Azpeitiko koliseoa
Azpeitiko koliseoa –
Duela hiru hilabete idatzi nuen gaiaren bueltan, eta azkenean duela 54 urte Berrizen gertatu zenaren antzeko zerbait gertatu da: elefantea idi lanak egiten jarri, eta idia garaile.
Norgehiagokan aritu ziren Mikel Larrañaga aizkolaria eta Alex Txikon alpinista. Apustuaren nondik norakoak udaberri hasieran zehaztu zituzte Azpeitiako taberna batean: ehun kiloko zilindroari hogei jasoaldi lehenik, aizkoran saioa ondoren (Larrañagak 12 kana-erdiko eta Txikonek 10) eta 7,5 kilometro lasterka, azkenik. Idi lanak ziren, eta azkenean lurrean amaitu zuen elefanteak, hipogluzemiak jota (odolean normala baino glukosa kopuru txikiagoa izatea). Larrañagari ere ez omen zitzaion asko falta amore emateko; Berria egunkariaren arabera, balantzaka iritsi omen zen helmugara.
Txikon gelditu omen zen une batean atseden hartzeko, eta nabaritzen omen zitzaion ez zebilela oso fin: geldialdi bat egin, eta ondoren, balantzaka jarraitu omen zuen. Apustua muturrera eraman zuten, eta gisa honetako ikuskizuna ikustera joan zirenek ikuskizuna eskatu zuten, eta Txikoni jarrai zezan oihukatu, harik eta bizkaitarra jausi zen arte. Sarean batek baino gehiagok aipatu du gaia:
Patepikoa. Berria, aizuek, "Jendez gainezka zen larunbatean Azpeitiko zezen plaza" lehen esaldia ez dator bat argazkian ageri denarekin.
— Luistxo Fernandez (@luistxo) July 3, 2017
Aber, hau gainezka egiten ari da. Ezta? EZTA? #murielmonday pic.twitter.com/zWdL7WYNTy
— Joxe Rojas (@joxe) July 3, 2017
Batzuetan gehiago estutu beharrean aurkitu arren, kirolariek urte osoa daukate beraien gaitasuna erakusteko: denboraldi bat, lehiaketa batek irauten duena edota beste edozein espazio tarte. Apustuak, ordea, tarte oso txikian dena, dena, ematekoak dira, dirua, eta berezeiki izena, jokoan jartzen direlarik.
Apustua euskal “zera” horren parte denik ezin uka, eta agian merezi du hausnarketa txiki bat: bertsolaritzak eboluzio itzela izan du azken hamarkadetan, baita dantzak ere, baina apustugintzak? Ze baloreetan oinarritzen da? Non dago ikuskizunaren eta parte hartzailearen osotasunaren arteko muga? Ze jarrera hartzen da galtzailearekin? Non amaitzen da norbere burua gailentzearen ideia, eta non hasi bestea garaitzearena?
Badakit ez dela asmoa inondik inora, baina agian, gehiago estutuz gero, Azpeitiako zezen plaza ia-ia koliseo batean bihurtuko zen: bi gladiadore hondarrean, elkarren arteko borroka epikoan, bat bizirik atera arte, publikoak oihu egiten duen bitartean.
“Azpeitiko” mesedez, AZPEITIKO, inoiz ere ez “AzpeitiAko”. Inoiz ere ez. Debekatua, “batetan” bezain debekatuan betiko. Ez egin kaurik Euskadi Irratiari, ezta Euskadi Irratiko azpeitiarrei ere. AZPEITIKO, AZPEITIKO ETA AZPEITIKO!!! Beti!