Martin Sopite baleazale ziburutarra

Martin Sopite baleazale ziburutarra –

Aski ezaguna da euskal arrantzaleek garai zaharretatik balearen arrantzan izan duten jarduera. Badugu 670. urteko agiri bat, non agertzen den Lapurdiko arrantzaleek berrogei poto lumera (argiterian erabiltzen zen balearen olioa) Frantziako iparraldean saldu zituztela. Euskaldunak ziren Europa osoan balea ehizatzeko gai ziren bakarrak eta horrek merkatu handia ahalbidetzen zien, beraiena baitzen balearen sarraskitik ateratzen ziren produktu guztien monopolioa zutenak. Horrela izanik, Lapurdiko, Gipuzkoako eta Bizkaiko kostaldeko portuetako itsasturi gehien-gehienak horretan aritzen ziren.

Martin Sopite baleazale ziburutarraHastapenetan Bizkaiko itsasoan aritu ziren bertara erditzera hurbiltzen ziren baleak ehizatzen. Geroago, sardako balearen gibeletik, Ipar Atlantikoko uretaraino joan ziren eta Irlandako, Islandiako eta Groenlandiako bazterretan barna ibili ziren. Eta hortik Ternua eta Kanadako ertzetara. Noiz gertatu zen hori? Badirudi Kristobal Colon Ameriketara iritsi baino ainitzez lehenago euskal arrantzaleak Ipar Amerikako itsasoetan zebiltzala balearen atzetik, eta hango itsas bideak eta lurraldeak sekretuan mantendu zituztela Europako gainerako arrantzaleak bertara ez zitezen joan. Hainbat ikerlarik diotenez, 1375ean iritsi omen ziren gure arrantzaleak Ternuako kostaldeetara. Beste batzuek defendatzen dutenez, 1412an iritsi ziren Ternuako kostaldeetara Baiona aldeko baleazaleak. Bada teoria bat erraiten duena euskaldun piratak izan zirela XV. mendean bikingoek Groenlandian zituzten azken koloniak suntsitu eta sarraskitu zituztenak. Zoritxarrez, gaur ezin dugu deus ziurtatu, ez baitugu inolako agiririk edota arrastorik topatu.

Aipatu beharra daukagu, 1559an Martin Oihartzabal itsasturi ziburutarrak “Les voyages aventureux du Capitaine Martin de Hoyarsabal, habitant du Çubiburu” izeneko liburua plazaratu zuela, eta aipatu liburuan Ternuako hainbat datu eta kokaleku aipatu zituela. Zenbait urte berantago, hau da, 1677an, Piarres Etxeberri ziburutarrak liburu hau lapurterara itzuli eta “Itsasoko nabigazionekoa” izenaz plazaratu zuen Baionako Fauvet inprimategiaren bidez.

Aipatu beharra daukagu, 1559an Martin Oihartzabal itsasturi ziburutarrak “Les voyages aventureux du Capitaine Martin de Hoyarsabal, habitant du Çubiburu” izeneko liburua plazaratu zuela, eta aipatu liburuan Ternuako hainbat datu eta kokaleku aipatu zituela. Zenbait urte berantago, hau da, 1677an, Piarres Etxeberrik liburu hau lapurterara itzuli eta “Itsasoko nabigazionekoa” izenaz plazaratu zuen Baionako Fauvet inprimategian.

1635. urtean, beste itsasgizon ziburutar batek, Martin Sopite izenekoak, ordura arte portuetako labeetan egiten zuten sarraskia, itsasontzietan egiteko teknika asmatu zuen, eta horrek balearen olioa bertan atzemateko modua erraztu zien. Sekulako asmakuntza izan zen garai hartan. Zoritxarrez, ez dakigu gauza handirik Martin Sopite kapitainari buruz, bakar-bakarrik balearen arrantzan eta kortsario moduan aspalditik aritzen zen ziburutar familia bateko semea zela. Gaur Donibane Lohizunen bada karrika bat bere izena duena.

Martin Sopite baleazale ziburutarra

René Belanger ikerlariak Donostiako Auñamendi argitaletxearen bitartez, 1980an plazaratu zuen liburuan Martin Sopitek asmatutako teknikaz mintzo den kontakizuna dakarkigu gogora:

“Arrantzarako aro ona izan delarik, batzuetan itsasontziko txopatik zintzilik hainbat balea eramaten dituzte. Hasteko bi puska handitan zatikatzen dituzte eta gero karelako alde batera eramaten dituzte olioa eta urina kendu ahal izateko. Balea eusteko erabiltzen diren gakoak handiak eta bikoitzak dira, eta horien bidez alde batera eta bestera biratu daitezke sarraskia egiten den neurrian. Sarraskia egiten duten arpoilariak larruz jantzita egoten dira eta iltze handiak dituzten oskiak janzten dituzte ez lerratzeko jardun horretan ari diren bitartean. Hasieran eta ganibeta handi batez, begi aldeko zati handia kentzen diote baleari. Zati honi estaldura deitzen diote, eta hauxe da gantza gehien duen zatia. Balearen luzera osoan kentzen dute, eta balea handia bada ontzi zolatik masta handiaren puntaraino iristen da.

Euskal Herritik abiatu aitzinetik, euskal marinelek itsasontziak zamatzen dituzte urez betetako upel handiekin. Hauek itxi-itxirik eramaten dituzte Ternuaraino eta hango itsasoetan direlarik, sarraskia egitean, ura balearen lumeraz ordezkatzen dute. Buztina eta teilak ere kopuru handian eramaten dituzte, eta horiekin ontziko bigarren zubian labea egiten dute eta bertan pertza handia ezartzen dute. Bi zubien artean labea estekatzen dute finko, iltze handiz ongi jositako oholen bitartez, uhinek edota ontziaren mugimendu bortitzek ez dezaten iraul. Pertzaren ondoan urina edo gantza xehatzeko makina jartzen dute eta beste aldean konpresore bat. Erdialdean bada ur freskoz beteriko eltze handia eta bertara joaten da urtutako gantza. Hor flotatzen egoten da eta konpresorearen indarraz hodi moduko batetik ateratzen da eta bi zubien artean ezarri dituzten metalezko ontzietara pasatzen da. Hor egoten da hoztu bitartez, eta ondoren upeletara pasatzen dute.

Eltze handian duten ura berotzen delarik, zulo batetik hustu egiten dute eta, berriz ere, ur freskoaz ordezkatzen dute. Gantza egostean gelditu diren kondarrak erregai gisa erabiltzen dituzte bigarren egosterako, eta horrela, behin eta berriz, kondar horiek surtara botata sekulako sugarrak sortarazten baitituzte, eta horrela ikatz eta egur gutti behar izaten dute”

Agur eta ohore euskal baleazaleei, beraiek gure historiaren liburuan luzaz idatzi baitute euskaldunok izan dugun epopeiarik handiena.

Martin Sopite baleazale ziburutarra

Euskaltzalea eta irakasle-ohia