Gure (zoro)etxea [2×01]

Gure (zoro)etxea [2×01] –

Hala Bedi irratirako sortutako ipuina ZUZEUko leihora atalka ekartzeko asmoa daukat, astero bat. Hasieratik irakurri nahi baduzu jo nire erabiltzaile profilera.

Gure (zoro)etxea [2×01]

Lagun batek esan ohi du uda loaldi luze bateko amets koloretsu bat dela, non denok uste dugun altuagoak, ederragoak, hilezkorragoak, gazteagoak, beltzaranagoak garela. Harik eta iraila iristen den arte eta bere iratzargailuaren txirrin jasangaitzarekin begiak irekiarazten dizkigun.

Gogoan izango duzue, uda aurretik, hiru lagun bizi ginela gure etxe txiki honetan: Telmo, Labrit eta hirurok. Bada, orain, hemen naukazue, bakar-bakarrik sukaldeko mahaian jarrita, gosari-legea egiten eta edan berri dudan kafe-katiluaren hondoa miatzen, seinaleren bat aurkitzeko esperantzaz. Izan ere, ez diet berriro begiratu nahi hozkailuaren atean itsatsi eta mila aldiz irakurri ditudan postalei.

Beharbada gogoan izango duzue Telmok uda hasi aurreko une gozo hartan ihes egin zuela, lo hartzeko prestatzen garen une horretan. Maleta arropaz bete, eta etxeko atetik ateratzeko momentuan, hortxe bertan abandonatu zuen, denok barruan omen daramagun turista hil eta munduari beste begi batzuekin begiratzeko ahaleginean. Handik gutxira iritsi zen bere lehenengo postala, kasik telegrama bat bezain laburra: “Arazoa ez zen maleta. Stop. Begiratzea da arazoa. Stop. Turista beti dago inguruari begira, baina ez du ezer ikusten. Stop”. Eta postalaren azalean hondartza baten irudia, berdin izan zitekeena Tailandiakoa, Indonesiakoa edo Muskizekoa.

Labritek ere handik gutxira alde egin zuen. Maleta aldean hartuta joan zen bera, baina zin egin zidan gutxi begiratuko zuela, asko ikusteko. Haren postala ere iritsi zen noizbait, Telmoren estilo kriptikoarekin kutsatuta: “Jakina arazoa ez zela maleta. Stop. Entzutea da arazoa. Stop. Turista beti dago ingurua entzuten, baina ez du ezer aditzen. Stop”. Eta postalaren atzealdean elurrak estalitako paisaia menditsua, berdin izan zitekeena Anbotoko gaina, Patagonia edo Himalaya.

Baina guztietan estonagarriena atzo jasotako postala izan zen. Biek sinatuta zetorren. Etxe baten argazkia zeukan azalean, berdin izan zitekeena gure etxea edo beste edonorena. Eta mezua ohi baino laburragoa: “Itzultzea da arazoa. Stop. Turista beti itzultzen den pertsona hori baita. Stop.”

Gaur ditu udak azken orduak. Bihartik aurrera denok izango gara baxuagoak, itsusiagoak, hilkorragoak, zaharragoak, zurbilagoak. Orain esnatzeko garaia da. Ateko txirrinak esnatu nau ni lozorrotik. Ematen du behin turista izan denak turista bat daramala betiko bere barnean.

Gure (zoro)etxea [2×01]

Idazlea eta itzultzailea