Xabi (Enkore): “Berri Txarrak-en «Libre» diska entzuteak eragin handia izan zuen nigan”

Xabi (Enkore): “Berri Txarrak-en «Libre» diska entzuteak eragin handia izan zuen nigan” –

MTV sariak izan zirenetik gauza bat pentsatzen egon naiz. Gogoeta honek pena handia eragiten dit. Euskal Herriko herritarrok oso zorionekoak gara hemen bertan  sortutako musika talde ikaragarriak ditugulako baina ez ditugu balioesten merezi duten moduan. Hemen sortu diren hainbat musika taldek eta euskaraz abesten dutenak irrati-kanal komertzial eta famatuenetan egunero agertzen diren talde batzuk baino hobeak dira, baina merezi duten ikusgarritasuna ematen ez dietenez, ez dira inoiz izango hain ospetsuak. Ziur nago hemengo herritar askok ez dutela ezagutzen ezta Euskal Herriko bost musika talde, baina egon badaude, eta bost baino askoz gehiago. Baina, zenbat talde edo abeslari ezagutzen ditugu hemengoak ez direnak? Asko, asko… Nahiz eta gure gustukoak ez izan, haiei buruz badakigu. Gainera, hemen eratutako taldeetan pentsatzen dugunean Esne Beltza-n, Huntza-n, Berri Txarrak-en, pentsatzen dugu… beti talde berdinetan.

Xabi (Enkore): “Berri Txarrak-en «Libre» diska entzuteak eragin handia izan zuen nigan"Horietako bat aurkeztuko dut. Enkore deiturikoa, 2009an, Bilbon sortutako taldea da, Errekalde auzoan zehazki. 10 urte hauetan ibilbide ikaragarria izan dute, denbora tarte honetan zehar euskal eta europar mailan oso ezagunak diren hainbat eszenatokitan agertu dira: BBK Live, Ciudad de la Cultura Xixón, Fábrica Emídio da Silva Raposo…  Orain arte 100 kontzertu baino gehiago eta 4 bira egin dituzte. Beraz, hain denbora gutxitan hainbeste kontzertu egin badituzte talentu handia dutelako da.  

Esan genezake bere estilo rock-pop dela eta ukitu komertziala duela. Baina ez du erabateko musika komertzialaren bideak jorratzen. Euskarari heltzen dio lotsa barik eta bere bideo klipak euskal herrian grabatuak daude, modu nahiko profesionalean. Talde hau lau mutilek osatzen dute; Xabi (abeslaria), Urtzi Iza (gitarralaria), Aitor Gallastegi (baxua) eta Alvaro Olaetxea (bateria). Sortu zirenean bateria Ekaitz Portillok jotzen zuen, 2012.urtera arte.

.

Bideo batzuk:

Atzekoz aurrera doan istoria, airea izatea aldarrikatuz.

.

Gure ereserkia. Agian kañeroena eta aldarrikatzaileena.

.

Zea May-eko Aiora Renteriaren kolaborazioaz egindakoa.

.

Zuzeu-n agertutako beste elkarrizketa interesgarriei jarraituz, nik ere elkarrizketa egitea pentsatu nuen. Eurekin harremanetan jarri eta abeslari nagusiarekin bildu naiz, bere musika, ibilbide eta taldekideen inguruko gorabeherak konta diezazkidan.  

Aupa Xabi. Lehenik eta behin, mila esker niri harrera egiteko eman didazun aukeragatik.

Hasteko, azaldu zenezake nondik atera zen musika talde hau sortzeko ideia eta zergatik jarri zenioten “Enkore” izena? Frantsesez “encore”, “beste bat” edo “beste bat gehiago” bezala ulertzen da. Badu zerikusirik?

Aitor eta biok lagunak gara txikitatik, elkarrekin joan izan gara klasera 3 urte genituenetik, eta institutu garaian bakoitzak bere taldea eduki zuen. Garai horretan Urtzi ezagutu genuen, Bilboko beste rock talde nerabe batean jotzen zuen berak. Unibertsitatera salto egin genuenean okurritu zitzaigun elkartzea eta euskaraz abestiak egitea, Bilbo inguruan gure gustuko musika euskaldunaren falta sumatzen baikenuen, baita honen beharra ere.

ENKORE berbak erreferentzia egiten dio kontzertuetako “Bis”ei, momentu berezia izan ohi da artistak eszenatokia utzi eta publikoak “beste bat” eskatzen dionean.

Zaila da musika talde bat aurrera ateratzea? Eta, uste duzu, euskaraz abesteagatik zailtasun gehiago aurkitu dituzuela edo, kontraz, errazagoa da arrakastatsua izatea euskaraz abesten?

Oso zaila dela esango nuke, esfortzu ikaragarria exijitzen du, erabateko konpromisoa musikarekin eta sakrifizio ugari: lagunak eta familia gutxi ikusi, bikote-harreman iraunkorra edukitzeko zailtasunak, beste lan bat izatekotan taldearen erritmoarekin bateragarria izatea…

Guri Euskarak ate asko ireki dizkigu hasieran, horren zalantza izpirik ez dago; baina egia da uste dudala ez garela izan Euskal talde txosnero prototipikoa, eta azken boladan hori da geure gazteek eskatzen dutena: letra arinak, azken hamarkadetako lelo eta gai berak, haziezko instrumentuak, betiko lau akordeak… Sentitu dugu gure musika Euskal Herritik kanpo askoz gehiago baloratu izan dela, adibidez: Erresuma Batuan, Portugalen edo Katalunian jo izan dugunean. Baina honetarako, orduan bai hizkuntza izan dela gainditu behar izan dugun muga.

Zure familia ez da jatorri euskaldunekoa, nola hurbildu zinen euskal musikara?

Aitaren partetik aitite eta amama Extremaduran jaioak dira, baina gaztetan Euskal Herrira etorri ziren eta bertokoak sentitzen dira biak. Gurasoak hemen jaio dira eta Euskaraz egiten dute. Horregatik beti egon da Euskara geure etxean… kanpoan jaiotako aititek eta amamak ere euskaraz berba eta esaerak botatzen dituzte inongo konplexu barik. Baina egia da nahiko nagusitxora arte ez ninduela erakarri Euskaraz egiten zen musika. Gero Berri Txarraken “Libre” diskoa deskubritu nuen, hainbeste gustatzen zitzaidain Rise Against taldeko abeslariak kolaboratzen zuelako, eta gauzak erabat aldatu egin ziren.

Zuek arrakasta handia duzuela kontuan hartuz… Ze aholku emango zenieke musika talde bat sortu nahi duten gazteei?

Ez nuke esango arrakasta handia eduki dugunik, beraz, arrakastarako aholkurik ezin nioke inori eman. Daukaguna ordea, gauzak ganoraz egin izan ditugun kontzientzia lasaia da, eta hori arrakasta baino garrantzitsuagoa da, nire ustez. Hau lortzeko aholku bakarra da: egin sentitzen duzuna, gorputzak momentu bakoitzean eskatzen dizuna, arrakastan pentsatu barik.

Abeslaria izatea zen zure ametsa txikitatik? Edo, surflari profesionala izan nahi zenuen? Zure instagramean argazkiak dituzu surf egiten eta post batean idatzi duzu surfeko taula batekin munduko pertsonarik zoriontsuena zarela, ez al zara munduko zoriontsuena abesten?

Txikitan surflaria izan nahi nuen; gero, institutu garaian, musikatik bizitzea bihurtu zen nire amets nagusiena, eta zaletasun biak uztartu ditut azken urteotan. Hala ere, aitortu behar dut olatuak ahaztuko nituzkela eszenatokietan bizitzearen truk, birritan pentsatu barik.

Zein musika estilo entzuten duzu zuk? Zein da zure erreferentziazko abeslaria?

Topikoa badirudi ere, denetik entzuten dut nik. Auzoan hazi eta hezi izan naiz, eta horregatik beti izan dut oso lotura handia “urban music” deituriko genero zabal horrekin. Baina rock musika asko entzuten dut, elektronika asko ere, genero akustikoak… Musika estilo bakoitzak bere erreferentziazko abeslariak ditu, baina ezingo nuke bakar bat aukeratu.

Eta… zer kontatu ahal diguzu beste taldekideei buruz? Nolakoa da zuen arteko harremana? Elkar ezagutzen zenuten taldea eratu baino lehen?

Taldekide izan aurretik lagunak dira, onerako zein txarrerako; eta beti izan da horrela, taldea sortu baino lehen elkarrekin ibiltzen ginen. Hori da Enkoreren izaeraren gakoetako bat, garrantzitsuena agian.

Zein izan da elkarrekin igaro duzuen momenturik garrantzitsuena edo zirraragarriena?

Memorian gordeko ditugun hamaika une egon dira azken 10 urteotan, baina ni biretako momentuekin geratzen naiz. Etxetik kanpo urrun bidaiatu dugunean, Erresuma Batura adibidez, izan ditugun esperientziekin. BBK Live jaialdian jo genuenekoa ere oso era alaian gogoratzen dut…

Xabi (Enkore): “Berri Txarrak-en «Libre» diska entzuteak eragin handia izan zuen nigan"

Egin dituzuen bideoen artean zein uste duzu dela txukunena geratu zaizuena? Zerk suposatzen dizue denbora eta ahalegin gehiago, bideoa edo kanta ekoizteak?

Bideoak ez ditugu guk zuzenean egiten, beraz askoz denbora gehiago ematen dugu kantuak sortzen bideoklipen errodajeetan baino. Hala ere ezin dugu ahaztu bideo baten atzean lantalde zabala dagoela eta haiek ere ordu asko sartzen dituztela bideokliparen produkzioan.

Badago bideo guztietatik bat nik “kariño” berezia diodana: Gure ereserkia. Geure koadrilako lagunak agertzen direlako, haientzat egindako kantua da.

Amaitzeko, zer dela eta Hoo abizen artistikoa?

Txiki-txikitatik daramadan ezizena da, 9-10 urte nituenean jarri zidaten, eskolan. Euskaltelen iragarki batek du errua, baina istorio luzea da eta honek hurrengo elkarrizketa baterako emango digu.

.

Eskerrik asko Xabi, bihotzez, aurrez-aurre izan dugun elkarrizketan gauza pilo ikusarazi dizkidazulako. Aitortu behar dut lehen talde hau azaletik ezagutzen nuela, baina zuen lana aztertuz konturatu naiz egiten duzuena mirestekoa dela eta euskal giroan jende mordo lanean dagoela, uste baino gehiago. Lehen aipatu bezala oso zorionekoak gara daukagun kultura eta musika hizkuntza propioa izateagatik.

Elkarrizketa hau irakurtzen dutenei gomendatuko nieke euskal musikan murgiltzea, erabat aberasgarria baita. Nik neuk, bederen, ñabardura ugari topatu ditut eta mundu bat deskubritu dut. Anima zaitezte zuek ere!

Xabi (Enkore) Xabi (Enkore) Xabi (Enkore) Xabi (Enkore) Xabi (Enkore) Xabi (Enkore) Xabi (Enkore) Xabi (Enkore)

3 pentsamendu “Xabi (Enkore): “Berri Txarrak-en «Libre» diska entzuteak eragin handia izan zuen nigan””-ri buruz