Hemen gaude

Hemen gaude –

Laurogei urte bete berri dira azoka egun hartan ezkil eta bonba hotsek Gernikako historia goitik behera aldatu zutenetik. Mugarria izan zen Gernika (jakin, badakigun arren zibilen aurkako eraso masiboak egon zirela aldez aurretik ere) potentzia handiek, boteretsuek, biolentziaren monopolioaren jabe “legitimoek”, gerra logika aldatu zutela: zilegi izan dira ordutik hona zibilen aurkako eraso sistemikoak. Ez naiz historialaria, eta, hortaz, ez dut paperera ekarriko Gernikako bonbardaketak zein ondorio ekarri zituen gurera; ezagutzen dugu -ikastolan ondo ikasia-,  erasoaren osteko asteetan, hilabeteetan eta urteetan zein izan den Euskal Herritarron patua.

Hemen gaude

Gernikak badu Guernica bat; 1992tik Madrilgo Reina Sofia museoan gotortua. Picasso delako batek 1937ko Pariseko Exporako margotu zuen, Espainiako Gerra Zibilean altxatutakoek herritarren aurka egindako sarraskiak mundura zabaltzeko. Memoria gordetzeko, frankisten kontaketa ofizialari aurre egiteko eta nazioartean egia kontatzeko; ordutik, bakearen aldeko ikur unibertsal bilakatu da margolana. Gure aiton-amonek, baina, ezkutuan gorde zuten bizitakoa;  euren ondorengoek berriz ere horrelakorik bizi behar ez izateko esperantzaz. Egun gazte garenon aurreko belaunaldia izan da, hain zuzen ere, geure historia, kultura, hizkuntza, berreskuratu duena ahanzturan erori ez dadin. Agapita Iturralde Zuloaga, behi zatiak, Clara Zaldumbide, Daniel Ibarzabal eta gorputz zatiak. Anonimoak lirateke memoria historikoan lanik egin izan ez balitz; izenik gabeko gorpuak geure historia idatzi izan ez bagenu. Izena duena, bada.

Urtero banatzen dituzte, apirilaren 26ean Bakearen Gernika sariak. Urtean zehar, nazioartean edo geure herrian bakearen alde aritu direnei aitortza gisa. Han ikusi ditut Euskal Herriko politikari garrantzitsu ugari txaloka,  Timochenko FARCeko komandanteari eta Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteari saria eman dietela-eta. Iaz sinatu zuten bake-hitzarmena Bogotak eta gerrillak  urtetako negoziazioaren ostean.

Saririk jaso ez arren, bakearen bidean urrats garrantzitsu bat egin zen duela hiru aste Euskal Herrian, 80 urteren ostean. Apirilaren 8an, euskal herritar andana bildu zen Baionan, Bakearen Artisauek Polizia Frantsesari ETAren armategiaren gordelekuen kokapenaren berri ematen zien une berean. Ordutik, armagabetuta dago erakundea. Ez ziren atzo Gernikako aretoan bildutako politikari asko joan hiriburu lapurtarrera, baina, agerikoa izan zen herriaren sostengua. Kezkatuago nago,  ordea, duela zortzi hamarkada, faxistek egin moduan, mundu zabalera ez ote den helduko Madrilen kontaketa; ikusi besterik ez dago El Mundo eta pareko hedabideek zer nolako titularrak bota dituzten. Mesfidantza apur batekin, baina, esango nuke berriz iritsi dela (konbenientziagatik agian) Guernica , Parisera. Picassok egin moduan, Luhusokoek lortu dute nazioartean entzun dadin euskal herritarron bake irrintzia. Madrilek, berriz, bere horretan darrai, garaitu eta garaileen kontaketa inposatu nahian.

Lehenago ere esan dut, minaren minez gure aiton amonek gorde egin dutela urte luzez duela 80 urte gertatutakoa. Ondorengo belaunaldiak izan dira oroimena berreskuratu dutenak. Minak min, gaurko gazteok badugu lana, herri honen azken 60 urteetako historia ere eraiki behar dugu, ez dadin bahitua gelditu Madrilen, Guernica bezala. Ez dezan Madrilek bakarrik idatzi herri honen historia. Izena duena bada; eta oraingo belaunaldion ardura da guztion artean memoria eraikitzea, herri honen historia hurbilena ere ahanzturan erori ez dadin. Hemen gaude, 80 urteren ondoren.

Hemen gaude