Gizartea, benetako izurritea
Gizartea, benetako izurritea –
Azken urtean, mundu mailan hizpide dugun gai nagusia Txinan jaiotako Koronabirus delakoa da. Baina zer demontre da birus bat? Birus bat, wikipediaren arabera, “organismo baten zelula bizien barruan soilik erreplikatzen den agente infekzioso txiki bat da”. Birusek era guztietako izaki bizidunak infektatu ditzakete: animalia, landare edo mikroorganismoak, bakterioak barne. Birusak, berez, ez dira “izaki bizidun” bat, “agente” bat baizik.
Izurrite hitzari erreparatzen badiogu, esaten da “lurralde eta denbora berean izaki batez hedapen ez-ohiko eta esponentzialak beste izakien zati handi bati erasotzen dion gaitza” dela. Izakiak ingurumenera moldatzen dira. Gizakiak, ordea, ingurumena moldatzen du bere beharretara. Eta moldatze hori beste edozein izaki baino modu nabarmenagoan egiten du. Animalia edo landare batek ura, elikagaia eta lur-eremua behar du bere oinarrizko beharrak asetzeko. Gizakia -animaliak, baina animalia arrazionalak-, ordea, ez da horrekin asetzen. Ezta gutxiago ere.
Gizakiak energia eta prozesu industrialak behar ditu bere oinarrizko beharrak asetzeko. Materia berri artifizialak sortu behar ditu, zabor biodegradaezina hondakin bezala baztertu, kutsatu behar du. Tira, bere oinarrizko beharrak, printzipioz, beste animalia batenak bezalakoak dira [ura, elikagaia, lur-eremua], baina gizaki batek gaur egun, inon ez eta inoiz ez du onartuko bere ingurua transformatu gabe bizi. Egizu proba bestela. Joan zaitez gizakirik bizi ez den mendira eta erabat biluzik, inolako gailurik edo tresnarik erabili gabe… eta bertan bizitzen saia zaitez astebete. Ezinezkoa litzateke. Gizakiok kaka egin ondoren, ipurtzuloa garbitzeko ere papera behar ez al dugu, ba! Garbitu ezean, infekzioa sor dakiguke. Fijatu al zara animaliek ez dutela ipurtzuloa garbitzeko beharrik?
Gizakiok hain ohituak gaude haragia berotu ondoren jatera, non gordin jateak ere gaixotu gaitzake. Berotzeko, sua edo bestelako energia iturria behar dugu! Gure organismoa aldatua dago aintzinako gizaki basatiekin konparatuz.
Aurretik esandako guztiagatik, gizakiok naturako izaki suntsitzaileenak, hala nola sortzaileenak gara. Eta horri esker, gure biziraupena eta ugaltzea ziurtatu dugu. Hainbestekoa, non, milioika ugaldu garen. Izugarri ugaldu gara. Kontrolik gabeko plaga edo izurrite bezala, munduko txoko guztietara heldu gara eta edozein toki kolonizatu ahal izan dugu. Gure burua ez dugu izurrite bezala ikusten, baina gainontzeko izakiontzat, zeinentzat gure ugaltzea euren habitata murriztea suposatzen duen, gu gara izurrite handiena.