JAUZIA

JAUZIA –

JAUZIA

ISILTASUNA ETA HARRIAK

Isilik egoten jakitea da jauzia eman duen borrokalari klandestino batek ikasi behar duen leziorik funtsezkoena. Isilik egoten ez dakien militanteak, bere buruaz gain, talde osoa jartzen baitu lanjerean. Baina militante klandestinoak badaki, jauzia eman duen unetik beretik, goizago ala geroago, jausi eginen dela. Hala, isiltasuna da sasiko militantearen bide-lagun eta itzal, bere ondasun berezkoa, bere jabego pribatua. Isiltasun horretan baitatza bere iraupena.

Joseba Sarrionandia poeta eta idazle handiak behinola idatzi zuenez:

 

(…) hau da ene ondasun guzia.

Bakardade eta isiltasun

hau da ene jabego bakarra (…)

JAUZIA2011ko urriaren 20an erabaki zuen ETA erakundeak bere ekinbide armatuari behin betiko amaiera ematea. Adierazpen horrekin itzali zen euskal borroka armatu garaikidearen azken txinparta. Harrez geroztik, ugaritzen ari dira, tai gabe, ETAren historia aztertzea eta interpretatzea helburu duten lanak. Eremu politikoari doakionez ere, aro berri bat ireki da, borroka-esparru berri bat, hobeki erranik: gertatutakoaren kontakizunarena; memoriaren bataila. Gatazkan nahita ala nahi gabe parte hartu duten eragile eta gizabanako ugarik, isiltasunari desafio eginez, gertatutakoa transmititu nahi diete ondorengoei, azken hauek etorkizuna molda dezakeen memoria zati bat gorde dezaten, harri pusketa bailitzan.

Harriak ditugu, baina ez dugu herririk – idatzi zuen poetak. Harriak ditugu boltsilo zulatuetan, baina ez dugu inon eraikiko betirako etxerik. Mugetan (…) nondarrak garen (…) galdetuez gero, gure harri bustiak erakusten dizkiogu. Balirudike Euskal Herria, horren zahar-berria, horren anitza eta, halaber, horren bakana, ez dela aurrekoek utzitako memoria edo harri pusken segida besterik.

Horixe bera egitera gatoz gu ere. Borroka armatuan aritu edo honi babesa eskaini dioten zenbait istorio anonimo ekarri nahi izan ditugu memoria kolektiboaren argitara, Euskal Harri publikora. Ariketa honek, aldiz, badu berezitasunik: Istorio hauetan ageri diren protagonistak frantziar Estatuan sortuak dira eta, honenbestez, frantziar naziotasuna dute. Den-denak dira, ordea, ibilbide ezberdin baten jabe. Gu, Hansel eta Gretel baikinan, eurek utzitako harri txintxarrak batu eta zuen esku uztera gatoz.

JAUZIALan honen bitartez, beraz, Estatu frantsesean sortuak izanki, erakunde klandestinoren batean parte hartu edo honi modu batera zein bestera laguntza ematera bultzatu dituen pertsona anonimo hauen arrazoiak entzungo ditugu, beren ibilbide pertsonala estu-estuki loturik baitago klandestinitateari, hala nola hezurra azalarenari.

Gaur egun arte, pertsona hauen ibilbidea isiltasunak ezaugarritu du. Klandestinitatearen halabeharrak aginduta. Orain, ordea, beren ekarpen militantearen anonimotasunari itzala astindu eta beren bisaia agertzea deliberatu dute. Bisaia anonimo hauek baitira, borroka armatuaren ibilbide osoan, isiltasunean, beren indibidualtasuna helburu kolektibo baten menpe jarri duten hamaika aurpegi anonimoren isla, harriak harresiarenak diren bezala.

 

BISAIAK jauziaren aurpegiak” dokumentala

bisaiak

gehiago…

Jauzia (1.atala)

Dominika Mendiboure
(sartu)

Jauzia (1.atala) - Dominika Mendiboure


Jauzia (2.atala)

Erbina Zubillaga familia
(sartu)

jauzia (2.atala) - Erbina Zubillaga Familia


Jauzia (3.atala)

Bernard San Sebastian eta Philippe Lassalle Astis
(sartu)

jauzia (3.atala) - Philippe eta Bernard

 

 …

 JAUZIA

JAUZIA

1989 Bidaxune (Baxe Nafarroa) - JAUZIA