Dantza propioak izanen dituzte Iruñeko Sanferminek aurtendik goiti

Dantza propioak izanen dituzte Iruñeko Sanferminek aurtendik goiti

Duguna Iruñeko Dantzariak dantzan.eus atarian esana:

Aspaldiko asmoa genuen Sanferminetarako dantza propioak sortzearena. Kasik, Iruñeko ondare koreografikoa aberasteko lanean hasi ginenean hura izan zen gure lehen erronka. Alta, lehenago heldu ziren Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza, Sanblas eta Sanjoan bezperako soka-dantzak eta 3 Burgoen soka-dantza. Gaur, azkenik, aurkeztu ditugu Sanferminetako trokeo-dantza.

7 dantzek osatuko dute zikloa. Sarrera-irteera egiteko paseoa, makil-txikien dantza, makil-handiena, brokel eta ezpata-dantza, zinta-dantza, arku-dantza eta giza dorrea. Dantzak atontzeko garaian bertso eta herri-kantuen doinuak baliatu ditugu, eta beraz, horiek izenak eman dizkiegu dantzei ere. Holaxe:

  • Kantatzen behar det hasi: paseoa
  • Betroiarena: makila-txikien dantza
  • Iruñeko-ferietan: makil-handien dantza
  • Ama begira zazu: brokel eta ezpaten dantza
  • Arri-arri mandoko: Zinta-dantza
  • Proportzio bat: arku-dantza
  • Muga gainetik: dorrea

Doinuak hautatzen ari ginela konturatu ginen denek bazutela zerbaitxo bat komunean. Guztiak dira Nafarroa, Lapurdi eta Zuberoako mugakoak. Oraintxe okurritu zaigu mugaldeko trokeo-dantzak ere dei genitzakeela. Tira. Kontua da Jesus Ramos-ek egindako dokumentazio bilketa aberatsari esker badakigula, XVII eta XVIII. mendeetako Sanferminetara Garazitik, Donibane Lohitzunetik, Ortzaizetik… Iparraldetik musikari eta dantzari saldo politak etorri izan direla. Egun ere bai! -Baigorriko gaiteroak kasu-. Dantza hauekin Sanferminak alaitzera heldu izan diren eta heltzen diren lehenagoko eta oraingo musikari eta dantzari horiei guztiei gorazarre egin nahi diegu.

Uztailaren 7an eta 14ean dantzatu izan dugu Iruñeko udal plazan, prozesio eta zortziurrenaren ondotik. Hango eta hemengo dantzak eta azken urteotan Lizarrako Larrain-dantza. Hemendik aitzina, horiek guztiak okasio hobeagoetarako utzi eta gure trokeo-dantzak dantzatuko ditugu. Baita Sansaturnino egunez ere!

Eskertu nahi ditugu bide luze honetan lagun(tzaile) izan ditugunak: Aritz Ibañez, proiektua imaginatu eta zuzentzegatik, Argiako maisuak Juan Antonio Urbeltz buru, Oier Araolaza eta Claude Iruretagoiena, haien pazientzia eta oharrengatik, Patxi Laborda, azken hilabeteetako aholku eta proposamen ezinbestekoengatik, Julen Fagoaga eta Ihitz Iriart haien ekarpen zehatz eta egokiengatik eta Julen Leuza doinuen moldaketengatik.

Gozatuko dituzuelakoan…

Dantza propioak izanen dituzte Iruñeko Sanferminek aurtendik goiti

Argazkia: Mikel Tristan
Dantza propioak izanen dituzte Iruñeko Sanferminek aurtendik goiti
dantza, Duguna, San Ferminak
Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude