EHZ, aterpe bat

EHZ, aterpe bat

EHZ, aterpe bat

EHZren XXII. edizioa behar zuena bertan behera gelditu da joan berri dugun asteburuan, Lekorneko Garropean festibala prest zuten arren; eguraldi petralak bertaratzekoak zirenen segurtasuna bermatu ezinik utzi zuen antolakuntza.

Erabaki gogorra, nolanahi ere, hartzearekin batera kalte potoloak zekartzana. Gauzak horrela, ostiralean bertan elkartasun erauntsia deitu zuten EHZren alde, eta bai agudo erantzuna jaso ere. Larunbatean iragarri eta atzo burutu, Ipar Euskal Herriko festibalaren aldeko festa izan genuen Donostiako Bukowskin.

Deialdiak jende andana erakarri zuen eguerdiko bermut solidariora, eta aretoa txikia izanik, asko eta asko bertara sartu ezinik gelditu ziren, aldapa gorako errenkadan. Ehundik gora lagun barruan eta beste horrenbeste kanpoan zirenez, musikari bakoitzak bi txanda egin zituen, bata aterpeko oholtzan eta espaloian bestea, ezinbestez akustikoa azken hau.

Bukowski atarian, espaloian gora eta behera zebiltzanak harri eta zur begiratzen zuten bitartean, errepidea okupatzeraino metatu zen jendea (trafikoa oztopatu gabe, lasai!), EHZko kide batzuek Lekornetik ekarritako tisertak saltzen zituzten bitartean; berdeak eta granateak, Anarik soinean daramana bezalakoxeak. Mordoxka bat saldu ziren.

.

EHZren alde egitea geure burua defendatzea da

“EHZ defendatzea geure burua defendatzea da”, esan zuen Izaki Gardenak taldeko Jon Basagurenek jotzen hasi baino lehen, eta ekitaldia bera metafora bezala ulertu gura izan zuen Andoni Tolosa Morauk, EHZ ehundaka jaialdi txikitan desegin den festibala balitz bezala (edo antzeko zeozer).

Musikari bakoitzak bizpahiru kantu jo zituen, gehienetan bikotean eta nahasian. Napoka Iriako Mirenek, esaterako, Ander kidearekin jo eta gero -ostiralean dute agurra- Joseba B. Lenoir lagundu zuen, eta honek Jon Basaguren. Anarik Amoranterekin jo zuen, eta Morauk Mursegorekin. Nahia Zubeldiak taldekide Manu Matthysekin -Lumi osatzen dute-, eta Pelaxek festari bukaera eman zion Trenor DJarekin…

Ander Mujikak eskerrak eman zizkion Bukowskiri -eragozpen askori egiten die aurre zuzeneko musika eskaini ahal izateko-, proposamena jaso orduko ateak irekitzeko prest agertu izanagatik , eta ekimenaren bultzatzaile nagusietako batek, Anarik, bertaratutako guztiei. Jendearen erantzunak erakusten du, EHZko ordezkari batek azaldu zuenez, festibalak aurrera egin behar duela.

Oholtzako jardunari buruz ez dugu besterik esango -eta kantuez ezer ez-, ez bada elkartasun festa musikarien beraien ekimenez sortu zela esateko. Une latzetan ikusten ei da zerk inporta digun benetan, zeren alde egiteko prest gauden, eta atzoko elkartasun keinuari erreparatuta esan dezakegu euskal eszena bizirik eta, berea defendatuz, aurrera jotzeko gogoz dagoela.

Donostiako Bukowskik aterpea eskaini zion atzo EHZri, eta bidea ireki die gainontzeko babeslekuei ere. Orain, bi modu daude festibalaren alde egiteko; bata, irudimena erabili eta ekimen ezberdinak antolatuta; bestea, sosak emanez.

EHZ, aterpe bat

ZUZEUko erredakzio kide