sinisten elebitasunean, ez behintzat hizkuntzak espazio berean elkarrekin bizi direnean, azken finean horrek diglosia eta konfrontazio linguistikoa besterik ez du sortzen.

    Espainia eta Frantziako legeen pean ezin da euskara hizkuntza ofizial bakar gisa ezarri. Gizarte mailan zerbait egin daiteke euskaldunon komunitateari indarra emanez; aniztasun etnikoa present dauden hirietako auzo etnikoetan gertatzen den bezala, non euren ama-hizkuntzan artatzen dituzten negozioak eta zerbitzuak dauden.

    Noski, EHko hiriak ez dira Belfast eta komunitate euskalduna eta erdaldunak harremanak dituzte. Baina Amerikan dauden Chinatown modukoak ez dira eredu txarra; haiek barne-harremanak eta hein batean beharrezkoak diren kanpo-harremanak dituzte. Horrela lortu dute beraien kultura babestea.

  • Benat Castorene 2020-12-11 21:52

    Bai Suitzan bezala, hizkuntza diferenteak lurralde diferentetan, bakoitza bere lurraldean, bizi daitezke elkarrekin estatu konfederal batean. Duela berrehun urte posible izango zen beharbada baina orai EHn ez da batere kasu bera.
    Hiri handietan Chinatown bezalako auzoa irudikatzea naturala da. Baina urrundik jindako etorkin pobreek dute erabiltzen horrelako defentsa sistema, gehien bat hiri ezezagun batean lanean elkar lagundu eta sekuritatean elkar babesteko. Biziraupen kulturala ez da premia hoien ondorio bat baizik.Ez da gure kasua ere.
    Izan ere, eukaldunak barreiatuak eta eroso bizi dira erdaldunen artean eta ez lanak ezta beldurrak ez gaiituzte derrigortzen elgarretaratzera.

  • Xuru, euskal eskola publikoaz harro zaudenez besteok ez dugu erabakitzeko eskubiderik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude