Katalanak eta Euskal Herritarrak

Katalanak eta Euskal Herritarrak –

Igarle ez naizenez, ez dakit zer gertatu behar duen azkenean datorren urriaren 1ean, Katalunian egin nahi duten erreferendumarekin. Baina ekonomialari ere ez naizenez, horren inguruko iruzkinak aurrez egingo ditut eta ez, kontua nola amaitzen den ikusi eta gero. Izan ere, datorrenaz asmakizunetan jardutea adina interesatzen zait, honaino nola iritsi diren aztertzea. Zinez urrutira iritsi baitira jada, gu inoiz iritsi ez garen bezain urruti. Zergatik eta nola?

Zergatiari begiratuta, ez dut ezer berririk esaten zera badiot, hots, euskal herritarrok dugun errejimen foralaren antzeko zerbait izan balute, ez ziratekeela dauden kinkan egotera helduko. Horren ezean, espainiar zekenkeriak larregi zukutu ditu, eta hori aldatzen saiatu direnean, espainiar harrokeriak gehiegi azpiratu eta nazkatu ditu orobat. Ez du ematen itzulbiderik dagoenik honuzgero. Baina, -etorkizuna asmatzeko jolasean jarraituz-, esango nuke halaber, gerok izan bagina, errejimen foralik gabean,  Espainiak zukutu, azpiratu eta nazkatutakoak, ez ginatekeela katalanak heldu diren bezain urrun helduko. Eta hori da hain zuzen interesatzen zaidan gogoeta.

Orain arteko ibilbideari begiratuta, bi zera ageri zaizkit nabarmen: Lidergo politikoaren aitzindaritza eta gizartearen herritasuna. Lidergo politikoaren aitzindaritza diodanean ez naiz esaten ari prozesua politikariek abiatu dutenik,- jakina da gizarte zibilak bultzatu dituela hartara-, baizik eta prozesua abiatu denetik, Kataluniako lidergo politikoa beti urrats bat aurretik dabilela. Hain erraz esaten den hau ez da ordea batere sinplea. Ez da berez datorrena. Lan handia du atzean, ezkutuan. Ematen du,- eta ez dut zalantzarik horrela izango dela-, hasieratik bukaerainoko ibilbide oso bat diseinaturik dagoela, xehetasunez eta zehaztasunez, etsaiaren balizko mugimendu guztiak aurrez ikusten dituena eta horietako bakoitzari erantzuteko A, B eta C planak prestaturik dituena; mugarriak, zein, non, noiz eta nola ipini erabakita dituena. Lana eta inteligentzia tonaka pilatuz osatu dena. Indar militarrik gabe, auzia nazioarteko plazan ipinita, etsaia indargabetzea neurri handi batean lortu dutela esango nuke. Egun hauetan Europar Batasunak Poloniari gero eta gordinago bidaltzen ari zaizkion abisuak beste norbaitentzako ere badirela esango nuke. Eta behin eta berriz nazioarteak eta Europak katalanak bakarrik uzten dituela agerian erakusten badute ere, zalantzarik ez dut  nahikoa berme lortu dutela bi zeron inguruan, hots, erreferenduma indarrez eragoztea ez dutela onartuko, eta etorkizunean gehiengoak eskaturiko independentzia gauzatuko balitz, Europan integratzea berehalako kontua litzatekeela. Ezin gogora ekarri gabe etsi, hemengoarekiko erkaketa lotsa emangarria. Independentzia, antza, lau manifa egin eta Espiritu Santua bezala etorriko dela uste dutenek badute zer ikasia. Ariko al dira, apunteak hartzen!

Eta aitzindaritza honen alboan, gizartearen herritasuna. Kataluniako gizartea “herri” da gaur, Euskal Herrikoa ez bezala. Eta horren “errua”, -gorako aipaturiko haserre egoera eta lidergoaren aitzindaritzak eragin duen harrotasunaren gainetik-, hizkuntzak du. Nebrijak  duela 500 urte deskubritu zuenak indarrean jarraitzen du eta katalanek badakite. Hizkuntzak egiten du herria. Horregatik Espainiak prozesua hondatzeko Kataluniako enpresariei ekiten dienean, hauek bereganatzeko esperantzan, ez du ezer lortzen. Horregatik, mossoekin edo funtzionarioekin edo beste talde eragileren batekin antzekoa egiten saiatzen denero, ez du ezer lortzen. Katalanez bizi den herrian, espainolez datorren oro arrotz sentitzen dutelako jada. Katalanez bizi den herrian, Espainiako komunikabideen eraginak hondoa jo duelako aspaldian, Telecinco  nagusi eta eredu den nik dakidan beste nonbaiten ez bezala. Katalanez bizi den herriak, urriaren 1eko erreferendumaren inguruan zernahi gertatuta ere, Espainiarekiko zilbor hestea eten duelako  eta badoalako itzulbiderik gabe. Hemen, bitartean, aberrigintza itxuratan dihardugu, herria desegiten ari delarik. Noiz arte?

Katalanak eta Euskal Herritarrak

17 pentsamendu “Katalanak eta Euskal Herritarrak”-ri buruz

  • Ona. Egilea nor den jakin gabe, eta jakiteko ikusmiraz, leitu dut amaiera arte, buru aski argia duen norbait izan behar zuelakoan. Hortaz, ez naiz harritu Hartsuaga jaunaren egintza zela ikusitakoan. Holako buru-langile gehiago behar ditugu bazterrotan.

  • “Nebrijak duela 500 urte deskubritu zuenak indarrean jarraitzen du eta katalanek badakite. Hizkuntzak egiten du herria. ”
    Nebrijak bazekien, Katalanek badakite. unionistek ere bai… enteratu ez diren bakarrak abertzaleak (asko eta asko) dira nonbait.

  • Hemen itxurakeria. Bai, baina ez hori bakarrik. Estrategia oker bezain luze eta etsigarriak husturik utzi gaitu, kemenik gabe, imajinazioa zer den ere ez dakigula. Neur ditzagun gure ahalmen eta indarrak. Has gaitezen azpi azpitik, polítki-políki lanzan, (eta batez ere euskalgintzan)

  • Ea, ekin diezaiogun lanari, baina nondik hasi? Euskaldunon manifestu edo dekalogo batetik, abibidez?

    Hona puntu baterako proposamena:

    – Euskaldunok aldarrikatzen dugu erdarak geure egiteko edo ez egiteko eskubidea, eta hortaz inork ezingo gaitu behartu haiek ikasi eta/edo erabilitzera.

    • –Euskaldunok zin egiten dugu euskara hutsean bizitzea, maite dugun guztia euskara hutsean egitea, eta hortaz espainiarren eta frantziarren inposizioaren aurka egitea uneoro, egunean 24 ordu, astean 7 egun, urtean 365 egun.

  • Katalanek bide erdia eginda dutela onartuta ere, esandakoaren kontrako adibide bat edo batzuk: kataluniako tb kate ikusiena tele5 da tv3ekin batera, erdarazko prentsa oso boteretsua da han ere, katalanezko zinea, hutsaren hurrengoa eta abar eta abar. Gure biluztasuna ikusita, ez dezagun auzoaren behiaren errapea hain goiz adoratu!

    • Guztiz ados. Uste dut Euskal Herrian mezu polarizatuak idatzi direla. Batetik inolako etorkizunik ez duela Via Catalanak, bide instituzionala delako eta erabakitzeko eskubidean oinarritua dagoelako, eta bestetik guztiz positibistak arazoak ezkutatuz estrategia perfektua oraindik perfekuagoa egingo dutela pentsatuz.

      Akatsak akats, aurrerapen bikaina egin dute, eskura zituzten tresna guztiak erabili dituzte. Kontua da orain arteko errealismo faltak (hau da komunitate internazionalak ez diela lagunduko eta indar okupatzaileak bertan mantenduko direla) zer kalte ekarriko duen gerora…

      Eta oro har, ni han bizi bainintzen, nire esperientzia pertsonalean, bertakoek ez zuten ikusten “bizitza ere emango dugu askatzeko”, literalki mezu zabalduena zen “Espainiar gobernuaren onarpena ez badu ez du etorkizunik prozesuak”. Beldur handia zioten kolpe militar baten aurrean haien ekonomia usteltzeari, eta gauza itsusi jartzen bada inolako arazorik gabe prozesua zapuzteko arazorik ez zuten.

      Okerrak oker, babesa ematen diot prozesuari. Falta zena, guk lortu ez duguna lortu duena alboratzea…

    • T5 ikusiena TV3kin batera eta hori txarra bailitzan adierazi? Noiz esan ahal izango dugu T5 ikusiena ETB1ekin batera? T5ek beti izango du ikuslegoa. Hori ez da okerrena. Okerrena da eredutzat hartzea. Dena den, zuhaitzak eta basoarena gerta ez dakigun, honatx katalanezko medioen panorama.
      https://www.upf.edu/es/web/voluntariat-linguistic/mitjans-de-comunicacio-en-catala
      Bakoitzaren “sharea” bilatzen ez dut jardun eguraldia jada nahikoa deprimente dago eta.

  • Katalanek debaterik egin al dute gaztelera ez jakiteko eskubidearen inguruan? Deklarazio xilimunizkorik egin al dute haien hizkuntza zaletasunaren inguruan? Zer zin egin dute haiek? Nik ez diet horrelakorik ezagutzen. Hizkuntza jarri dute ardatz, baina hain zuzen ere ez aldarrikapenetan, eginetan baizik. Euskal esaerak dio, “ez aintzat hartu esaten dudana, egiten dudana baizik”. Batzuetan iruditzen zait haiek direla euskaldunak.

  • Kataluniako eta Euskal Herriko egoerak konparaezinak dira, oinarri-oinarrizkotik hasita. Han zein den haien lurraldea eta hizkuntza garbi dute. Hemen? Ez gaitezen betiko akatsean eror: Euskal Herria ez da soilik Gipuzkoako Goierri edo Nafarroako Leitzaldea. Joan gaitezen Nafarroako hegoaldera edo Arabako Errioxara edo Lapurdiko kostaldera eta hitz egin diezaiegun independentziari eta hizkuntza hautaketari buruz, ea zer gertatzen den…

    • Noski egoerak ez direla berdinak. Baina kontua da zer egin dugun batzuk eta besteok azken berrogei urteotan. Haiek ere badituzte bere Tarragona eta Lleida. Dena ez da Girona. Baina haietan ere aurrera egin dute. Guk berriz atzera, baita Goierrin ere deskuidatuz gero.

      • Hegoaldeko hegoaldean 2017-09-06 20:01

        Ezin da konparatu Tarragona edo Lleida, non jatorrizko jendea kulturalki katalanak diren, Nafar-ek aipatu dituen eskualdeekin, non euskalduntasuna (Lapurdiko kostaldea izan ezik) ikatoleekin duela 40 urte iritzi zen.

        Etorkinen hizkuntzak euskara baino gehiago entzuten diren zonaldeak ezin dira kulturalki euskaldunak izan nahiz eta ikastoleetatik sustatuta, asimilazio/folklorizazio puntu bat izan (Olentzero ospatu, euskal dantzak dantzatu…).

        • juan inazio hartsuaga 2017-09-07 10:39

          Arazoa ez dira etorkinak, edo euskara aspaldi galdu zuten eskualdeak. Arazoa da Goierrin eta Zarautzen euskara zimeltzen hasia dela, gure hizkuntza formoletan sartzeko “gutar” omen batzuk, aspaldidanik darabilten politikaren eraginez.

      • Zarauztarra 2017-09-07 10:17

        Zarautzen, Kike Amunarrizek dion bezala 15.000 biztanle baino gehiagoko munduko herri euskaldunena, euskara atzeraka doala gauza jakina da. Gazte euskaldunak kastellanora jotzen dute gero eta gehiago. Arnasguneak itotzen ta vascoak comiendo chuleta la ostia.

  • Goerrin atzera? Duda egin ezazu! Goierrin, leitzaldean, Ultzama aldean…Non ez dugu atzera egin?
    Beharbada lur azalean ginen tokietan, Iruñea, Bilbo…
    Tronpetak jotzeko tenorea aspaldian iritsi zen, baina badakizue, hil hurren dagoenaren hurbilean turutarekin SOS lau haizetara hedatzea parte txarrekoa omen. Etsaia gure miserien jakitun paratuko dugula…Bai, dirudienez, axuri otzana bezala hiltzea hobe!
    Katalunia, bitartean, aitzina, bere jokoa egiten eta gu itxurakeritan eta indarrak alperrik xahutzen
    Biba gu!

  • Aspaldian kataluniari buruz irakurritakoen arteko artikulurik onena ezbairik gabe. Eta honatx gakoa, iruzkingileetako batzuek ederki identifikatu dutena: “Kataluniako gizartea “herri” da gaur, Euskal Herrikoa ez bezala”.
    Idatzia gera dadila, politikari abertzaleek ohar daitezen prozesu edo abenturen aurretik herria egin behar dela, zapaldua dagoen herri bat ez bada egiten galdu egiten delako. Goazen bada gurea egitera berandu baino lehen, dena daukagu eta irabazteko!

  • http://canalhistoria.es/hoy-en-la-historia/referendum-en-gibraltar/
    (Ez dut esteka beste hizkuntzatan topatu).
    1967. urtean Gibraltarrek erreferendum bat egin zuen etorkizuna hautatzeko. Haren emaitza, UK jarraitzea izan zen.