Faszinantea

1992an erdaraz egiten genuen lana; orain ez dago dudan… Hartu bide hori, benetan faszinantea baita. Horrela amaitu zuen Antzuolako (Gipuzkoa) Elay enpresako Anaje Narbaizak bere hitzaldia, ekainaren 28an Bai Euskarari Sarien banaketa ekitaldian.

Anaje eta Elay aitzindariak dira. Enpresa guztientzat, ereduak. Normalizazio fasera pasa dira. Euskara plana, euskara batzordea, etab. desagertu egin dira eta euskara txertatzeko prozedurak enpresa politikan integratu dira erabat. Orain piezak ongi egiten dituzte, segurtasun neurriak errespetatuz, hondakin gutxi sortuz eta euskaraz.Anaje Narbaiza

Goiko adibidean ikusi dugun bezala, espazioak euskalduntzea estrategikoa da hizkuntza batean normaltasunez bizi ahal izateko. Horregatik, berebiziko garrantzia du arlo sozioekonomikoaren espazioetan euskarari lekua egiteak. Lanean ematen dugun denboragatik edota produktu eta zerbitzuen kontsumitzaile garelako, eragina du lan munduak gure bizimoduan eta hizkuntza jardueran.

Hezkuntzaren alorrean inbertsio handia egiten ari gara Euskal Herriko gazteak euskaraz hezteko, ñabardurak ñabardura, eta lurralde bakoitzaren errealitatea ezberdina dela onartuta. Hala aukeratzen duten ikasleek euskaraz egiten dituzte ikasketak bai Unibertsitatean bai Lanbide Heziketan; lan munduan euskaraz aritzeko gaitasuna lantzen eta garatzen ari dira. Tamalez, oro har, eten egiten da lan mundura jauzi egitean. Burututako ahalegina eta inbertsioa antzu geratzen dira hein handi batean.

Baikorrak baldin bagara, lan munduak hobetzeko izugarrizko tartea duela erakusten digu. Eta Bai Euskararik eragiten jarraitzeko espazioa. Jarraitzeko diot, eragiten ari garelako, eta ez soilik maila teorikoan. Maila praktikoan, eguneroko jardunaz gain, Enpresarean bezalako egitasmoekin [www.enpresarean.org]. Bere bitartez, euskarazko produktu eta zerbitzuak erakusleiho batean jarri ditugu, Bai Euskarari Ziurtagiria duten, eta euskaraz lan egiten duten enpresei eta profesionalei protagonismoa eman nahi diegulako. Bestetik, euskaraz lan egiten duten enpresa horien arteko harreman sarea ehuntzen ari gara, besteak beste euren arteko lankidetza proiektuak bideratu nahi ditugulako.

Lankidetza proiektuak bideratu nahi ditugu euskaraz jarduten duten enpresen artean, eta lankidetza proiektuak bideratu nahi ditugu administrazio eta gainontzeko eragileekin. Konbentzituta baikaude elkarlanean emaitza hobeak lor daitezkeela. Indarrak batzeko premia dago, norabide berean bide egiteko eta arlo honetan lan egiten dugun eragileok irizpide argiak mantentzeko beharra. Ezin dugu, beraz, indarrak, jakintzak, denbora eta baliabideak alferrik galtzeko luxua onartu, norabide berean koordinatu eta zuzendu genitzakeen indarrak sakabanatuz.

Denok eragile gara, eta hor kokatu behar da Bai Euskarari Ziurtagiriak etorkizunean ere egin nahi duen ekarpena. Baina hori ez da nahikoa. Horretarako, gainera, alor sozioekonomikoan aritzen den aktore bakoitzaren zereginak ondo finkatu behar dira. Garrantzitsua da lan mundua euskalduntzeari begira zeresana duen aktore bakoitzak (administrazioak, enpresek, sindikatuek, langileek, kontsumitzaileek…) zein funtzio bete behar duen argitzea. Guztion arteko elkarlana, osagarritasuna eta laguntza beharrezkoak dira. Horrek mesede egingo dio gure hizkuntzari.

Enpresa eta pertsona asko murgilduta daude bide faszinante horretan. Bai Euskarari Ziurtagiriak ere urrats biziak egiten jarraitu nahi du, eta jarraituko du, alor honetan esku-hartze zuzena dutenekin. Erronkari erantzukizunez heldu behar diogu, euskaraz lan egin nahi dugulako, euskaraz kontsumitu nahi dugulako, euskaraz saldu eta erosi nahi dugulako. Euskaraz bizi nahi dugulako.

Rober Gutiérrez, Bai Euskarari Ziurtagiria (zuzendaria)

bai euskarari ziurtagiria, Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartea, Elay Taldea, euskara-plana, Rober Gutiérrez, urrats biziak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude