Ez dezagun haria eten

Ez dezagun haria eten –

Urte erdi pasa da koronabirusa gure bizitzetara iritsi zenetik; izurriak 25.000 positibo baino gehiago izan ditu EAEn, eta hauetako bat kultura izan da. Baina kulturak ez du sukarrik izan, ez, kultura ez da asintomatikoa; kulturak izan dituen sintomak askoz larriagoak izan dira.

Batetik,  udako kultura ekitaldi nagusiak bertan behera geratu dira; hilabete hauetan ohikoak diren kontzertu eta festibalak ezin izan dira egin, eta egin direnean edukiera murriztuarekin egin dira. Euskal musikak udako kontzertu hauetan du urteko diru-sarrera iturri nagusia, eta aurtengo egoera taldeen ekonomian nabarituko da, dudarik gabe.  Zinema eta antzerkiek ere kalte handia izan dute; izan ere, azken hilabeteetan ez da estreinaldirik egon. Ekoizle gutxi izan dira filma edo antzerki-lan berriak zinema areto eta antzerkietara ateratzeko adorea izan dutenak; gehienek ordea, garai hobeak egon arte itxarotea erabaki dute. Bestetik, argi geratu da Espainiako zein EAEko gobernuentzat kultura ez dela lehentasuna; aktibitatera bueltatzeko momentuan, kulturak oztopoak eta trabak  bakarrik jaso ditu. Hartu diren neurriak debekatzaileak bakarrik izan dira; ez da inolako konponbiderik eman, eta kulturan lan egiten duten pertsonak izan dira irtenbideren bat aurkitu behar izan dutenak. Beste sektore batzuetan gobernuek irtenbideak eta proposamenak egin dituzte, industrian adibidez, baina kultura (beste arlo batzuekin batera) ahaztuta geratu da.

Behin egoera  aztertuta, zalantzarik ez dago kultura momentu larrian dagoela, eta euskal kulturaren kasuan oraindik eta larriagoa da. Abeslari, ekoiztetxe, zuzendari edo aktore famatuentzat izurrite hau beherakada handia izan daiteke, baina abeslari famatuek Spotify bezalako plataformetatik dirutzak irabazten jarraituko dute; zinearen industria ez da gelditu estreinaldiak egon ez arren, eta Netflix, Disney+, Amazon Prime edo HBO bezalako plataforma handiek beren etekinak handitu egin dituzte koronabirusarekin. Euskal kulturak, ordea, ezin du horrelakorik egin; gure kultura txikia da, eta merkatu txikian mugitzen da. Nøgen edo Huntza bezalako talde euskaldunek ezin dute Bad Bunny bezalako izar batekin lehiatu Interneten, eta online plataformetan entzunaldi asko izan behar dituzte soldata duina izateko. Euskal zinemaren kasuan (normalean zailtasunak badituzte proiektu bat aurrera eramateko) oraingo baldintzek are eta zailagoa bihurtu dute finantziazioa aurkitzea; azken finean, gobernuek baliabide ekonomikoak sektore kritikoetara bideratu dituzte, eta enpresa pribatuek ez dute arriskurik hartu nahi.

Hau guztia kontuan hartuta, gure kultura babestea beharrezkoa dela argi dago; ezin dugu hiltzen utzi. Gaur galtzen dena zaila izango da bihar berreskuratzea. Horregatik euskal kultura babestea ezinbestekoa da. Joan gaitezen dauden kontzertu edo antzerki gutxietara; zalantzarik ez dut guztiek beteko dituztela osasun neurriak. Bestalde, kultura sortzaileek babestuak sentitu behar dira, animatu ditzagun autoreak eszenatokietara bueltatzen, publikoa egongo dela ziurtatzeak konfiantza emango die. Komunikabideek ere paper garrantzitsua dute; kultura ez dela arriskutsua argitu behar dute, horrela publikoa lasaiago joango da ekitaldietara. Azkenik, eska diezaiogun gure gobernuei ahalik eta arinen kultura laguntzea, kultura guztiona da eta erakundeetatik zaindu behar da.

Ez dezagun haria eten