Sasoian sasoiko lorak

Sasoian sasoiko lorak –

« – … desastre totala eta despistaua naiz, bai, onartzen dut. Baina… flipauta nago egin didanarekin. ¿Qué me dices?.

  • Ba bai, ha ido demasiado lejos¡Qué cabrón!Baina emango diozu buelta, lasai, no es nada del otro mundo.
  • Bai, arrazoi duzu. Sin más».

Nola deitu diezaiokegu irakurritako elkarrizketatxo honi? Euskañol? Ba, beharbada bai, ezta? Berrogeita bat hitz ditu elkarrizketak eta hogeita bat gaztelaniaz dira. Gutxigatik, baina euskarari gailendu zaio gaztelania beste behin ere; gaztelania menperatzaileak euskara “ahula” kutsatu du elkarrizketatxo honetan. Beste tanta bat, kalterako.

Horrelako perlak gazteen artean entzuten dira; bihotzean zartada eragiten duten perlak. Zartadaz zartada, ordea, onartu beharra daukagu, hori dela gazte hizkeraren errealitatea. Euskararekin bizi dugun afera ez da berria. Lehen, kantitatea zen euskara aurrera ateratzeko ahaleginetan zebiltzanen ardura. Orain, aldiz, kalitatea da. Gaur egun bederen, gazte hizkeraren fenomeno honetan euskararen kalitatea da ernegatu eragiten diguna. Gazteek euskara gero eta okerrago erabiltzen dutela diogu, are gehiago, mandeuli gogaikarriak bezala, pentsamendu hori gainetik kendu ezinean gabiltzala esango nuke. Ez naiz orokortzearen zale, baina bai, honek badauka egiatik zerbait. Gizartearen izaerak dakartzan albo-kalteak direla esan genezake. Gizartea aldatu egiten da eta berarekin hizkuntza-joerak. Sinplea da. Hortaz, sasoian sasoiko lorak. Uler dezagun zein den gaur egungo gazteei egokitu zaien errealitate soziolinguistikoa, azter dezagun, eta bila ditzagun tresnak euskarari laguntzeko, ez ordea, kaltetzeko.

Teknologia berrien garaian bizi gara, eta honi heldu behar diogu zalantzarik gabe, ez baldin badugu nahi jokoz kanpo geratu. Pertsonen arteko harremanetan eragin zuzena izan du aro berri honek. Elkar komunikatzeko harremanak askotarikoak dira, eta bistakoa da gure gazteek ere, hizkera mota ugari darabiltzatela. Darabiltzate, bai, hori da hain zuzen ere egin behar dutena eta, erabili. Euskararen ezagutza badaukate eta orain erabilera da erronka berria, euskaraz bizi ahal izateko bidean eta euskararen normalizazio bidean. Baina, hona hemen beste mandeuli bat: Nola egin gazteek euskara erabil dezaten? Euskara gazteen merkatura zabalduz eta euskara kontsumitzera animatuz, esate baterako. Beren gustoko liburuak, filmak, musika… Beren mundua euskaraz; hori da daukagun erronka.

Laburbilduz, “euskararen kalitate eskasaz” erreparurik gabe hitz egin beharrean, jabetu gaitezen euskararen errealitateaz eta hel diezaiogun eskutik, euskara osasuntsu batera iristeko. Iritsiko gara?

Batek daki, baina egin ezean ez dugu jakingo. Beraz, hona hemen hasierako elkarrizketarako iradokizunak:

« – … desastre totala eta despistaua naiz, bai, onartzen dut. Baina… flipauta nago egin didanarekin. ¿Qué me dices? > Zer di(ñ)ostazu?/Ze esatek/n?

  • Ba bai, ha ido demasiado lejos > gehiei egin du¡Qué cabrón!Kabroi halakua! Baina emango diozu buelta, lasai, no es nada del otro mundo > ezta hauntzaren gauerdiko eztula.
  • Bai, arrazoi duzu. Sin más. >Beste barik.».

Atsotitz edo esamoldeak behar ditugu adierazi nahi duguna modu mamitsuagoan adierazteko. Hona hemen sarean kontsultatzeko eskura ditugun esteka batzuk:

Nola sor dezakegu jerga edo lagunarteko hizkera bizia?

Gazteek erreferenteak behar dituzte. Askotan beren adineko lagunak izaten dira, lider modura aritzen direnak, hizkera ohiturak ezartzen dituztenak. Baina askotan erreferente horiek kontsumitzen duten ikusentzunezko materialean oinarritzen da. “Kaleko jerga batua” eraiki behar da. Euskalkietatik elikatua, baina lurralde zehatz bati erabat lotu gabe, euskal gazteria osorako baliagarria izan behar duena. Kalitate aldetik ez da izango perfektua. Kontua da, kalitate galera hori erdaren kutsadura eta makurtasunaren ondorio ez izatea. Jergak sortzean, ezarritako arauak apurtzen dira. Normalean gazteak dira jergaren sortzaile oparoenak.

Txo, gudari, txapeldun, mote(i)l… bezalakoei bidea egin behar zaie. Laburdurak (“Ze esatek?”, “gehio”, “eongo ga!”…), abiadura eta hitz berri kitzikagarriak (“palabro”) onartu behar dira. Ikusentzunezko materialean pantailan idatzita agertu behar dira, laguntza moduan.

Agian tematika zabaldu behar da, hizkera trakets baina euskal senazkoa ahalbidetuz.

Zein eduki dugu euskaraz eskuragarri, gazte edo umeentzat zuzendua?

  • Gaztezulo: 16-30 urteko gazteentzat egokia izan daiteke.
  • Gaztea(irratia): gazteen artean jarraitua bada ere, euskalkiak tartekatzen ditu, baina oro har, batu-formalaz baliatzen da.
  • ETB3: pertsonaia eta saio ugari daude. Gehienak itzulitako edukiak dira, baina kalitateari ondo eusten diote. Doraemon Katu Komiskoa, 3txulo, Dimitri, 3zpa4, Yoko… saio ezagunenak dira. Nerabezarora arte baliagarriak dira. Nerabezarorako Go!azen-ek arrakasta handiena lortu du, baina hizkera pixka bat “ñoño” izaten da batzuetan, ikastola askotan egiten denaren islada.

     14 urtetik aurrerakoetan eskasia dago. Hor dago hutsunerik nabariena, nerabezarora bideratutakoan.

  • Gamerauntsia: bideojoko zaleentzako webgunea. Batez ere mutilak, 16-30 urte bitartekoak.
  • Youtubeko kanalak:Iban Garcia (despertaVlogs), Euskal Youtuberren artean ezagunena. Azpeitiako euskalkian aritzen da, hizkera naturala transmitituz.

Gazteok material gehiago behar dugu eta duguna gehiago hedatu. Baina hizkera formaletik urrun, tematika ezberdin lantzen duena, beren intereseko gaiak jorratzen dituena.

Ahozkotasuna 12-17 urteko nerabeei lantzen lagundu behar dugu, irakasle, hezitzaile eta erakundeak. Gu geu eredu izan behar dugu, utzikeria alde batera utziz. Espresio “guay”ak aurkitu eta sortu behar ditugu, eurei askatasuna emanez, sinesgarri eta onargarriak izan behar direnak.

Sasoian sasoiko lorak