Epaileok errespetua merezi dugu
Epaileok errespetua merezi dugu –
Joan al zara inoiz kirol norgehiagoka bat ikustera? Ziur nago baietz. Bada, artikulu honen bidez, arbitro edo epailea izango dut hizpide.
Epailea autoritate figura da zelaietan. Horregatik, nahiz eta epaileak erabaki okerrak hartu edo ados ez egon hartutako erabakiekin, jokalari eta entrenatzaileek errespetua erakutsi behar dute.
Horretarako, entrenatzaileek jokalariei eta senideei irakatsi beharreko ikasbidea epailea modu positiboan aintzat hartzea da. Sarritan, Euskal Herriko oinarrizko kategorietako kiroletan ikus dezakegu jokalari gazteek zalantzan jartzen dituztela epaileen erabakiak. Jokalariei ez zaie axola epailearen erabakia okerra edo zuzena den, jokalari hauek ez dute sentitzen arerioari abantaila ematen dion erabakia zuzena dela.
Izan ere, kiroletan korporatibismoa garatzen da. Alegia, “gurekoikeria”. Guk geurea eta geurearen alde. Inolako objektibotasunik gabe analizatzen dira epailearen erabakiak. Automatismoa garatzen da; epailearen “gure” aurkako erabakiak kritikatu eta gure aldekoen aurrean mutu agertu.
Ezberdindu behar ditugu, alde batetik epailearen akats motak. Badira batzuk ia ekidinezinak direnak (jokaldi oso azkarrak edo epailearen atzean gertatzen direnak). Beste batzuk epailearen utzikerarengatik suerta litezke (arautegia ez ezagutzea, kasu). Azken akats hauek, bai, kritikagarriak dira.
Bestalde, epaileak ustelkeria edo eroskeriaren atzaparretan jaustea erabat deitoragarria eta gaitzesgarria da. Baina hori leporatzea oso salaketa larria da, eta betiere frogatu beharra dago. Nabarmendu daiteke, gainera, nahiko ezohikoa dela.
Beraz, entrenatzaileen parte hartzeaz, epailea modu automatikoan kritikatzeko praktika txarra desagerrarazi behar da nola edo hala. Gainera, jarrera horrekin zure taldea desabantailan jartzea lortzen duzu; adibidez, eztabaidatzeak fisikoki eta mentalki partidatik kanpo atera zaitzake eta epailearekin eztabaidatzeak azken honek erabaki okerrak hartzea eragingo du. Entrenatzaileek epailearen hitza errespetatzeko erantzukizuna dauka, epaileak arauak betearazteko autoritatea duen bezala. Kexaren bat izatekotan, entrenatzailea epailearengana joango da hitz egitera, ahal dela jokalariek ikusi gabe. Partida eta gero, jokalariek jokaldia ahaztuko dute eta ez dira ezertaz oroituko.
Ni neu epailea naiz, saskibaloi epailea. Ez naiz profesionala, gaztea naiz eta. Baina epaile lana egiteaz gozatzen dut eta momentuz aisialdiko kontua bada ere, nahiko nuke alor honetan aurrera egin. Askok galdetzen didate zergatik aritzen naizen honetan, eta ez talde batean jokatzen. Egia esan, jokatuz ere gozatzen dut (are gehiago, ganorazko epailea izateko esperientzia hori bizitzea ezinbestekotzat dut), baina uste dut epaile bezala ondo baino hobeto moldatzen naizela.
Aitortu behar dut batzuentzat ez duela xarmarik epaile lanetan aritzeak. Baina, baita zera ere! Jokoa aztertzea, arauak erabat ondo ezagutu eta erabaki zuzenak hartzea erronka ederra da. Eta izugarrizko satisfakzioa jasotzen duzu, zure lana behar bezala bete duzunean eta zintzoki jokatu duzula dakizunean. Gainera, nire ezagun, senideek eta nola ez, jokalari, zaletu eta entrenatzaileek ondo aritu naizela aitortzen dutenean, zirrara sentitzen dut nire zainetan! Zoritxarrez, ordea, jokalari, entrenatzaile eta zaletuen aldetik, epaileak ondo epaitu izana onartzea ez da ohikoa.
Epaile baten ikuspuntutik hartuta, epaileok errespetua merezi dugula uste dut. Epaileok gara partidetan erabakiak hartzen ditugunak, eta jokalari zein entrenatzaileek errespetatu beharko dituzte nahiz eta ados ez egon. Zoritxarrez, egoera hauek ez ditut ikusten kirol desberdinetan. Horren ondorioz, epailea behin baino gehiagotan izaten da kritiken jomuga. Esaterako, pare bat erabaki oker hartzen baditu epaileak, arbitrajea kaskarra izan dela pentsatzen da, partida osoa ondo arbitratu arren. Kirol ezberdinei gagozkiolarik, aipatzekoa da batzuetan besteetan baino gehiago jartzen dela zalantzan epailearen lana. Badira jarduera batzuk non epailearen betebeharra ez den ia inoiz eztabaidagai bihurtzen. Esku pilota (frontoikoak oro har), tenisa, golf, mahai tenisa, atletismoa… dira horren adibide. Aurkako muturrean, taldeko kirolak eta kontaktu fisikokoak dira batik bat. Futbola, saskibaloia, hockey-a… dira horren adibide.
Gurean, futbola da kirol nagusia. Eta futbolean bereziki, epailea “iraintzeko kultura” oso hedatua dago. Bai profesional mailan, baina baita bestelako mailatan ere. Kategoria txikietan, ikaragarria da zer nolako presioa eta giroa dagoen. Guraso askok, ez dute soilik epailea kritikatzen, askotan baita euren seme-alabak ere!
Nik neuk ikusi dudanez, gaztetxoen kirolean senideen jarrera ez da beti egokia, ezta saskibaloian ere. Urte honetan zehar, hainbat partida zuzendu ditut eta egoera desberdinak izan dira. Partida lehiatuetan, batez ere, senideen jarrera ez da batere lagunkoia izan. Esate baterako, adierazi izan dudan edozein falta kritikatu dute edota taldearen aurka seinalatutako urratsak. Gehienetan, kanpoko taldeko senideak izan dira kexaka aritu direnak.
Adierazitako guztia aintzat hartuta, jokalari, entrenatzaile eta senideak kontzientzatzeko proposamena egitea komenigarria dela deritzot. Nire aburuz, epailea eta haren lana errespetatzea garrantzitsua da berak hartzen dituelako erabakiak partidetan okerrak izan zein ez izan. Horrenbestez, epailearen lanari men eginez gero, elkarbizitza ahalbidetuko da, ezbairik gabe.