Amaitu da afera
Amaitu da afera –
Akabo. Kito. Amaitu da astebete iraun duen afera. Asier Illarramendik Reala utziko du, eta datozen bost denboraldietan Real Madrilen jokatuko du. Florentino Perez presidenteak 37 milioi euro inguru ordaindu ditu (etete klausula 30 milioi eurotakoa zuen Illarramendik), eta jokalariak 3,2 milioi euro jasoko ditu urtero. Dirutza galanta. Realak, azken unean, 1,2 milioi euro irabazteko eskaintza egin zion Mutrikuko jokalariari, baina jokalariak joan egin nahi zuen. Jagoba Arrasateren aginduetatik, Carlo Ancelottirenetara egin du salto Illarramendik.
Polemika handia piztu da Donostian kasu honekin. Illarramendik orain hiru urte egin zuen debuta lehen taldearekin, eta zituen ezaugarriengatik, denbora luzean Realeko jokalaria izango zela pentsatzen zuten askok (ni barne). Mutrikukoa, beti Realean jokatzeko ametsa zuena, euskalduna, gaztea, izaera gipuzkoar peto petoa zuena, zaleentzat kutunena… Dena zuen Realean historia egiteko. “Nire eredua Mikel Aranburu izan da beti”, “ez dut neure burua beste kamiseta batekin ikusten” eta halakoak ere sarritan esan izan ditu elkarrizketetan. Ilusioa piztu zuen. Hamar urte behar izan dituzte Zubietako langileek Realaren baloreak biltzen zituen jokalari bat osatzeko. Baina, halako batean, Real Madrilen deia jaso, eta dirudienez ez zuen zalantzarik izan. Ilusioa piztu zuen mutiko ilehoriak, baina berak bakarrik itzali du. Bere ametsa betetzeko aukera zuen, gaztetatik ezagutzen dituen jokalari askorekin Txapeldunen Liga jokatuz.
Futbol modernoak hori du. Talde apalek urteak ematen dituzte harrobiko jokalariak sortzeko, eta egun batetik bestera, Europako dirudunak etortzen dira jokalaria eramateko asmoarekin. Eta Realak hori badaki zer den. Xabi Alonsorekin ere antzeko zerbait gertatu zen, nahiz eta berarena ez zen hain etsigarria izan. Baina, begira nolakoak diren gauzak, Anoetan egon zitezkeen bi jokalariak (Alonso eta Illarramendi) Madrilen ikusiko ditugula. Orain denok diote: “Lasai, beste bat aterako duzue”. Zertarako? Lehen eskaintzan alde egiteko? Horrela eskertzen dute harrobiko lana? Ez dago munduan dirurik lan gogor hori eta Illarramendi bezalako jokalariak ordaintzeko. Mutrikuko gazte batek ez badu bere txikitako taldean jokatzeko ilusiorik, Errioxako jokalari batek edukiko al du? Frantziar batek? Ez dut uste.
Orain Zubietako atea irekita utzi du Illarramendik. Uda luzaroa izango da realzaleentzat, aurreko sasoian laugarren gelditu zen taldeak eskaintzak jasoko baititu beste jokalari batzuengatik. Erronka gogorra du Jokin Aperribai presidenteak gaurtik uda amaitu bitartean.