Haurrak baino okerrago
Haurrak baino okerrago
Ez dakit inoiz seme-alaben edo anai-arreben kirol partiduren bat arbitratzea suertatu zaizuen. Izan neska edo izan mutil (azken honetan, akaso, gehiago), izan ona edo txarra, izan saskibaloia, eskubaloia edo futbola (azken honetan, akaso, gehiago) baina sufrikario bat izan daiteke, zalantzarik gabe. Harmailetatik zarataka ari diren gurasoak, albotik oihuka dabiltzan osabak, bukaeran kexuka azaltzen den lehengusu zaharragoa. Ez dago sinisterik!
Aspalditik egon da eztabaida, baina aste hontara arte ez nuen inoiz soluziorik aurkitu. Mikel Garciari irakurri nion Herbereetan haurrek beraiek arbitratzen dituztela euren futbol partidak, txandaka, horrela, gurasoen etengabeko errespetu faltak ekidinez.
Badirudi, funtzionatzen duela. Bi urte daramatzate dagoeneko sistema honekin KNVB Herbereetako futbol federazioan: “Joko garbia futbolean” deitu diote ekimenari. Haurrek joko-arauak ikasten dituzte aurretik, eta bitartekarien presiotik salbu, elkarrekin hartzen dituzte erabakiak. Horrek, autonomia lantzen eta futbolarekiko harreman sanoago bat eraikitzen laguntzen die.
Dena den, ez da nahikoa arbitroa aldatzea. Senideak eta gainerako ikusleak joko-zelaitik 20 metrora egon behar dute norgehiagokak dirauen bitartean, eta animatu bakarrik egin dezakete. Tristea da halako neurriak hartu beharra, baina geurean ere zerbait pentsatu beharko dugu berandu baino lehen.