Iazko Jazzaldia (argazkitan)

Iazko Jazzaldia (argazkitan)

Iazko Jazzaldiako argazki galeria bat erakustea da sarrera honen asmoa, edizio berri bat abiatzen den honetan eta aldrebes samarrak garelako, kronika grafiko gisara. Beraz, testua betelana baino ez da -musikariei izen abizena jartzeko-, eta  erabat baztergarria.

Iazko Jazzaldia (argazkitan)
Ellis Marsalis (Donostia Jazzaldia saria jasotzen).

Atzo “Poem of a Cell” ikuskizunarekin izan zuen sarrera eta gero, gaur hasi da Jazzaldia ezaguna zaigun formatuarekin, eta gaur bete da urtea iazko Jazz Band Balla abiatu zela ere.

Guretzat oporraldi baten parekoa da Jazzaldia eta iaz izan genuen gozamena erakutsi nahi dizuegu argazkitan, aurtengoa ordukoaren erdia gozatuta ere nahikoa genukeelako. Horregatik,  iazko Jazzaldia kontatuko dizuegu argazkitan, kronika grafiko pertsonal baten bitartez.

Trinitate Plazan hasiko dugu ibilbidea, nola ez, non New Orleanseko Ellis Marsalis dugun Donostia Jazzaldia Saria jasotzeko zain (eskuinetara).

Zaratatsua eta deserosoa ere suerta daiteke Trinitate Plaza, baina jazzerako magia berezia du uztaileko ilunabarretan.  Ellisen ondoren Branford Marsalis semearen jarduna gozatu genuen bertan (2), uztailaren 22an, Kurt Elling abeslaria gonbidatu berezi zuela (1).

Egunero proposamen bikoitza oholtzaratzen dituen plazan entzun genuen, uztailaren 23an, Ravi Coltrane ere (4), aitaren abizena defendatuz eskarmentu handiko Jack DeJohnette bateria jolearekin (3). Ondoren Steve Colemanek (6) lehertarazi zituen guren adimenak, The Five Element taldeko gidari (5) -Jonathan Finlayson (tronpeta), Miles Okazaki (gitarra), Anthony Tidd (baxua), Sean Rickman (bateria) eta Coleman bera saxoan-.

Uztailaren 24an, igandez, Jose James kantariak ireki zuen plazako jarduna eta bertara gonbidatu zuen Christin Scotti argazki egiten harrapatu genuen (8), Step Aheadeko Mike Mainieri bibrafonoa jotzen (7) entzun baino lehen.

Uztailaren 25ean itxi zen jaialdia, aurten bezala, Diana Krall -jendartean lapurtu genion argazkia (9)- eta Bobo Stenson izarrak oholtzaratu  eta gero -gu Trinitate Plazako atzekaldean ginela (10)-.

.

Hondartzako giroa

Zalantza  barik, jende gehien erakartzen gunea Zurriolako hondartzako oholtza izan ohi da Jazzaldian, gazteena eta parranda zaleena. Iaz izarrik handiena Gloria Gaynor (1) izan genuen bertan, Easo abesbatzak lagundua.

Aparte, hondartza gainean jo zuten John Nemeth (4) eta bere Blue Dreamers taldeak –Mathew Wilson baxu jolea (3)-, Snarky Puppy bikainek –Chris Bullock saxofoi jolea (2) eta Larnell Lewis bateria jolea (7)-, Nick Waterhouse (5) boskotean –Jelani Brooks (saxo tenorea), Brian Lang (baxua), Eric Jackowitz (bateria) eta J.B. Flatt (teklatuak)- (6) eta Grupo Fantasmak ere –Kino Esparza (8)-.

Kursaal inguruko terrazetan hiru oholtza izaten dira aldi berean jo eta fuego, bi txanda eguneko eta oso giro eklektikoa, eszenatoki gainean joz zein azpian dantzan direnen artean.

Iazko Jazzaldia (argazkitan)
Gloria Gaynor; hau selfie bat da?

Gune hau doanekoa da, eta berdin entzun ditzakezu bertan euskal musikariek osatutako taldeak zein aurreko urteren baten Trinitate Plaza zapaldutako nazioarteko izar handi bat. Kasurako, Broken Brothers Brass Band grinatsua (5) eta sona handiko Dave Douglas (1) tronpeta jolearen High Risk egitasmoa.

Baita Douglasek bezala Masada maratoian parte hartu zuen Marc Ribot (3 eta 7) & The Young PhiladelphiansJamaaladeen Tacuma kontrabaxu jole bakainarekin (2 eta 6)- edo Gregario de Luxe ere (8), azken urteetan jaialdiari bukaera emateko ardura hartu duena.

 

.

Aterpean gordeta

Ordaninpeko aretoetara bueltatuta, aterpera jo eta Kursaal Auditorioan entzundako lau zuzenekoen laginak dakartzagu argazkitan, bateren bat ezkutuan egina.

Gehien gozatu genuena lehena izan zen, eta hortaz, hirukoteko musikari bakoitzaren argazki bana duzuen azpian: John Scofield gitarra jolearena (2), Brad Mehldau piano jolearena (1) eta Mark Guiliana bateria jolearena (3). Guztiak ere musikari apartak dira, a ze astindua eman zigutena!

Aipatutakoez gain, Jan Garbarek eat Trilok Gurturen laukotea -Rainer Brüninghaus eta Yuri Danielekin- (5) eta Trinitate Plazan Jose Jamesek gonbidatu zuen Christian Scott tronpeta jole trebea (4), zeinak talentu handiko talde gaztea aurkeztu eta, beti bezala, askoz gehiago jo ahal duenaren sentipena utzi zigun. Sorta honetatik Ibrahim Maaloufena begitandu zitzaigun zuzenekorik eskasena  –Stéphane Galland zen baterian (6)-.

Proposamenik bitxienak Victoria Eugenia antzokian entzun genituen. Batetik  Bertsojazza, eta bestetik La  Marmite Infernale.

Lehenengoan gai jartzaile lanak bete zituen Unai Elizasuk zera  esan zigun orain urte batzuk: “Jazzaldiko arduradunen atea jo genuen behin, eta galdetu, `zuek inprobistatu egiten duzue, ezta? Ba, guk ere bai! Beraz, zerbait egin beharko genuke elkarrekin´”. Esan eta egin, ezkerretara Elizasu berarekin batera Miren Amuriza, Beñat Gaztelumendi, Jon Maia eta Andoni Egaña, azken hau kantuan. Eskuman berriz musikariak, Bixente Martinez (gitarra), Amaiur Cajaraville (kontrabaxua), Hasier Oleaga (bateria), Julen Izarra (saxoa), Xabier Zeberio (biolina). Begira zein itxura ederra duen antzokiak!

Bigarrena, frantziatik zetorren eskarmentu handiko musikari taldea, ikusgarritasunaren aldetik ederra, performance baten gisara zuzeneko sailkagaitza eman ziguna, surrealista samarra. Martzianada polit bat, horrela esan badaiteke. Azken hauekin batera, John Scofield, Brad Mehldau eta Mark Guiliana hirukoteren jarduna Kursaaletan, Marc Ribot & The Young Philadelphians terrazetan eta Snarky Puppy hondartzan izan genituen kontzertu gustukoenak; guretzat gordeko ditugu kaskarrenak.

Gainontzean, ez ahaztu duela urte batzuetatik hona Jazzaldiak parapeloan ospatzen duen goiz parteko  festibaltxoa, Txikijazz. Gu iaz euria egin zuen batean joan ginen, lastima, baina kokapenez aldatu -atzeko terrazetatik Kursaal barrura- eta umeek izan zuten beren hip-hop saioa. Dantza!

Iazko Jazzaldia (argazkitan)

Iazko Jazzaldia (argazkitan) Iazko Jazzaldia (argazkitan) Iazko Jazzaldia (argazkitan)
argazkiak, Donostia, jaialdiak, Jazzaldia, musika

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude