Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi

Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi –

Donostia Antzerki Saria irabazi berri du antzezlanak, Amancay Gaztañaga, Erika Olaizola eta Iraia Eliasek osatutako hirukoteak sortu eta antzeztua. “Los Bridgerton” telesail ospetsua ikusi ostean, barruan sortutako hainbat sentipenen testigantza da, finean, antzezlanaren mamia. Ordu eta laurden irauten duen antzezlanean hainbat gogoeta eta galdera paratzen dizkigu hirukoteak eta norbere barnean beste hainbat gatazka sortzen dira behin aretotik aterata: nola eragiten du fikzioak guregan? Zer da fikzio eta zer errealitate gure bizitzan?

Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegiJakina da kulturak gizakia sortu, moldatu, eraiki egiten duela. Egunero kontsumitzen ditugun liburu, abesti, telesail zein filmek osatzen dute azkenean gure identitate eta ideologiaren zati bat, zati handi bat. Heteroarauean, maitasun erromantikoan, generoen bereizketan eta harreman mota jakinetan oinarritutako fikzioa da oraindik ere gaurkoa eta Disney bezalako konpainiez haratago doa, zoritxarrez. Fikzio hau kontrolatzen dutenen artean, oraindik ere %92-a gizon txuriek osatzen dute, hortaz, heurek aukeratzen dute zein fikzio mota kontsumituko dugun, zein izango den gure kulturaren funtsa. Emakumeen eta beste kolektibo zapalduen begiradak kontatzen dizkigute askotan isil gaitezen, politikoki zuzenaren marran dantzatzeko, modan dagoelako… baina betiere heuren ikuspegi eta bizipenetan oinarrituta, emakume baten begirada gizon batek kontatua, hortaz pribilegiotik eta pribilegioa goretsiz. Guk jakin badakigu kontsumitzen dugun hau fikzioa dela, baina hala ere arriskutsua iruditzen zait. Kontziente garen arren, ezin dugu saihestu horrelako telesailak kontsumitu ostean gure bizitzak zalantzan ez jartzea, gure harremanetan ez eragitea eta deseraikitzen ari garen hori, nahi gabe, berriz eraikitzea.

Pornoa da askotan fikzioaren eta errealitatearen arteko muga hau hobekien ikusteko adibidea. Gure belaunaldiak pornoa kontsumitu du, maiz bere sexu heziketa bakar bezala, eta fikzioa dela esan diguten arren, askotan ez da erraza izaten bi hauek bereiztea. Gehiegitan pornoaren itzala nabarmenegia da askoren harremantzeko moduetan. Gauza bera gertatzen da, finean, harreman mota, genero rol eta arauekin, fikzioan ikusten dugun hori erreproduzitzen baitugu azkenean, nahi gabe bada ere.

Tamalez, “Los Bridgerton”-en garaitik gaur egunera arte gauzak ez dira uste dugun edo nahi genukeen bezainbeste aldatu. Fikzioak ere sistema elikatzen baitu, gure buruak eta ideologiak elikatzen dituen modura. Sistemak bera izaten jarraituko du, bera izaten jarraitu nahi duelako, rolak betikotzea interesatzen zaiolako. Gure egitekoa da kontsumitzen dugun hori beste betaurreko batzuekin begiratu eta benetan fikzio bihurtzea.

Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi