Nik Ez Dut Nahitaez Liburua Nahiago (Azpitituluen Aldeko Manifestua)

Nik Ez Dut Nahitaez Liburua Nahiago (Azpitituluen Aldeko Manifestua)

Nik Ez Dut Nahitaez Liburua Nahiago (Azpitituluen Aldeko Manifestua)Niretako DVDa da mundu honetako asmakizun handienetarik, batez ere bi arrazoirengatik –gehiago badira naski, baina nik bi aipatuko nituzke–: normalean jatorrizko bertsioa ikusteko aukera ematen dute, film gehienetan azpitituluekin –geroago bueltatuko naiz horretara–; eta maiz eduki osagarriak –estrak– ekartzen dituzte: making of-a –Espainian making off gisa ezagunagoa–, film laburrak, elkarrizketak, liburuxkak batzuetan, poster txikiak… Bi diskoko edizio bereziek Pavloven zakur bihurtzen naute –pentsatze hutsarekin hasi naiz lerdea ezohiko kopuruetan ekoizten–; hiru diskoko edizioak –klasikoek merezi dituztenak: adibidez, duela urte batzuk Stuart Gordon-en Re-Animator filmari eskaini ziotena, astirik ez baitut sekulan ikusiko ez ditudan eduki osagarriz betea– nire galbidea dira.

The Green Inferno (Infernu berdea) izan da ikusi dudan hondar filma, eta DVDak elkarrizketa bat dakar Eli Roth zuzendariarekin. The Green Inferno kanibalei buruzko filma da –iruzkin bat egin diot Odolaren mintzoa blogean, inork jakin-mina balu ere–, eta omenaldia egiten die 80ko hamarkadan Italian modan –modan, tira, mintzatzeko manera bat da: kanibalismoa ez da inoiz sobera mainstream-a izan– egon ziren film batzuei. DVDko solasaldian, Rothek kontatzen du film italiar haiek ingelesez ikusten zituela gazte zelarik, eta maiz zaila egiten zitzaiola aktoreak bereiztea, film diferenteetako pertsonaia diferenteek boz berbera izaten zutelako –alegia, bikoizketa aktore batek ematen zien ahotsa hainbat pertsonaiari–, eta hori arrunt nahasgarria egiten omen zitzaion.

Gogoetak poza eman zidan, beti polita baita ikustea jendearekin esperientziak konpartitzen dituzula: uste baitut Hego Euskal Herriko gehienoi gertatu zaigula, siesta goxotik eguneroko mundu gris tristerako trantsizio fase horretan –egongelan gelditu gara lo, telebista piztua zelarik–, artean begiak hetsiak ditugularik, pentsatzea “hara!, Bruce Willisen edo Nicholas Cageren film bat ematen ari dira”, eta, hondarrekoz begiak irekitzearekin batera –filma Nicholas Cagerena zelakoan baldin bageunden, naski eginahal guziak egin ditugu berriz lokartzeko– ikustea ezetz, pelikula bertze aktore batena zela.

Nahasketa horiek gorabehera, aitortu behar da film anitzetan bikoizketak maila ona duela, bai Espainian eta bai Euskal Herrian, baina uste dut ez dela hori kontua. Kontua da zineman onartzen ditugula bertze arte batzuetan onartuko ez genituzkeen gauzak. Gorka Urbizu munduko gitarra jotzaile hoberena dela pentsatuko bagenu ere, ez genuke onartuko Rolling Stonesen disko baten euskal edizioan Keith Richardsen ordez jotzea; ez bederen Rolling Stonesen diskoa aditu nahi bagenu, eta ez bertsio bat. Orobat, ez genuke Picassoren Gernika koloreztatzea onartuko, horrela politago delakoan: telebistan, ordea, duela urte batzuk, zuri-beltzeko klasiko koloreztatuak ematen zituzten –Casablanca, konparazio baterako–, eta oraindik badira George Romeroren lehen zonbi filma edo Ed Wood mitikoaren pelikulak koloretan saltzen dituzten DVDak.

Arte gisa, zinemak oraindik badaezpadako estatusa baitu: jende ez gutiren ikuspuntutik, gehiago da denbora-pasa edo merkatu produktu hutsa, bertze deus baino; inolaz ere ez artea. Zinema artetzat joz gero, akaso baten batek galdeginen luke Mariano Ozoresen filmak ere –Goya sari bat eman baitiote– artea ote diren. Erantzuna hau izan liteke: mundu honetan ez da nik dutxan baino okerrago kantatzen duenik, baina horrek ez dio deusetan eragiten musikaren estatusari.

Nolanahi ere, zernahik prestigio handiagoa du zinemak baino. Horren erakusgarri dugu topiko nazkagarri hori, lan literarioetan oinarritutako film bat ikusitakoan norbaitek beti nahitaez botatzen duena: liburua gehiago gustatu zitzaidan –intelektual aurpegia paratu behar da hori erratearekin batera, liburua Ken Folletena izanda ere–. Alatriste edo Grayren 50 itzal: liburua gehiago gustatu zitzaidan –kontxo, filma, sikiera, laburra zen, bi orduko sufrimendua eta fuera–.

Zinemara ez gara pentsatzera joaten, ongi pasatzera baizik –noizbait norbaitek pentsamenduaren gozamena azaldu beharko luke, baina hori bertze kontu bat da–, eta, horren ondorioz, bertze topiko gogaikarri hau: zinemara ez naiz irakurtzera joaten. Alta bada, jatorrizko bertsioak ez du atzera bueltarik izaten: film edo telesail bat jatorrizko bertsioan ikusi ondotik, bertsio bikoiztua jasanezin bihurtzen da normalean.

Berriki, idazle batek Twitterren paratu zuen harrigarria dela jendeak bertsio bikoiztua nahiago izatea. Niri ez zait hain harrigarria egiten: bertsio bikoiztuak eginahal txikiagoa eskatzen dio ikusleari, eta hau, gogora dezagun, ongi pasatzera joaten da zinemara, ez gogoeta egitera –hori aspergarria baita– edo leitzera –liburua etxean irakurri baitzuen, eta badaki filma baino hobea dela, jasoagoa alegia, kulturalagoa; liburua irakurtzeko ez zukeen sekulan krispetarik erosiko, baina, erran bezala, zinemara disfrutatzera etorri da–. Ez, ez da harrigarria, ezta akaso gaitzesteko modukoa ere. Halere, aitortu behar genuke bikoizketa –gaztetzeko kremak, EAJren independentismoa edo zenbaiten zutabeak bezala– sozialki onartutako iruzurra dela: bozaren modulazioa antzezte lanaren parte den heinean, nik oraindik ez dut Quentin Tarantinoren The Hateful Eight ikusi; nik film horren irudiak ikusi eta musika aditu ditut, gehi aktore espainol batzuen ahotsak –are gehiago, aktore berak film honetako Tim Rothen pertsonaia eta Djangoko Christoph Waltzena egin dituenez, zaila egin zait biak bereiztea–.

Horregatik, arras txalogarria iduritzen zait Azpitituluak euskaraz web-gunearen lana –segur aski Luistxo Fernandezek nahiagoko luke txalo hau jo beharrean, azpititulu batzuk euskaratuko banitu, baina, tira, ezin gauza guzietara ailegatu–, eta horregatik eskertuko nuke zinema aretoetan film gehiago jatorrizko bertsioan ikusteko aukera izanen bagenu –eta ez soilik film frantsesak edo eskandinaviarrak–. Bikoizketa ongi dago haurrendako, baina nik nahiago nuke zinemara pentsatuz ongi pasatzera joaten den eta irakurtzeko gauza den heldu gisa tratatuko banindute. Bikoiztekotan, bikoitz ditzatela Mariano Ozoresen filmak ingelesera, ez baitute grazia handirik galduko.

[Euskadi Irratiko gaurko solasaldia testu honetan zegoen oinarritua]

Nik Ez Dut Nahitaez Liburua Nahiago (Azpitituluen Aldeko Manifestua)

azpitituluak, bikoizketa, dvd, jatorrizko bertsioak
Santi Leone

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut, noizbehinka twitterren ibiltzen naiz (@ororostorm)

2 pentsamendu “Nik Ez Dut Nahitaez Liburua Nahiago (Azpitituluen Aldeko Manifestua)”-ri buruz

  • Peru Dulantz 2016-02-19 09:04

    Tira, ba ni zinemara ondo pasatzera eta erlaxatzera joaten naiz, eta askoz nahiago dut ulertzen dudan hizkuntzetako batean entzutea, irakurtzen ibili ordez. Bakoitzak bere aukera izan dezala, baina beldur naiz jatorrizko bertsioek arrakasta handirik gabe jarraituko dutela.

  • Esango nuke lotura baduela estatu espainiarreko biztanleek ingelesean (eta beste hizkuntzetan) duten baldartasun orokorra, bikoizketa industria indartsuarekin. Hau da, ingelesa ez dutela ikasten inoiz entzun ere ez dutelako egiten, beti dena gazteleraz.

    Beste herrialde batzutan aldiz, jatorrizko hizkuntzan filmeak programatzea ohitura den herrialdetan ingeles maila hobea dute. Adibidez Portugal, Norbegia, Polonia, etab

    Hortaz gain, iruditzen zait munduaren ikuspegi itxiago eta estuagoa sortu behar duela, filme edo telebista saio guztiak hizkuntza berdinean ikusteak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude