June Igartuak lortu du apirileko Zuzeu GAZTEA saria
June Igartuak lortu du apirileko Zuzeu GAZTEA saria
Zuzeu GAZTEA sariak, Aste Santuko oporrak tartean egonda beherakada espero genuen arren, hamalau sinadura izan ditugu lehian apirilean, horietako bi aurreko hilabeteren batean saria irabazitakoak. Bateren batek, gainera, sarrera bat baino gehiago idatzi ditu, eta guztira hamasei izan dira jaso ditugun sarrerak.
Kopuruaz gain, interesari dagokionean ere jori etorri da apirila. Maider Galardik Gernikak eta Luhuso ekarri ditu gogora, gure iragan hurbila eta oraineko bi hitzordu historiko uztartuz; Maider Fernandezek eutanasia hartu nahi izan du eztabaidagai “Heriotza duin, nahi eta ezin” sarreran, zintzo; Aitor Zurdok publizitatearen alorrean euskarak izan duen aurrerakada egiaztatu du, argazki eta guzti; eta Eugenia Garayk elkarrizketa landua egin du, “Nadia, Euskal Herrian bizi eta euskara ikasten dabilen bulgariarra”, Euskaldunberria atalean argitaratzeko modukoa.
Guztiak ere saritzeko modukoak begitandu zaizkigu, eta gauzak horrela, inoiz baino denbora gehiago hartu dugu saritua iragartzeko. Apirileko Zuzeu GAZTEA saria June Igartuari ematea deliberatu dugu, “Mintzeko milaka modu daude” sarreragatik; dotoreziaz landu baitu kezka handia eragiten digun tratu txarren gaia, espero gabeko amaiera eta guzti. Borreroak baditu, bai, milaka aurpegi, eta batzuetan jabetu ez arren, anitzak dira mintzeko moduak ere.
Saririk gabe gelditu direnei, idazten jarraitzeko esatea baino ez dugu. Zuzeu Gaztea sariak 150 euro ditu hilabetero 30 urte azpiko idazlearen sarrerarik bikainenarentzako, Azkue Fundazioaren laguntzari esker ematen den diru poltsa.
Hementxe dituzu parte hartzeko bete beharreko arauak.
Zorionak June! Zeurea duzu 2017 apirileko Zuzeu Gaztea Saria! Jar zaitez gurekin harremanetan 150 euroak eskuratzeko.