Aupa Ion eta gora gu!

Aupa Ion eta gora gu! –

Aupa Ion eta gora gu!Pello Bilbaok Issoire-en irabazi zuen heranegun 10. etapa eta gaurkoan 12.a Ion Izagirrek euskaldunontzat beste gozatu itzel baten, hiru egunetan bi garaipen, izugarria Tour honetan euskaldunon presentzi eta irudia “Le Grand Départ Pays Basque du Tour de France” ahaztezin honetan. Berak eta guztiok eskuak zerura, zer eta alabak lau urte bete dituen egun berean. Bejondaizuela! Bere estiloan, hanka onak eta aldapa beherarako duen abilezia beste behin erakutsita, Mathieu van der Poel handia eta iheskide guztiei gailenduta, garaipen itzela lortu du Cofidis taldeko ormaiztegiarrak. Bingen Fernandez eta Gorka Gerrikagoitia Cofidis-eko kirol arduradun euskaldunek oihuka hartu dute helmugan une eta irudi berezi eta zirraragarri baten.

Ion Izagirre Insausti ormaiztegiarra da, 1989an jaioa, 34 urte ditu, 2009az geroztik profesionala. 2016 urtean jo zuen goia Frantziako Tourreko azken aurreko etapa irabazi zuenean, Morzinen amaitu zena. Espainiako erlojupeko txirrindularitza txapelketa ere irabazi zuen, Miguel Indurain Sari Nagusia eta Romandiako Tourrean eta Suitzako Itzulian etapa bana urte hartan. Espainiako txirrindularitza txapelketa ere irabazi zuen 2014an. 18 garaipen ditu guztira profesionaletan, giroan eta vueltan bana, eta tour-ean bigarrena du gaurkoarekin (hirutan izan da bigarren, 2018an bitan eta 2021ean). Aipatu 105 txirrindulari direla historian hiru handietan garaipenak lortu dituztenak eta olinpo honetan dagoela Ion. Familia txirrindularia dira Izagirre Insaustitarrak, aita Jose Ramon Izagirre ziklokroslari ohia du Ionek, anaia Gorka ere txirrindulari profesionala da, movistar taldean ari dena tour honetan. Jon Ander Insausti ziklokroslari mutiloarraren lehengusua ere bada. Ion Izagirre Ziklokrosean ere aritzen da, eta Euskal Herriko Txapelketa birritan irabazi du 2021ean eta 2022an.

Azpian gozatzeko bideo sorta bat. Zorionak eta Aupa Pello, Zorionak eta Aupa Ion, Zorionak eta Aupa txirrindulari euskaldun guztiei eta txirrinduzale euskaldunoi! Gora gu!

Aupa Pello!

ETBko bideo gehiago…

Aupa Ion eta gora gu!

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude