Bihar gaur atzo zen

Bihar gaur atzo zen –

Bihar gaur atzo zenUrtaro guztiek dute euren iraungitze-data. Lauretan gazteena den udari ordea, bere aurrekoen praka-ajeatuak janztea egokitzen zaio eta platerekoa bukatu baino lehen martxa egitea. Izan ere, irailaren 21 edo 22ko despedida tristea noiz den asmatzen aritu baino, hobe minak lehenbailehen akabatu: abuztuaren 31n akabo.

Nostalgiaren definizioa da abuztuaren 31. Ikasleon artean ere bai. Ekainean gure oporrak planetako kobertura bezala zabaltzen eta zabaltzen ikusten baditugu ere, oh iraileko monotonia ankerra, gozatzeko aukera osteguneko pintxo-potetik igandera bakarrik uzten diguzuna, zergatik lapurtzen diguzu zoriontasuna? Gure gizarte zorion-zale edo pluspositibo honetan, negatibotzat hartzen dugu monotonia, oreka eta beraz errutina. Baina zer da errutinatik gustatzen ez zaiguna, edo benetan errutinatik kanpo bizitzea lortzen al dugu? Beldurra ematen digu “betirako berdinak” izateak. Eta beldurra ematen digute aldaketek. Sinetsita gaude sorpresak behar ditugula,  bertigoa, baina era berean segurtasuna bihurtu da baliorik sakratuena, kontuz! Anbibalentea da giza-aberea, kontrako kategoria eta espazioetan bizi gara kontrakoak direla konturatu gabe.

Baina ez ezazu iratzargailua konturatu gabe itzali. Iraileko aldapa, errutina, hasi da. “Jakinak” diren gertaeren multzoa da errutina edo jakinak bailitzan bizi ditugun gertaerena. Iratzargailua errutinaren lagin nabarmena da baina baita bikotearen agurtze muxua ere (edo ez? Errepikatzeak bere horretan al dakar errutinaren parte bihurtzea?). Goizean 6:45ean esnatu, zer eguraldi dagoen begiratu gabe jantzi, atzoko eta biharko bidea den marra matematikoa jarraitu, egin behar duzuna egiten ari zarela sinetsi… dena delakoa eta ohera. Gizarte “arriskutsu” honetan gure konfort eremuak behar ditugu, eta mundutarrekin konpartitzen dugun egitura praktiko-normatiboa da errutina. Honekin ez dut esan nahi, inondik inora, guztiona berdina denik, baina ez da inor harritzen 8etako autobusa gurpilen gainen 8etan pasatzen denean edo gosaltzeko, esnetara bezperan sobratutako dilistak botatzen ditugunean (proba ezazue!). Hain agerikoa da errutina, ezen ageri ez denetan soilik konturatzen garen bere presentziaz. Eta bai, akaso gazteon “orain-tokatzen-zaizue” bizitzatik esatea erraza da, baina maite dut errutina. Denborari forma emateko modua dela iruditzen zait, ekintzen errepikapenak ez duela edukiaren hustuketa zertan ekarri, goizetako kafeak ez direla beti txarrak.  Goizetan gurutzatzen dudan ezezaguna ezagutzen dudala ohartzean, astelehenak déjà vuetatik zeinen gertu dauden konturatzen naiz.

Bihar gaur atzo zen

Bihar gaur atzo zen

Urretxu (1996)