Taldea

Taldea  –

Gure amak esan zidan ondo etorriko zitzaidala, etxetik irten behar nintzela. Hasieran, nola ez, ez nion kasurik egin; berak ez zekien nire barrualdean zeuden sentimenduak guda bortitz batean ari zirela, bata besteen kontra. Azkenean, bera ez entzutearren edo jada asperraldiaz jota, etxetik irten nintzen eta nire bizitza osoan hartutako erabakirik onena izan zen.

Talde bat aurkitu nuen, ni bezalako pertsonaz osatuta. Ez genuen elkarrekin hitz egiten baina batak besteon arazoak entzun eta iritzi zein teoria zentzudun edota xelebreak ateratzen genituen. Ez ziren beti pertsona berak egoten, batzuetan gehiago, beste batzuetan gutxiago, aurpegi berriak edo betikoak, berdin zen, leku hori biziki gustuko nuen.

Egia esanda, nik normalean joaten nintzen orduan aurpegiak ezagunak egiten hasi zitzaizkidan denbora pasa orduko. Entzuten nituen arazoak batzuetan barregarriak ziren, baina beste batzuetan, aldiz, tristura handia sortzen zidaten eta besarkada bat emateko gogoa edukitzen nuen, baina ez, hori ez zuen inork egiten eta ez nintzen izango ni lehenengoa.

Besteon arazoak entzuterakoan konturatu nintzen beharbada nire arazoak ez zirela hain handiak eta Mariak nire galtza gogokoenak apurtu izanagatik ez zela mundua bukatuko. Bestalde, hasieran, amak ez zekien nora nindoan arratsaldeko bostetan edo goizeko bederatzietan adibidez, nik ere ez ez niolako esan, baina dirua behar nuen taldera joateko eta dena azaldu behar izan nion.

Ez zuen oso ondo ulertu, baina, nola ulertuko zuen ba? Bera ez zen taldekoa. Bi astetan zehar, egunero joaten nintzen eta nire amari ez zion grazia handiegirik egiten, berak ordaintzen zuen eta, baina ile kizkurra zuen emakumeari igeltseroa heldu zitzaion, zazpi edo zortzi urteko seme bat zuen gizonari emaztea utzi zion ala ez, eta nire aurrean jesarri ohi ziren bikotea Madrilera edo Valentziara joango ziren jakin behar nuen.

Jakinminaz josita bizi izan nituen bi aste horiek, inoiz edukitako zirrara eduki nuen akademiara joateko aste haietan, baina irakasgaia berreskuratu nuenean eta uda heldu zenean, ama akademiatik atera ninduen eta ez nintzen berriz metrora joan.

Taldea

Taldea