Sendagaiak. Lagunak? Etsaiak?

Sendagaiak. Lagunak? Etsaiak? –

Jarraian jorratuko dudan gaia interesgarria da oso. Ni ez nago honetan jantzia, baina saiatuko naiz ikuspegi zuzenena ematen. Jakingo duzuenez, azkenengo hilabeteetan, Covid19 birusa heldu da gurera. Gauzak horrela izanik, gizartean beldurra eta ezinegona zabaldu da. Horregatik, ezinbestekoa deritzot, sendagaien gehiegizko kontsumoaren inguruan hausnartzeari. Izan ere, 2017an, deigarria den estatistika bat argitaratu zen. Bertan, agerian geratu zen, Espainiar Estatuan, herritar bakoitzak 31,20 euro gastatzen zituela errezetarik gabeko sendagaiak erosten. Hau da, medikuarenera joan baino, jendeak arriskutsua den praktika bat normaltzat jo duela; automedikazioa hain zuzen ere.

Sendagaiak. Lagunak? Etsaiak?

Lehenengo eta behin, ezin da ukatu, sendagaien iraultzan bizi garela. Horregatik, txertoek eta XX. mendeko sendagaiek, antzinako izurriteak menderatzeaz gain, jendearen osasuna egokia izatea eta bizi-itxaropena handitzea lortu dute. Nolanahi, ezin dugu ahaztu automedikatzen diren pertsonak egon badirela. Horregatik, ezinbestekoa da, osatuta dagoen pertsona, sendatzeko erabili dituen farmakoak erosteko ahalmena galtzea. Hau da, hilabetero medikuarenera joan ezean, errezeta behar duten medikamentuak erosteko baimena ez izatea. Hobeto esanda, medikuek tratamenduen iraupena kontrolpean izango balute, ez lirateke automedikatzen diren pertsonak egongo. Bada,  jendeak ezin izango lituzke errezeta behar duten medikamentuak erosi.

Bigarrenik, gure gizartean medikuntza alternatiboa deritzona hedatu ohi da. Dirudienez,  zientifikoki frogatuta ez dauden eta eraginkortasun txikiagoa duten, homeopatia, aromaterapia edo akupuntura erabiltzen dira pertsona gaixoak sendatzeko. Nire aburuz, medikuntza alternatiboa, automedikazioa bezain arriskutsua da. Izan ere, bi praktikek dituzte ondorio kaltegarriak. Hala nola, medikamentuen neurrigabeko erabileraren ondorioak, antibiotikoen eta bestelako sendagaien indarraren galera izan litezke. Baina, medikuarenera ez joateak ere, izugarrizko ondorio larriak izan ditzake. Demagun, bularreko mina pairatzen duzula hilabeteetan zehar, baina nahiago duzula homeopata batengana jo, mediku tradizional batengana jo baino. Daukazun gaitzaren arabera, ondorioa heriotza izan liteke. Izan ere, buruko gaixotasunak edo minbiziak ez dira landareekin sendatzen. Horregatik, argi ibili behar da, eta burua erabili behar da osasun kontuekin.

Bukatzeko, hurrengo ideia iradokiko nuke egoera aldatze aldera. Nire aburuz, egin beharko litzatekeena hurrengoa da: farmazia-industria  eta medikuntza arteko hartu emana hautsi beharko litzateke. Hau da, farmazeutikek ez lituzkete etekinik atera behar merkaturatzen dituzten sendagaietatik. Izan ere, osasun arloan, herritarrok espero duguna zera da: gure ongizatea bermatzen duten profesionalak egotea. Gauzak aldatu ezean, denbora pasa ahala, gaitzak sendatzea gero eta zailagoa izateaz gain, farmazeutikek duten lehiaeutsiezina izango delakoan nago; ondorioak guztiok pairatuko genituzkeelarik noski! Beraz, izan gaitezen zuhur eta eman dezagun onena. Garai latzetan, osasun sistema publikoaren garrantzia inoiz baino gehiago azaleratu da. Sendagaien erregulazioaren antzera, sistema osoa ikuspegi orokorra eta ez soilik pribatua edukitzea zein azpimarragarria den ez dezagun ahantzi.

Sendagaiak. Lagunak? Etsaiak?