Etxerako bidea

Etxerako bidea –

Etxerako bidea

Heldu da ordua. Orratzak goizeko ordu biak jo dituenean, hasperen egin dut, gaur gurasoak ez dira nire bila etorriko egin ohi duten bezala. Lokaleko sofa zaharretik altxa eta berehala hasi da nire kuadrillako nesken galdera bonbardaketa; “Bazoaz jada?” “Gaur ez datoz zure bila ala?” “Nola, oinez zoazela?” “Bakarrik?” “Pixka bat laguntzea nahi?” Nik, barretxo txiki bat bota eta erdi faltsua den irribarre batez ezetz esan diet, lasai egoteko; ez dut inor gogaitu nahi. Denak agurtu ditut, atea itxi, eta gauean murgildu naiz poliki poliki. Ez du hotzik egiten, 17 gradu edo, auskalo; ala ere ez da inor kalean. Jada ez dago irribarre ez faltsurik ez egiazkorik nire aurpegian, giltzak eskuko atzamarren tartean sartu ditut beti bezala, eta kaputxa jantzi dut. Mutil baten moduan ibiltzen ere saiatu naiz, ziur barregarri nagoela.

Hor dago, betiko tunela, bere betiko argi ahul, kurba itxi eta etxean, txikitan, alabei kontatzen zaizkien istorioak gordetzen dituela. Tunelaren amaieran, nire burua lasaitzen saiatzen dudan bitartean baina, haien izenak etorri zaizkit burura eta korapilo bat sortu zait eztarrian; bortxatuak, erasotuak, umiliatuak, ahots gabekoak, gutxietsitakoak, ahaztutakoak, bizitza apurtutakoak, errudun sentitutakoak, galdutakoak, zalantzan jarritakoak… Erritmoa arindu dut konturatu gabe. Bat batean, gibelean pausu batzuen hotsa entzutea iruditu zait; “ezin da izan” esan diot nire buruari. Txanoa kendu dut astiro, hobeto entzuteko, bai, pausuak hor daude. Ezin dut atzerantz begiratu, beldurrez gainezka nago, nire oinak automatikoki dabiltza oinez. Korrika hasi naiz, atzekoa ere, gizon bat dela uste dut, eta niri deika dabilela iruditu zait. Ezin da egia esan, niri ezin zait horrelakorik gertatu. Niri? Zergatik niri?

Estropezu egin dut, lurrean nago, pausuak gerturatzen hasi dira, baina badirudi ez direla pertsona batenak bakarrik, ehunka dirudite alegia. Pausuen hotsa geroz eta ozenagoa da, nik lurrean dihardut, begiak itxita dauzkat, ezin naiz mugitu. Bat batean, ehunka ziruditen pausu hots horiek, milioienak dirudite orain, ez dakit zer gertatzen ari den, zoratzen ari ote naiz? Hizketan ari direla uste dut; ez, itxaron segundo batez, ez dira hizketan ari, oihuka ari dira. Ez dakit zergatik baina jada ez dut beldurrik sentitzen, lasaitasun eta babes sentipen batek besarkatu nauela sentitzen dut barrenean. Begiak zabaldu ditut, eta han ikusi ditut denak; borrokalari, aske, indartsu, independente, zoriontsu, ausart, menderakaitz, iraultzaile… Lurretik altxatu naiz haien laguntzaz, eta haiekin jarraitu dut aurrerantz. Azkenean, etxean nago.

Etxerako bidea

2 pentsamendu “Etxerako bidea”-ri buruz