Ordenagailua aukeratzeko eta erosteko gida. Aholku freskuak!

Eramangarri bat erosteko orduan kontuan eduki  – 

Ordenagailu eramangarri edo portatila erostea ez da eginkizun erraza. Hamarnaka marka, ehundaka modelo, milaka konfigurazio… merkatua gainezka dago. Zer da SSD? Zer da FreeDos? Zein da txartel grafiko onena? Erabiltzaile gehienok galduta gaude datu tekniko nahasmahas honetan. Deabruki gainezka ezaugarriz. Nazkatuta eta galduta, topatzen dugun lehen ordenagailua hautatzen dugu. Baina… lasai! Kontuan hartu hemengo aholkuak, lagungarriak dira eta! Tunel bukaeran argia badagoela frogatuko dizute.

2020 pandemia urtea da. Inoiz baino gehiago ari gara ordenagailua erabiltzen. Konturatu gara gurea pixka bat zaharkitua dabilela. 7 urtetik aurrerako ordenagailua baduzu, nabarituko duzu. Ez du lehen bezala nabigatzen eta aplikazioak ez ditu lehen bezain azkar irekitzen. Arnasa hartzea neketsua suertatzen zaio. Bizirauten saiatzen da, baina geu bezala, badaki noiz edo noiz hilko dela. Erretiro duina merezi du, baina ordezkoa behar dugu, gazte eta erakargarria. Potentzia eta sentsualitatea nahi dugu.

Gazte? Erakargarri? “Ixo, diru piloa izango da hori ta!” pentsatuko duzu. Dirutza hori ez duzu eta ez duzu gastatu nahi, badakit. Horregatik, pauta eta aholku zorrotzenak emango dizkizut, portatil egokiena hauta dezazun dirutza xahutu gabe.

Gutxieneko konfigurazioa.

Prozesadorea

Prozesadorea, edo hobe esanda mikroprozesadorea. Gailu ñimiño hau programa eta aplikazioak exekutatzeaz arduratzen da. Uler dezagun… mikroprozesadorea zenbat eta hobea izan, jariotasun hobea lortuko duzu. Autoaren motorraren zentimetro kubikoen edo potentziaren modukoa da. Mikorprozesadore nagusiak Intel eta AMD dira. Gaur egun, Intel i5-eko 7. belaunaldikoa gutxienez gomendagarriena da. Horrela denbora aurreztuko duzu ekipoa piztu eta itzaltzean, hala nola, programa ezberdinak irekitzean.

Merkatuan, 2020an, topatuko dituzun INTEL prozesadore ohikoenak: i3, i5, i7

(i7 gomendagarria da diseinu grafikoa, bideoen edizioa edo bideojokoetarako)

Gutxi gora behera prezio tartea honakoa da:

  •  i3: 300-400€
  •  i5: 400-700€
  • i7: 700€tik gora.

RAM memoria

Mikroprozesadorearekin batera, RAM memoria ezinbestekoa da zure ordenagailua ziztu bizian aritzeko. Behar duzu informazioa tarte baterako biltegiratzen du. Nolabait, aldi baterako disko gogorra da. Hori bai, ordenagailua itzaltzean RAMek ez du ezer gordetzen. RAM memoria zenbat eta handiago, are azkarrago.

Gomendagarriena 8GBeko RAM memoria da. Prozesadorearen araberakoa jartzen dute fabrikatzaileek. Konbinazioak egin daitezke, baina ideiarik ez baduzu, Intel prozesadorearen erreferentzia hartzea gomendatzen dugu. Esan bezala, gaur egun, i5etik aurrerakoa+8GB RAM.

Disko Gogorra

Gauzak argi eta txokolatea lodi. Ez dago dudarik. SSD bat nahi dugu! SSDak izugarri gustatzen zaizkigu. SSDak maitatzen ditugu.

Aukera ezazu SSD eta ez HDD. Fidatu nitaz! 2 pertsonentzat 40 metro karratuko etxea eskaz geratzen da, ezta? Ba, hartu 80m2koa! 256Gb-ko memoriarekin nahiko duzu. Eta aurrerago etxea txiki geratzen bazaizu (milaka filma gordetzen dituzulako), ba hartu trasteleku bat… edo ordenagailuetara joanez, hartu kanpoko memoria edo “disco externo” horietako bat!

Pantailak

Pantailen neurria euren diagonalen araberakoak dira. Hazberatan neurtzen dira, hau da, inch edo pulgadatan. Zergatik? Ba, informatika munduan ingelesa eta bere neurriak nagusi direlako. Portatiletan 10,1ean hasten dira eta topea 18,4 hazberatan dago. Estandarizatuenak 15,6” dira. Hauek dira merkatuan gehien topatuko dituzunak. Txikienak “notebook” deitzen dira. Soilik asko bidaiatzen baduzu dira gomendagarriak. Hegazkin, autobus edo trenetan erabiltzeko, maletan toki handirik ez hartzeko… Baina lanerako motz geratzen dira. Gainera, ez dute teklatu hedaturik, hots, eskumako zenbakidun aldea. Askoz azkarrago eta erosogoa da zenbakiak idazteko. Erabilgarria suertatzen bazaizu, aukeratu teklatu hedatua!

Laburbilduz, erabiltzaile arrunta bazara, ezaugarri hauek dira gomendagarrienak:

  • i5 prozesadorea
  • 8Gb-eko RAM memoria
  • SSD diskoa, 256 GB
  • 15.6 hazberatako (pulgadatako) pantaila.

 

Eramangarri bat erosteko orduan kontuan eduki behar ditugun beste gauza batzuk

Sistema operatiboa, bai ala ez?

Eramangarri bat erosteko orduan kontuan eduki behar ditugun gauza batzuk

Galdera ona, bai horixe! Badaude galdera inoxenteagorekin hasitako gerrak.

Baina EZ, sistema operatiboa ez da doakoa. Erosi duzun portatila dagoeneko badakar Sistema Operatibo hori, zuk zeuk ordaindu duzulako. Ekoizleak ez dizu oparitu. Denda gehienetan ez digute galdetzen ze sistema eragile nahi dugun. Windows edo MacOS ia ordenagailu guztietan aurreinstalatua dago. Eta ez da batere merkea. Sistema hori gabe erosiz gero, 80 edo 120€ aurrez zenezake.

Hori bai, gutxieneko trebetasuna edo ezagutza behar duzu, doako sistema alternatiboa ezartzeko eta erabilzeko. Alternatiba horiek Linux edo FreeDos dute izena.

Windows10 eta Linux euskaraz erabiltzeko aukera handia dago. MacOS ez, ordea. FreeDos ez nago ziur, nik dakidala, ez behintzat.

CD-DVD erreproduktoreaz hornitua edo hornitu gabea?

Gainbeheran dagoen elementua da CD eta DVDa. Gaur egun, nahi izanda ere, portatil gehienek ez dakarte diska hauek erreproduzitzeko atalik. Tablet-ek edo mugikorrek ez duten bezala, portatilen joera da ez edukitzea. Nahiko bagenu, kostatuko litzaiguke topatzea, beraz, dorreetako ordenagailura jo beharko genuke. Gaur egun, ia dena interneten dago. Eta diskoa topatu eta abian jartzeko baino denbora gutxiago beharko duzu interneten bilatuta. Musika diska zahar horiek badituzu eta erreproduzitzeko beste modurik ez baduzu, agian, interesatuko zaizu portatilak eduki dezala. Osterantzean, ez du merezi.

Kontuan izan, gaur egun, gehienek ez dakartela!

Eta zer gertatzen da txartel grafikoarekin?

Bideo-jokoetan jolastea gustatzen bazaizu eta primeran pasatzen baduzu zonbiak hiltzen edo Fortniten bizirauten saiatzen, portatil hauek ez dizute balioko. Zalantzarik gabe, hobe duzu eramangarri espezifikoago bat aukeratzea, horrelako programak erabiltzeko baldintzak egokiak dituena. Hori bai, 1.000€ inguruan ibiliko dira. Merkeago nahi baduzu, jo dorreetara.

Garrantzitsua al da bateria?

Bai, noski! Bateria oinarrizkoa da portatilean! Bestela, tresnarekin ezaugarririk garrantzitsuena galduko dugu: ERAMANGARRITASUNA. Gaur egungoak nahiko efizienteak dira, baina ez kezkatu, fabrikatzaileak dagokiona instalatuko du eta!

Eramangarri bat erosteko orduan kontuan eduki behar ditugun gauza batzuk

Eta pisua?

Portatila leku guztietara eramaten baduzu, pisua oinarrizko ezaugarria da hautaketa-prozesuan. Hori gutxi izango balitz bezala, zure sorbaldak eskertuko dizu pisu gutxi jartzea. Ez da berdina bi kiloko pisua daukan ordenagailua eramatea, bost edo sei kilokoa daukana eramatea, potentzia handikoa bada ere. Gaur egungoek, bateria arinei esker, bizpairu kilokoak dira, beraz, ez dago diferentzia handirik.

Eta MARKA? Zein fabrikatzaile marka aukeratu?

Lenovo, Acer, HP, Toshiba, Asus… (MacIntosh-ak beste mundu bat da, beste atal batean lantzekoa). Esan dezakegu marka ez dela erabakiorra. Aipatu bezala, ezaugarri teknikoak “motorea” askoz erabakiorragoa da. Denetarik entzun dezakezu marken inguruan… badakizu… zenbat buru, hainbat aburu! Lenovo onena da, Acer kaka hutsa… Denetarik. Esan bezala, ezin dugu irizpide bat ezarri.

NON erosi zure ordenagailua?

Aukeran eta ez bazara oso aditua, denda fisiko batean bada hobeto. Normalean ez dute arazorik ematen, baina beti lagunduko dizute hobeto. Gainera, Euskal Herriko saltzaileen alde egin behar duzu. Prezioak nahiko antzekoak dira PC Box, Eroski, MediaMarkt, FNAC edo denda txikietan (tira, ElCorteIngles bereziki garestia da, “tecnoprecios” eta “semana fantastica” kanpaina horiek etengabe iragartzen badituzte ere-”semana” hori badirudi urte osoa irauten duela). Denek dakite interneten prezioak alderatzen ditugula. Beraz, ahal baduzu, aukeratu saltzaile euskalduna! Arreta ematen dutenak gazteak izaten dira, 35 urtetik beherakoak eta euskaraz ziurrenik egingo dizute. Orain, behar dituzun ezaugarri teknikoak ezagutzen dituzu, beraz, seguruago joan zaitezke dendara!

Eramangarri bat erosteko orduan kontuan eduki behar ditugun gauza batzuk

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude