Nork brodatu (behar) du Kontxako bandera?

Nork brodatu behar du Kontxako bandera? –

Datorren igandean, Donostiako uretan azken jardunaldia jokatu eta Kontxako Bandera erabakiko da, Euskal Herriko estropada denboraldiko hitzordu garrantzitsuenean.

Aurten, eta lehia alde batera utzita, bandera nork brodatu izan dugu kalapita.

Joan den asteburuan, Kontxako lehen jardunaldiarekin batera, bolo-bolo ibili zen uatxap bat, ziztu bizian zabaldu zena. Mezuak salaketa egiten zuen, azken hiru hamarkada luzez donostiar batek eskuz brodatzen zuen bandera valentziar enpresa batek brodatuko zuela-eta.

Itziar Alduntzin egiarra izan da hiru hamarkada luzez bandera brodatzearen ardura izan duena, eta Donostiako Udalaren erabaki  berriak protagonista bihurtu duena.

“Larunbatetik kezkatuta nabil, ez dakit zenbat bide ezberdinetatik iritsi baizitzaidan uatxapa niri ere”, aitortu digu telefonoz, kalapita horretan berak “ezer jakin gabe” sartu dutela-eta. “Baina egia da aurten ez dudala bandera brodatu, eta diru kontuagatik izan dela, argi eta garbi”.

Sinatu gabeko uatxapa nork idatzi duen ez dakien arren -berak ez du ezer zabaldu nahi izan-, auzokoren bat izan zitekeelako susmoa du egiarrak, “lagun-minek ez, bestela esango zidaten, baina nire inguruko ezagunen batek”. Izan ere, jakina da berak brodatu ohi duela bandera, eta hainbeste urte direnez, milaka galdera egiten ei dizkiote kalean: “Zer moduz zoaz banderarekin?, Nork irabaziko du aurten?…”.

Nork brodatu (behar) du Kontxako bandera?Alduntzinek adierazpenik ez egiteko asmoa agertu digu -hedabide ugariren deia jaso du egunotan-, baina uatxap bidez zabaldu den salaketaren inguruko kontu pare bat argitu dizkigu. “Ez da egia ekainean nik deitu behar izan nuela. Otsailean jada deitu zidaten aurten ez nuela bandera brodatuko esanez, eta nik ez nuen ezer gehiago galdetu”. Gero, donostiarrak kanpotik jakin zuen lana Valentziako enpresa batek egingo zuela 900 euroren truke, eta beraz, erabakia dirua aurreztearren hartu dela jakin izan du.

.

Hilabete pasako lana, eskuz egina

Eskuz ez ezik teknikaz ere aldatu da bandera brodatzeko era. “Nik artisau erara brodatzen dut, eskuz, hilabete pasako lana eginez”, eta aurtengo hau ordenagailuz egina dago, aste betean edo. Beraz, egiarrak ezinezkoa du azken hauen aurrekontuekin lehiatzea. “Nik 900 eurotan ezin dut egin, ia 500 gastatzen ditut-eta generoan, baina minduta nago, eta esan diet beraiei ere, ez didatelako zertxobait merketu nezakeen galdetu ere egin, ez didate aukerarik eman”.

“Nik Kontxako banderari esker lan asko egin ditut”, aipatu digu Alduntzinek, orain arte egindako lanak, Donostia inguruan batez ere, sona eman diola aitortuz. “Gaur egun gero eta gutxiago”, orain urte batzuk ordenagailu bidezko makinak brodatzen hasi zirenetik. Baina batez ere, sentimentalki eman dio min aurten enkargua ez jasotzeak. “Pena handia hartu dut, hainbeste urteren ondoren, 34 urtez brodatu baitut Kontxako bandera”. Gainera, ezer esan ez dioten arren, aurtengoaren ondotik ez du pentsatzen datorren urtekoa brodatzeko eskaria jasoko duenik.

Estropada denboraldiko oihalik estimatuena den Kontxako bandera “hain ospetsua izanik, nola kendu dirua horretatik?”, esaten diote lagunek Alduntzini, “baina dirua aurreztu beharra badute, nik ez dut ezer egiterik. Hori bai, igandean beste bandera ikusten duzunean… konparatu”, bota digu brodatzaileak, bata eta bestearen arteko kalitate eta dotoreziak zerikusirik ez duela iradokiz; “nahikoa esan dizut!”.

2012an, Kontxako bandera brodatzen hiru hamarkada betetzen zituela eta, Irutxuloko Hitzak elkarrizketa egin zion Itziar Alduntzini. Berak gizonezkoena bezala, Maria Jesus Lorenzo izan da orain arte emakumeen bandera brodatzeko ardura izan duena.

.

Antzolatzaileen aldetik, adierazpenik ez

Auziaren beste bertsioa eta aurtengo erabakia ezagutu eta ulertu nahian, Donostiako Festakera ere jo dugu, Kontxako Banderaren ardura duen erakundera. Zuzendariak “ez du ezer esateko”, ihardetsi digute bertan, bandera nork brodatu erabakitzeko orduan ohiko prozedura erabili dutela esanez; hau da, aurrekontu ezberdinak eskatu eta egokiena aukeratu -jeneralean baxuena-.

Telefonoz beti ere, aurten bandera nork brodatu eta zenbat kobratuko duen jakin nahi izan dugunean ere ez digute erantzun nahi izan, eta galdera idatziz luzatzeko eskatu digute, uzkur samar. Hogeita lau ordutara, oraindik ez dugu bueltan mezurik jaso, baina pentsatzekoa da oso lanpetuta ibiliko direla, eta tartetxo bat izan bezain pronto erantzungo digutela.

Diru publikoaren kudeaketaz eta enkargu publikoen irizpideez eztabaidatzeko aproposa izan zitekeen Kontxako banderarekin gertatua, eta lastima da antolatzaileen aldetik azalpenik eman nahi ez izana. Eneko Goiak bai, hartu du parte ika-mikan. “2018ko Kontxako bi banderak Donostiako brodatzaileek jos ditzaten eskatu diet estropadaren antolatzaileei”, adierazi zuen txio batean atzo Donostiako alkateak. Iritzia eman eta ardura ezkutatu, Udalarena ez balitz legez.¬†

Nork brodatu behar du Kontxako bandera? Nork brodatu behar du Kontxako bandera? Nork brodatu behar du Kontxako bandera?
arrauna, brodatzailea, Donostia, Donostiako estropadak, Donostiako festak, Donostiako Udala, Eneko Goia, Itziar Alduntzin, kontxa, Kontxako Bandera

Zer duzu buruan “Nork brodatu (behar) du Kontxako bandera?”-ri buruz

  • ganbaratxotik 2017-09-06 10:12

    Horrelakoa Igeldoko medikuaren agintepean gertatu izan balitz? Populismoari heldu eta egurra latz. Horiek orain mutu.
    Oraingoa zentzuzkoagoa: Kritika egin, zuzenketa eskatu eta kitto. Legealdiaren bukaeran jendeak egingo du ebaluaketa eta egingo du bere aukera. Hori da politika, bestea….?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude