Kazetaritza matxista, emakumeen kirola eta pornoa
Iñako Díaz-Guerra kazetaria da eta kirolari buruz idazten du (batez ere); lehen As eta orain El Mundo egunkarian. Neskato baten aita ere bada, eta berak ironiaz esaten duenez alaba koskortzen denerako futbola ez ezik NFL eta NBA gauez elkarrekin ikusteko plan bat egina du gainera; baina beldur da ordurako alaba nazkatuko ez ote den: “Eskertuko nizueke makillaje eta izter kontuez berba eginda nire plana zapuzten ez baduzue, bestela kirola zoragarria bada ere berri emaileak jasanezinak direla esaten bukatuko du umeak. Pornografia ere ez dela horren matxista”.
Díaz-Guerrak haserre egin ditu adierazpenok, El Mundo egunkarian atzo idatzi zuen zutabean. Lerroburuak “Las piernas de Garbiñe Muguruza” badio ere, kazetariak berak esan du, sare sozialetan, “kazetaritza matxistaz, emakumeen kirolaz eta pornoaz idatzi duela”. Oihartzun handia lortu du iritzi artikulua dela-eta:
«Berdin zaizkit Garbiñe Muguruzaren zangoak. Berezi samarra behar dut izan, hedabideetan eta sare sozialetan munduko 4. zenbakia denari buruz gehien aipatu dena da-eta. Deabruzko drive-a duela… hutz dezagun beste baterako.
(…) Ez dut jakin gura mutilagunik duten, jokatzeko makillatzen ote diren, mutilak ezagutzeko astirik izaten duten, seme-alabarik izan gura duten… baina behin eta berriro irakurtzen dut horretaz. Benetan, izan gaitezen helduagoak (…).
(…) Sentitzen dut hau esanda denen laguna izan nahi duen epel bat ematen badut, koinatu bat edo, okerrago, sozialdemokrata bat, baina hau da dagoena. Atzo Garbiñe “irtirina” zela irakurri nuen. Benetan? Horixe da pilotari sekulako zartakoak ematen dizkion eta munduko txapelketa garrantzitsuenetako bat irabazi berri duen 1,82ko emakume bati dagokion adjetiborik aproposena? Zer eransten du horrek? Tenisean zoragarri jokatzeaz gain polita dela esan edo iradoki beharra al dugu, gure gizonezkoen eremu zaharkitu honetan lekutxo bat eman diogula justifikatzeko?».
Díaz-Guerraren zutabea irakurri eta Youtubera jo dut, ez baitut sekula Muguruza jokatzen ikusi. Eta bilaketa barran Garbiñe Mugu… idazten hasi orduko, jaso dut proposamena: “Garbiñe Muguruza hot“. Hara! Hemen dugu tenislaria argazkitan. Sakea ateratzera doanean, zooma titiburuetara; ipurdira errestoetan eta iztarretara hurbilketa lurrean etzanda dagoenean. Adibide aproposa Iñakok “paternalismo casposo” deitzen duen hori iruditan jartzeko; are, kirolaz baino pornoaz mintzo garela dirudi. Benetan ere!
Oso ausartak troll feministak. Guztiz ados asierrekin, anonimotasunez artikuluak igotzea ez da onargarria:
https://twitter.com/aazpilikueta/status/653934679263965184
Guztiz ados Iñakorekin. Kirol-kazetaritzan kirolari buruz hitz egin beharko lukete. Ez daude bere fisikoaz hitz egiteko. Horrek kirolariari meritua kentzen baitio. Ez da onargarria.
Hala ere, gauza hauek salatzerakoan puritanismoan erortzeko arriskua dago.
Nik telebista piztu (kirolaz paso egiten dut) eta tenis femeninoa badago zin dagizuet beren gorputzei begira geldiunetxoa egingo dudala. Asko gustatzen baitzaizkit tenisten gorputzak. Eta hau fantasia bat da. Guztiz onargarria. Akabo bestela! Berdina gertatzen zait arraunlariekin. Kriston gorputza dute!
Nire lantokian ofizinista bat edo nire nagusia gustatzen bazaizkit, begiratua egiten diet (beti errespetuz, noski…) eta horrek ez du esan nahi haien lana baloratzen ez dudanik eta pertsona bezela tratatzen ez ditudanik. Sekulako fantasiak izan ditzaket!! Eta eskerrak…
Horregatik uste dut adibide gisa jarri duzun bideoak ez duela horretarako balio. Zergatik? Partikular batek egin duelako. Pertsona horrek dituen fantasiak besteekin konpartitu ditu. Guztiz sanoa den zerbait. Zilegi da, era berean, beste norbaitek, neska edo mutil, gizon futbolarien gorputzen bilduma-bideoa egiten badu. Zenbat neska berotzen dira futbolariak ikusiz, futbolaz ezer ere jakin gabe. Brad Piten gorputzarekin lerdea botatzeak bere interpretazioa ez baloratzea dakar?
Bide batez, zertara dator tenistek gona jantzi beharra? Mutilek praka motzez eta neskek gonaz? Normala ipurdia begiratzen badiegu, ezta? Ez al da hau federaziotik bultzatzen den gauza? Gogoan dut Volley-an antzeko gatazka bat izan zela. Kazetarien jardun okerraz gain federazio horiena ere salatu behar da. Tenistez gain emakume guztien duintasunagatik. Tenisten erakargarritasuna esplotatzen dute. Hala ere, zalantzak ditut ez ote dauden tenistak beraiek gustora. Haietako askok saltzen baitute gorputza gero modelo bero gisa. Kournikova eta abar.
Azkenean esan nahi dudana da oker dagoena salatzearekin bat, praktika sanoak eta errespetagarriak hedatu beharko liratekeela. Positibotasunez gehiago lortzen dela uste baitut.
PD: Esan beharra dago futbolarien abdominalak, eta fisikoa oro har, ere estetikoki esplotatuak direla. Adibidez, Cristianorenak. Hala ez?