Zer da enplegu-aniztasuna? Abantailak eta desabantailak

Zer da enplegu-aniztasuna? Abantailak eta desabantailak – 

Enplegu aniztasuna edo lanbide anitzak edukitzea, noiz edo noiz entzun dugu. “Pluriempleo” esaten zaio gaztelaniaz. Baina, ba al dakigu zeintzuk diren abantaila eta desabantailak?

Enplegu-aniztasuna betidanik existitu da Euskal Herrian. Gerra zibil ondorengo urteetan, langile-klasea (clase obrera) derrigorrez lanbide bat baino gehiagotan aritzera behartua egon zen. Behar ekonomikoak bultzatuta, astean 60 ordu lan egiten ziren. Batzuetan 80. Lan txanda preziatuena gauekoa zen, pixka bat gehiago kobratzeko aukera ematen zuelako.

Garai batean, larunbata lan-egun arrunta zen. Asteburua soilik igandea zen. Sindikatuen borroka eta aldarrikapenei esker, 45 lanorduko astea lortu zen. 60 eta 70 hamarkadetan, industrializazio prozesuarekin batera, enplegu-aniztasuna mantendu zen. Garapen industrial eta ekonomikoa bizkorra zen, baina emakumeak ez ziren oraindik txertatu, modu masiboan, lan-merkatuan. Lan egiten zuten, baina etxean, kotizatu gabe eta aitortzarik gabe. Gaur egun, emakumeek etxean lan egiten jarraitu arren, lan merkatuan sartu dira. 

Gaur egun, lanbide bat baino gehiago izatea ohikoa da. Zergatik? Lan merkatua askoz ere anitzagoa eta aldarrokagoa delako. Lan mundua ezegonkorragoa edo “prekariagoa” da. Kaleratzea kontratazen duenarentzat erraz, merke eta azkarra da. Enpresak azkarrago sortu eta desagertzen dira. Produktu eta zerbitzuak, hildo berean, azkar agertu eta desagertzen dira. Produktuen modeloak ere, aitaren batean, obsoleto geratzen dira.

Adibidez, duela urte batzuk “That’s English” edo “Opening” ingelesa ikasteko akademiak barra-barra hedatzen joan ziren. Gauza bera bankuko sukurtsalekin. Oroitzen dut, CANek (Caja de Ahorros de Navarra) pilo bat sukurtsal ireki zituela (diseinu garaikide eta modernoaz gainera) zoro moduan, urte baten buruan. Fenomeno bera gertatu zen Orange, Yoigo edo Vodafone telefono-dendekin. Loraldia izan zuten eta han hemenka, perretxikoak bezala ateratzen joan ziren (asko eta asko frankiziak baino ez ziren). Baina bat-batean, hilabete gutxiren buruan, braust! Itxi egin zituzten. Bada, horren atzean, langile askoren lanak -eta aurrezkiak frankizian inbertitu bazuten- zapuztu ziren. Kasu askotan, lanaldi murritzeko eta prekario horiek zituzten gazteen lanak izan ziren pikutara joan zirenak.

Enpresak hain aldakorrak ez zirenean, industriak pisu handiagoa zuenean, lanbide batzuk bizitza osorako ziren. Gure aiton-amonen garaian, Labe Garaietan edo Firestone-n sartzen zena, jubilatu arte bertan egongo zen itxaropena zuen erabat. Gaur egun, globalizazio, kontsumismo eta kapitalismo askearen izenean, kontratu mugagabe (contrato indefinido) bat izateak esan nahi du ez dela epe zehatz baterako. Baina horrek ez du esan nahi betiko denik. Baita zera ere! Egun batetik bestera, kalean egongo zarela esan ahal dizute!

Lan bat baino gehiago edukitzea, hortaz, aterabide egokia da, lan egiteaz gain ikasten daudenentzat. Edo beste aukerarik ez dutelako, hau da, lan hobeagorik ez dutelako. Hori bai ezin dugu ahaztu desabantaila nagusia duela. Urtean zehar, hilabete bakar batean, soldata guztien batura 1.500€ baino handiago izanez gero, errenta aitorpena egitera behartuta izango zara. Eta horrek ezusteko galanta eman ahal dizu hurrengo urtean, ogasunak 2.000€ ordaindu behar diozula gutun batean esaten badizu. Izan ere, lanaldi murritzeko lanetan atxikipena (erretentzioa) %2koa izan daiteke. Enplegu bakar bat izatekotan, ordea, 22.000€ irabazten ez badituzu ere, ez zaituzte behartuko deklarazioa aurkezterao.

Hori bai, kalitatezko bizimodu bat izateko nahian, hemendik hara ibili behar bazarete, hilabete batetan 1.501€ irabaziz gero (alegia, 1.500€ eta euro bakar bat gehiago), behartuta egongo zinateke. Normala ote da hori? Bigarrenik, astero 40 ordu baino gehiago lan egitekotan, bakarrik hartuko lukete kontuan 40 ordura heldu arte, hots, kotizatzeko beste ordu guztiak  ez dituzte baloratuko. Azkenik, normalena aisialdirako denbora ez izatea da eta lagunak eta familia alde batera utzi behar izango zenituke, behintzat, denboraldi batetan.

Hori guztia aintzat izanda, nire uste apalean, norberak ikusi beharko luke egoera hau konpentzatzen dion ala ez. Desabantailak konpontzeko irtenbide gisa justuagoak izateko legeak aldatu beharko lirateke. Esate baterako, kotizatzeko orduan eta errentako deklarazioa egiteko. Horretaz gain, lanbideetan lanaldi eta soldata hobeagoak eskaeini beharko lirateke ere. Horrela, guztiok izango genuke kalitatezko bizimodua eta aisialdirako denbora. 

Eta zuk irakurle, zer deritzozu?

Zer da enplegu-aniztasuna? Abantailak eta desabantailak.

Haur Hezkuntzako irakaslea