Hezkuntza eta Erlijioa: Eliza-Klaustroa

Hezkuntza eta Erlijioa: Eliza-Klaustroa –

Magisteritza ikaslea naizen aldetik, aurreko astelehenean hasi nuen nire praktikaldia lehen hezkuntzako ikastetxe batean, eta uste baino lehenago azaldu nintzen, lehenengo aldiz, klaustro batean. Ez nekien nolakoak ziren irakasleen bilera horiek, baina aitaren batean antzeman nuen eztabaida sutsuak zirela —deus ez dira “Sálvame” programa sasientretenigarriko hizka-mizkak klaustro hartan bizi izan nuenaren aldean—. Gai askoren inguruan eztabaidatu zuten, hala nola, ikasle-ratioak, irakaskuntza-metodoak edo irisgarritasuna.

Oraindik ez dut aipatu ikastola hura koloretsu bai koloretsua dela, jatorri eta erlijio anitzetako ikasleak baititu. Hori dela eta, erlijioaren gaiari bueltaka egon nintzen klaustro-egun hartan: arreta eman zidan, gizartean gertatzen den bezalatsu, bileran txintik ere ez esateak gai horren inguruan.

Horregatik, galdetu nien beste irakasleei ea zer iritzi zuten eskola publikoetan erlijioa irakastearen inguruan. Kostatu zitzaien gaian kokatzea: hasieran itzulinguruka hasi ziren hizketan, azkenerako noizbait gaia urratu arren. Baina eztabaidak aurrera jo ahala, azkar harrotu ziren hautsak, eta irakasle guztiak erlijioa hezkuntzan egotearen aurka zeudela ikusi nuen.

Egia esan, ez nuen espero halako erantzun gogorrik; irakasle guztiek esan zidaten erlijioak ez lukeela lekurik txikiena ere izan beharko hezkuntza publikoan —ia aho batez esan zidaten, gainera—. Erantzunean bat etortzeak aho bete hortz utzi ninduen: aurka badaude, zergatik gaiak ez du inolako oihartzunik gizartean?

Hezkuntza eta Erlijioa: Eliza-KlaustroaBada, besteak beste, kristautasunaren boterea Espainiarengan egundokoa delako. Eta espainiar gobernuak hezkuntzan duen indarra are handiagoa da —eskerrak hemen moldaketa txikiak egiteko aukera dugula—… Hala, nekez egingo dugu aldaketarik. Egoera hori ez da arraroa; azken batean, ez dira hainbeste urte pasa herriko irakaslea eta apaiza pertsona bera zirenetik: nire amonak bere txikitako irakasleari “Miguel” ez eta “On Miguel” deituko zion…

Halako egoeran, egungo hezkuntza sistema konfesionalaren aurkakook jai dugu: elizaren itzala luze bai luzea da eta ikastetxe guztiak ditu ilunantzean. Horregatik, erlijioaren afera askotan izango dugu hizpide —eta, noski, gaia klaustro-bileretan agertuko da betiere nire gisako pitoloreren batek ateratzen badu—, baina zaila izango da arazoa konpontzea. Bitartean irakasle-bilerei klaustro deitzen jarraituko diegu, eliza baten patioan egingo bagenitu bezala.

Hezkuntza eta Erlijioa: Eliza-Klaustroa
eliza, erlijioa, hezkuntza, klaustroa
Xabier Madorran

Iritzi-artikulu irudimentsuak gogoko ditut.

5 pentsamendu “Hezkuntza eta Erlijioa: Eliza-Klaustroa”-ri buruz

  • Amonamantangorri 2017-10-14 00:59

    Ez dut esteka aurkitu, baina nonbait irakurri nuen EAEko eskola frankotan -ikastolak zehazki- lortu dela erlijio eskola-ordurik barere ez ematea.

    Gurasoen eta irakasleen arteko akordioa tarteko, zentro horietan ez da haurrik erlijio ikasgaian matrikulatzen, eta hortaz, ordu horiek bestelako gaietarako erabil litezke. Izan ere, erlijiora doan ikasle bakarra edukiz gero, beste haurrek ezin dute gai kurrikularrik landu ordu horietan. Hori da gurasoen aurrean defendatzen den abantaila: eskola-ordu horiek askoz probetxugarriagoak liratekeela beste zerbaitetan erabilita.

    Eta Espainia hainbeste aipatu duzunez: EAJ, Eusko Jaurlaritzaren hezkuntza saila gidatzen duena, gurasoen “aukera-eskubidearen” aldeko sutsua da; alegia, dotrina katolikoa irakaskuntzan mantentzearen aldekoa.

  • euskaldun bat 2017-10-14 03:20

    Guraso musulman batzuk islamaren klaseak nahiko balituzkete, irmoki ukatuko zenieke? Herrialde anitza garen heinean, nola ukatu?

    • Amonamantangorri 2017-10-15 22:41

      Ezingo litzaieke ukatu. Legea, berez, pentsatua zegoen erlijio katolikoaren irakasgaia eskoletan mantentzeko, Eliza Katolikoak kontrolatuta gainera. Orain, beste erlijioetako familiak gero eta gehiago direnez, eskubide horixe bera aitortu beharra zaie, irakasleen kontratazioa elkarte islamikoen, eliza ebangelikoen eta abarren eskuetan utziz.

  • Amonamantangorrik bete betean garaiotan inposatzen ari den manta/torema jarri du mahai gainean: familiak ikastetxea aukeratzeko duten eskubidea. Liberalak hezkuntza politika guztia ustezko esk7vide horri el8katuz dabiltza. Bai erlijioari dagokionean bai eta arrazoi ideologikoengarik ikasterxea aukeratzeko orduan.
    Musulmanek kristauek bezela eskolatik kanpo nahi dutena (diru publikoa dagoen bitartean eskolatik kanpo)
    Azkenaldian Munilla zelatan dabil gipuzkoako hainbat eskoletan erlijioa ez dela eskeintzen eta, baita denunrzia jarri ere popularrekin batera ikastetxe pybliko bati laikotasunaren kartelen bat dela medio. En fin, txikitan herriko apaiza erlijioko maisu izan genuen ta berrogei urte pasata gutxi egin degu hobera.
    http://www.diariosigloxxi.com/texto-s/mostrar/253645/jose-ignacio-munilla-escuela-familia-no-estado

  • Dotriñataz ari zeate!!…..Dotriña, kaltegarria dela iruditzen zait. Erligio-zaletasuna ere kaltegarria den antzera. Dotriña, “doctrina” delakoa, euskeraz esan beharko banu, HEZKUNTZA esango nuke.
    Hau esanda: Zerbaitetan sinestu beharko dut ez ta? Zientzian agian?
    …..Zientzian ez dago sinistu beharrik……..
    Eta, Zientziak dena argitzen al digu, ala argitu lezake?
    Fisiko baten esana :
    “Zientziak ezin du argitu Izadiaren azkenengo misterioa…Azkenengo argiketan, Geu bai gara argitu nahi dugunaren atala”. Max Planck.
    Zientzia guztia Kontzientzian da. Gure ULERMENEAN, GOGOAN, gertatzen da. Kampo eta gure gogoa batazbestekoan dira…..Ba dugu zer ikasi. Nork erakutsi?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude