JAUZIA: Erbina Zubillaga familia (2.atala)

JAUZIA: Erbina Zubillaga familia  (2.atala)

jauzia

Egin klik menuan atal ezberdinak ikusteko

Jauzia Sar-hitzaErbina Zubillaga familiaErbina Zubillaga familia - BisaiaErbina zubillaga familia - JauziaErbina zubillaga familia - Zergatia

Erbina Zubillaga familia

“Deserriko zuloan barrena”

 

Erran ezin diren kontuak, kontatu ezin diren erranak eta erran gabe adi daitezkeen konta ahala kontu. Luzea da soka, laburra hitza. Borroka armatuaren zuloaren inguruan dantzatzea deliberatu duen familia atipiko honek isiltasunaren mozala askatu eta ahanzturaren erronkari aurre egitea deliberatu du, isiltasuna zulorik sakonenean lurperatuz, beren sekretutxoa azaleratuz.

80. hamarkada. Berun-urteak. Atxiloketak, hildakoak, torturatuak. Beldurra eta ikara. Grina eta desirak. Kaleak jendez gainezka. Eztandak nonahi. Gizarte leherketa baten garaia. Euskal rock erradikalak ere orduantxe egin zuen eztanda. Erbina Zubillaga familiaren kontakizuna entzuten duen orok, fikzioa bera dardaraziko lukeen delirium tremens izugarria biziko du, maitasunaren sua eta konbentzimenduaren garra darion kontakizunarekin. Zeren eta 80. hamarkada ahaztezin hartako Kortatu eta beste hainbat talde kuttun ikusi nahi izango zituzkeen Xabierrek, familiako seme gazteak, melomano eta bateria-jole amorratuak. Ezin, ordea. Edozein musika talde eta zaletasun indibidual ororen gainetik bere familiaren sekretutxo kolektiboa atxiki behar baitzuen. Urte luzeko sekretutxoa, hain zuzen ere.

Erbina Zubillaga familiaZer izan liteke norbera bere buruari uko eginda? Norbera izaten segituko ote luke? Norbera baino norberago, agian? Zer izanen ziratekeen Xabier eta Miren, euskaldun peto-petoak biak, jaiotzetikako erbestealdia hautsi eta euskaldun arrunt gisa bizitzea erabaki izan balute? Ez dugu sekula jakiterik izango. Erbina Zubillaga familiaIzan ere, Landetako herri galdu batean sorturik, eta beren sekretutxoari zor zioten fideltasunagatik, beren adineko beste edozein euskaldunek bizi izan zituen esperientzia eta bizipenei uko egitea deliberatu baitzuten. Erbina-Zubillaga-2Muzina beren-berena sentitzen zuten identitatea besteekin partekatzeari; ukoa bizi eta biziarazten zituenari; beren buruaren errefusa, herriaren alde egin beharreko sakrifizioa helburu.

Exilioa, deserria, erbestea… hitz errepikariak dira, hala musikan, nola literaturan. Historia ere atzerriko istorioez josita dago. Euskal Herriari, nola ez, ez zaizkio artez fikziozko edo artifizialak egiten, azken bost mendetan usu odolustu baitzaizkio zainak. Euskal Herritik 45 km-ra den Landetako Rivière herrixkan ere, naziek eraiki omen zuten tximinia abandonatu baten aldamenean den etxe zahar bezain ttipian, ezin hobeki dakite deserria zer den. Etxeko buruak, Beixti Zubillagak, begirada zorrotz eta eskuzabaltasun mugagabeko amonak, aspaldi utzi zituen atzean Alegiako mendi eta baserriak, soldaduskatik ihes Frantziara joandako anaiei laguntza ematera joatea erabakirik.

Bere hiru seme-alabek, ordea, Alegiako mendi eta baserriok umetako opor-leku gisa baino ez dituzte ezagutu. Hazi eta hezi, Frantziako Landetako herrixka galdu horretan egin baitira. Eskola frantsesean, ingurugiro frantsesean. Frantzian. Ez, haatik, frantziartasun errepublikazalean. Zeren eta, basamortuetan oasiak aurkitzearekin amesten duen bidaide egarrituaren antzera, halaxe hezi baititu Beixtik bere hiru seme-alabak, euskara hutsean eta Euskal Herriarekiko maitasun egarriaren ametsean. Amaren bularretik jaso baitute opor-leku zuten herriarekiko atxikimendu osoa.

Non bizi da euskara? Nork bizi du herria? Erbina Zubillagatarren etxean egon den bisitariak badaki nekez bizi litekeela herria euskararen gordeleku galdu horretan baino modu benetakoagoan. Benetakoak baitira Erbina Zubillagatarren eskuzabaltasuna eta abegia. Benetakoak baitira, hala haien irribarre diskretua, nola haien gomutak estaltzen dituen begirada.

Bada garaia Euskal Herriko zazpi herrialdeek beren senide ahaztua ezagut dezaten.

Bada garaia Euskal Herriak Rivière herrixkari zulo bat eskain diezaion bere memoriaren sugarretan.

(Jarraitu…)

Erbina Zubillaga familia


Egin klik menuan atal ezberdinak ikusteko

Jauzia Sar-hitzaErbina Zubillaga familiaErbina Zubillaga familia - BisaiaErbina zubillaga familia - JauziaErbina zubillaga familia - Zergatia

jauzia

1989 Bidaxune (Baxe Nafarroa) - JAUZIA