Oroitzapenak

Oroitzapenak

Gogoan dut amatxo gau batzuetan nire ohean geratzen zela, nik begiak itxi arte… Eta Aitatxok, batzuetan eta gauetan ere, irakurri egiten zidala. Lotan geratzen nintzen arte.

Gogoan ditut arrebarekin izandako borroka batzuk. Gogorrenak beharbada. Baina eztabaidak, liskarrak… ez eze, elkarbanatutako barrealgarak ere gogoan ditut. Gogoan dut ez nintzela izan oso haur eredugarria etxean.

Nola ahaztuko dut ba aititeetako batek prakak askotan alderantziz jartzen zizkidala! Nola ahaztu nire beste aititek izan zuen sufritzeko barne indarra!

Ezagutu nuen amamak kontatzen zizkidanak ondo ditut gordeak oroitzapenetan! Eta ezagutu ez nuenaren argazki haiek eta haren inguruan kontatu dizkidatenak ere grabatuta geratu zaizkit.

Ez ditut ahaztu, ez, eskolako patioan buruz sartu nituen golak eta… goilararen teknika erabili barik sartu nituen tripleak. Eskolaz kanpo egiten nituen kiroletan entzuten nituen laudorioak ere ez ditut erraz ahaztuko! Ez eta eskola ikaskide/lagun hierarkian mailaz ez jaisteko ezkutatu behar izan nituenak. Besteen barre eta irainetatik ihes egin nahian nonbait.

Gogoan dut institutu garaiak suposatu zidan aldaketa. Gogoan institutuan egin nituen lagun berriak. Eta gogoan ikusi nituen lehen mozkorraldiek zenbateraino harritu eta markatu ninduten. Gogoan dut, garai honetan, gainditu baino kasik penko gehiago izan nituela. Eta maiz gogora ekartzen dut institutu garaian pasatu nuen beldurra. Baita lotsa eta enbidia ere.

Gogoan dut batxilerrean kontzientzia hartzen hasi nintzela ordura arte ikusten ez nituen zenbait konturen inguruan. Eta ezin ahaztu irakasgai batzuek eman zidaten “gerra”!

Lagunekin igarotako momentu onak bezain txarrak hemen, burmuinean daramatzat nirekin.

Gogoan dut unibertsitatera ez joateko irakasle gomendioekin atera nintzela batxilerretik. Gogoan txikitatik egin nahi nuen karrera horretan sartu nintzela, eta karrerako lehen egunean kikilduta-edo sartu nintzela klasera. Susmatzen dut handik gutxira egindako lagunak ez direla ahanzturan sekula ere eroriko.

Gogoan ditut barne hausnarketak, kontraesanak, autokritikak, kritikak, eztabaidak… Esan gabe geratu behar zuten eta esan nituenak. Esan behar eta esan ez nituenak. Horiek ere ondo ditut gogoan.

Pena handia ematen didate gogoratu nahi eta gogora ekarri ezin ditudanak. Ahaztu ditudanak ez dakit nonoiz nire errealitate kontzientean berriz ere izango ote diren. Eta edozein defentza mekanismok lasaitu ezin dizkidanak eta pribatu etiketa daramatzatenak hobe aipatu barik uztea.

Batzuetan gogoan ditudan gauza asko ezabatzeko gogoa sartzen zait. Beste batzuetan, ez dut gogorik gogoan dudana gogoratzeko… Eta beste askotan, atzera begiratu eta… irribarre egiten dut gogo handiz.  Batzuetan iragan “hurbila” datorkit bisitan. Beste batzuetan, iragan “urruna”. Izan ere, iragana irudi sorta moduan orainera ekartzeko trebetasuna garatu dugu nonbait…

Harrigarria! Konturatu zarete zeinen “azkar” pasatzen den oraina oroitzapen izatera, ezta? Pentsa! Idatzi hau, momentu honetan, oraina da zuentzat, eta, gutxi barru iragan “urruna” izango da.

Ez al zarete inoiz lagun artean aman komunean dituzuen oroitzapen barregarriak gogora ekartzen jarri? Ez al duzue inoiz oroitzapenen batengatik negarrik egin? Izan al duzue inoiz haserrearazten duen oroitzapenik? Ez al diozue inoiz inori ezer gogorarazi? Ez al zarete konturatu batzuen oroitzapenek beste batzuenenak baino oihartzun handiagoa dutela? Alegia, oroitzapen batzuk ezkutatuta eta desagertuta nahi dituzten pertsonak existitzen direla? Pentsatu al duzue inoiz mundu honetan badirela pertsonak oroitzapenak izatera iristen ez direnak? Badirela pertsonak oroitzapenak baino tortura psikologikoak gordetzen dituztenak? Izan ere, oroitzapenak ez dira edozer gauza…

Iragana orainera ekartzea iragana hiltzen ez uztea da. itzapenak

Begi bistan nahi baina ez banauzue, bila nazazue hitzen artean, beharbada, han egongo naiz.