Loma vs Rigo

Loma vs Rigo –

Loma vs Rigo2017ko abenduaren 9an  Vasyl Lomachenko ukraniarraren eta Guillermo Rigondeaux kubatarraren arteko profesional mailako boxeo borroka ospatu zen New Yorkeko Madison Square Garden aretoan. Norgehiagoka hau ikusteko irrikitan zegoen jende asko. Izan ere, amateur mailan munduko txapeldun eta txapeldun olinpikoak izandakoak dira biak, eta borroka oso ikusgarria izatea espero zuen jende gehienak. Hala ere, kubatarrak zazpigarren roundean borrokatzen ez jarraitzea erabaki zuen eta jendeak ez zuen hau begi onez ikusi tamalez.

Hala eta guztiz ere, “boxeozale” eta kazetari askok garrantzi gutxi eman dizkioten faktore erabakigarri batzuk baldintzatu zuten borroka hau. Baldintza nagusia pisu-kategoria izan zen. Izan ere, boxeolari kubatarra bi pisu-kategoria arinagoa da ukraniarra baino, eta ukraniarraren kategorian borrokatu ziren. Faktore honi ez zaio garrantzi handirik eman eta hau kontuan hartu gabe ukraniarrak izugarrizko jipoia eman ziola esan dute behin eta berriro komunikabideetan, egia ez izan arren inondik inora.

Rigondeauxek bere masa naturala handitu behar izan zuen borrokatu ahal izateko eta Lomachenkok ordea bere masa naturalean borrokatu zuen. Honek izugarrizko abantaila ematen dio boxeolari handiari, indartsuagoa izateaz aparte, tamainaz  ere handiagoa delako. Ondorioz, ukraniarraren kolpe bakoitzak kubatarrarengan eragin handiagoa zuen, eta honek neke handiagoa suposatu zuen boxeolari txikiarentzat. Nire ustez, pisuaren faktorea kontuan hartuta, bi borrokalari hauek alderatzea ezinezkoa da.

Alderaketak pisu-kategoria bereko borrokalarien artean egin beharko lirateke, bestela ez da bidezkoa. Dirudienez, borrokaren amaieran hau ulertu zuen bakarra Anatoly Lomachenko izan zen, ukraniarraren aita eta entrenatzailea. Izan ere, kubatarrak amore eman zuenean manager batek boxeolari ukraniarrari (bere semeari) koroa bat jarri ziola ikusi zuen momentuan burutik kendu zion berehala. Pisu-kategoria txikiagoko boxeolari bat gainditzeak ez duela errege bihurtzen argi eta garbi adieraziz.

Boxeoaren ezaugarri nagusietako bat errespetua da, eta boxeozale eta kazetari askok erabat ahaztu dute hau, kubatarrak egindako borroka lotsagarri gisa kalifikatu baitute behin eta berriro. Guillermo Rigondeaux bikaintasunaren eredu bat izan da eta izango da boxeoan. Erabateko txapelduna. Baina tira, jendeak ez du ideia zipitzik ere boxeoari buruz eta bakarrik kolpeen espektakulua hartzen dute aintzat, hau izebergaren punta izan arren.

Loma vs Rigo