PP eta Ciudadanosentzat hauteskunde programa proposamen bat EAEn

PP eta Ciudadanosentzat hauteskunde programa proposamen bat EAEn –

Hauteskundeetako azken emaitzek erakutsi dute Katalunian eta EAEn konstituzionalismo ortodoxoa desagertzeko zorian dagoela. Argi dago ideia faltan daudela eta eskuzabal itzartu naizela-eta, datozen lerrotan EAEn gauzatzeko hainbat aipatuko ditut, gratis et amore.

PP eta Ciudadanosentzat hauteskunde programa proposamen bat EAEn

Lehenengo eta bat, gauzak argi: Konstituzioak eta Estatutuak ez dute botorik ematen. Jendeak dibertsioa behar du, ondo pasatu, eta Espainia jaun eta jabe da horretan. Gainera, Jacara, Benidormera edota Conilera joan gaitezke Schengen espaziotik irten barik. Aprobetxatu dezagun, bada.

Bigarrena, ondorioak bistaratu. Euskal Herriak independentzia lortuko balu, askoz gehiago aspertuko ginateke. Espainiako albisteak askoz entretenigarriagoak dira, El Pequeño Nicolás, La Pechotes, Bárcenas, etab… Konparatu Ipar Euskal Herrian sortzen direnen aldean, galera begi-bistakoa da.

Hirugarrena, entretenimendu-eredua: La Isla de las Tentaciones etab. TDTetik kenduko lituzkete eta gauza jakina da zer gertatu zen ETB2n Cuadrilla busca novia saioa emititzen saiatu zirenean. Horren ondorioz, ez genituzke berendiaren adarrak hizpide izango, telebista eredua baizik. Egunkarietan, Albaniako idazle baten itzulpenak ordezkatuko lituzke tokian tokiko socialitésak. Nork nahiago ditu gogoeta sakonak txutxu-mutxuak egonda?

Laugarrena, Real Madrid: batzen gaituen etsaia da, denok garaitu nahi dugun aurkaria, gure gaitz guztien iturria, hainbat metaforaren sortzailea: Real Madrid =Espainia, Bernabeu = Espainiako Kongresua eta epailea = Espainiako justizia. Nork ordezkatuko luke independenteak izanez gero? Athleticek? Eta zale zurigorrientzat? Realak? Bai zera!

Bosgarrena, ez ukitu funtzionatzen duena: ondo bizi gara, Europako Iparraldera begira. Gizarte progresista gara, zibilizatua, modernoa eta serioa, superpotentzia emozionala. Jende langile eta zintzoa gara; eredu propioa dugu (industria), Europako autogobernu mailarik zabalena, ogasun propioa eta Kupoa.  Nahiko eta soberan.

Berba batean, Espainian geratuz gero, gaurko bizimodua izaten jarraitu genezake eta inork ez gintuzke epaituko hau edo hura ikusi edo egitearren. Gainera, denok suertatuko ginateke irabazle, gu espainolak baino garatuagoak garelakoan eta eurak ez garelako joan.

Argazkia: jacilluch CC BY-SA 2.0 lizentziapekoa

PP eta Ciudadanosentzat hauteskunde programa proposamen bat EAEn

APURKA APURKA Iritzi xelebreak, gogoeta alderebesak etabar. 1988an sortua eta 1989an jaioa. Ikasketez giza-zientziak eta komunikazioan lizenziatuta. Egun Berbaizu Euskara Elkartean lanean, bihar batek jakin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude