Leihotik barrura

Leihotik barrura

Leiho guztiak parez pare. Zabalik. Halaxe daude geurean. Ez beti. Niri gustatuko litzaidakeena baino sarriago, halere.

Etxeko airea berriztatzeko egiten ei duzu. Zer arraio; nonbait zahar geratzen da? Erritual gisa zabaltzen dituzu egongelako, logelako eta baita sukaldeko leihoak ere. Edozein une zaizu apropos haize freskoa (zinez freskoa, benetan diotsut) etxean zehar harat eta honat barreiatzeko.

Hara, saiatu naiz zurekin hizketan, argudio andana erabiliaz. Alperrik, ordea. Tinko eusten diozu zure jarrerari. Udan ere jaka jantzita ibili behar logelan. Neguan, zer esanik ez. Ez duzu amore erraz ematen, inondik ere. Eta despistaturik nagoen une bakanez baliatzen zara zeurea egiteko.

Udazkeneko hostoek, bizilagunen patata frijitu usainak, egunsentiko eguzki printzek zein kaleko ibiltarien zigarrokinen keak, euli koadrilak, amaraunean gora eta behera langile, jostari dabilen armiarma… denek ala denek dute doako sarrera etxera. Etor bitez. Gonbidatuta daude euri tantak eta kazkabarra, hala hego nola ipar haizea.

Leihotik barrura

Sukaldean sartu bezain pronto leihoa zabal, irekita topatu nuen lehengo batean. A zer nolako sorpresa. Ezer berri gurean. Tira, oraingoak bazuen zerbait berezia: hozkailu atzean jatorria zuen hots bat, alegia. Hots desberdin bat esan nahi dut, ezaguna ez zitzaidana (hozkailu zaharraren errepertorio osoa buruz baitakit; gauero ibiltzen da marmarrean, kantu ozenez egunean zehar). Belarria tente jarri nuen, horrela aparailua garden bihurtu eta atzean zegoena ikustea lortzeko asmoarekin edo, batek daki.

Izakiren bat sartu zitzaigun etxera berriro ere, leihotik, nondik bada bestela? Huraxe txio-txioka zebilen, baina. Arranopola! Hegalak gogor astinduz antzeman nuen, hozkailu atzetik irteteko ahaleginenean indarrak batuz. Txori gajoa. Zure nahigabeko tranpan ezustean harrapaturik. Zenbat bider errepikatu ote dizut egunen batean hau gertatuko zena.

Hilabete joan da sukaldean hegaztia sartu zitzaigula. Leihoak zabal irekita dirau, ezin izan beste inola. Txoriak ere alai kantuan darrai. Honez gero konturatuak gara, ordea, hozkailu zaharkituaren melodia berria dela txorrotxioa. Alpisterik edota zizarerik ez du behar izan behinola zabaldu zenidan irudimenaren leihotik hegaka barnera etorritakoak.

Leihotik barrura