Zilegitasun kontua Altsasun

Zilegitasun kontua

Zilegitasun kontuaEz dago inongo arrazoi historikorik Guardia zibila Altsasun egoteko. Aurkezten zaigun moduan, ematen du beti hor egon direla, paisaiaren parte naturalak direla, Urbasa eta Andiako mendietan Urederra sortzen den bezala sortuak direla. Bada, ez.

1200. urtean, Alfontso VIII.ak Nafarroaren kostaldea inbaditu zuenean, Jakue bidean jarri zuen muga. Gasteiz suntsitu ondoren, Lizarrateko bidea hartu zuen. Horregatik, Nafarroa zen Egino Araban geratu zen eta Ziordia Nafarroan jarraitu zuen. Jakue bidea Etxegaratetik igaro izan bazen, Altsasu gaur Araba izango zen eta inbaditu izan ez bagintuzten denok Nafarroa izaten jarraituko genuen. Ordukoa da baskos eta nabarrosen arteko legezko eta administrazioko banaketaren inposizioa.

1512an, Gaztelak Nafarroatik geratzen zena inbaditu zuen. Burgosen, Nafarroako ordezkaririk bertan izan gabe, Altsasu Gaztela bihurtu zuten legez; bai baina, zilegitasunik gabe. 2012. urtean, aditu eta historialarien arteko kongresuetan deliberatu zen konkista horren zilegitasun eza.

Konkista horiek ekarri zutena da euskal-nafarrok eraikitako instituzio-egitura propioa deuseztatzea eta garaileek pixkanaka-pixkanaka euren estatu indarrak, legeak eta epaitegiak inposatzea. Altsasuko gertaerak horren isla dira. Euskal Herrian, beste polizia eredu demokratikoagoa posible da, nola ez. Afera da ea euskal-nafarrok subiranotasun osoa berreskuratzeko batasunik ba ote dugun; bien bitartean, Inperioaren oinordekoek Nafarroa utz dezaten nahi izatea eta polizia propioa eskatu edota martxan jartzea, guztiz zilegi eta demokratikoa da.

Zilegitasun kontua
1512, Alde Hemendik, altsasu, donejakue, historia, jakue bidea, konkista, Zilegitasun kontua
Beñi Agirre

Euskara irakaslea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude