(A)kutsazaileak

(A)kutsazaileak –

Ba al zenekiten gazteok garela pandemia honen kutsatzaile nagusiak? Hori entzun dut bederen gaur goizean. Eta atzo. Eta herenegun. Barregarriena da hiru egun hauetan ni ez naizela etxetik ia atera ere egin, egunero hainbat ordu ordenagailuaren aurrean irakaslea entzuten pasa ondoren hainbat azterketetarako ikasten jardun bainaiz. Etxetik bostehun kilometrotara gainera, ezin familiaz ez kuadrillaz disfrutatu. Baina hala ere, ni omen naiz milaka kutsaturen arduradun. A ze marka, aizue! Barkatuko didazue ironia kutsu hau, baina ironia erabiltzen ez badut agian oihuka hasiko naiz, eta horiek ez lirateke moduak izango artikulu hau idazteko. Beraz, ironia apur bat erabili izana ulertuko duzuela pentsatu nahi dut, nolabait ere nire lekuan jartzeko gai izango zaretela.

Duela egun batzuk Madrileko metroan zehar zabaldutako pankartek izugarrizko harridura sortu dute sare sozialetan (eta meme batzuk ere bai, gizarte honek jada ez daki memerik gabe bizitzen). Kartel haiek gazteoi zuzenduta daude, Covid-19ari buruz kontzientziatu nahian sortuak dira, baina guztiz aurkako efektua sortu dute. Adibide batzuk ezartzearren, halakoak irakur daitezke: “Juergara bazoaz, hurrengo geltokia belatokia izan daiteke”, “Festara bazoaz harrapatuko duena zure aita izango da” edo “Zein falta da oraindik botiloia ordaintzeko? Zure maitea, zure aitona, zure irakaslea …” Bai, metro guztia erruz gainezkako esaldiz bete dute, gazteei zuzendutako erruz.

Ez, ez da erraza gaur egun gazteok sorbaldetan daramagun zama orri zuri batean bistaratzea, eta ez dut uste hain erraz akusatzen gaituztenek ikusi ere egin nahi ote duten, baina ni berdin berdin saiatuko naiz. Ez naiz ni izango errudunak zein diren esango duena, denok baikara eta afirmazio hori aldatzen duenak arrazoirik ez baitu izango. Denok izan gara era batean arduragabe, denok lasaitu ginen gehiegi udan, denok bete ginen bizimodu normal batek opa zezaken itxaropenez. Gaizki egin genuen eta hona hemen beldurra odolean sartzen diguten emaitzak. Baina, aizue, gazteok ez gara izan arduragabe bakarrak, e?

Hala ere disimulatu gabe akusatu gaituzte gure aiton amonen heriotzez, axola gabe hatz akusatzailea guregana begira jarri dute errealitatea ezeztatzen zuten zenbat eta zenbatek, nahiz eta datuek denok sartzen gintuzten zaku berean eta ez gazteok bakarrik. Hainbatek lanera egunero joaten jarraitu duten bitartean, igandeko marianitoa musukorik gabe edan duten bitartean, beraien burua erabat arduradun zela uste izan duten bitartean, gazteoi bizitzak 180 graduko bira eman digu. Gizartearen kutsatzaile bilakatu gara, unibertsitatera joatea galarazi zaigu, lagun baten etxean hamar lagun biltzea zer den ere ahaztu zaigu, ligatzeko forma berriak sortu behar izan ditugu. Dena etxetik atera gabe egiten ikasi dugu: Google Classroom, Skype eta Tinder, ongi etorri gazteon gaurkotasunera. Hauek bilakatu dira gure sozializatzeko era, eta hala ere gu omen gara kutsatzaile.

Errudun bakarrak gu garela sentiarazi digute. Eta bai, denoi aldatu zaigu egunerokotasuna, langile asko esertzen dira etxeko egongelan zortzi orduz ordenagailuaren aurrean, baina gu unibertsitateko esperientzia guztia galtzen ari gara. Gainera ez pentsa irakasleek gupidarik dutenik: klaseen formatua aldatu bai, baina klase orduz kanpo ematen dizkiguten lanak bikoiztu egin dira, eta hori dena liburutegiak ere itxita daudelarik zenbait lan aurrera eramatea galaraziz. Arazoa da, gizarteak gure kezkak eta gure egoera guztiz ahaztu dituela aho batez akusatzen gintuen bitartean. Noski parkeko ordu txikitako edanek kutsatuak sortu dituztela, noski diskoteketan arduragabe jokatu dela: baina datu horiek zein baimentzen dute egin den eran jeneralizatu eta gazte guztiak erruduntzera? Badirudi helduek immunitatea lortua duzuela eta sekretuan gorde duzuela, aizu.

Ez dut uste gizartea kontziente denik nerabe eta gazteok egiten ari garen esfortzuaz.  Gure bizimodua debekatu digute goitik behera: fakultatera joatea, klase ondoren terraza batean kafe bat hartzea, bostehun kilometrotara daukagun familia bisitatzea … (Ze, noski, kutsatzaile bakarrak gu garenez, zein ausartzen da trena hartu eta birusa familiarengainaino eramatea? ) Eta ez naiz diskoteken itxieraz kexatzen ari, ez naiz tabernen debekuez kexatzen ari, gazteoi eman zaigun tratua salatzen baizik. Ez dut uste udan arduragabeki diskotekak bete zituzten ehundaka gazteren erruagatik denok kriminalizatzeko ahalmen hori existitzen denik. Ez luke hala behar, behintzat.

Inork ez dauka kontuan zein gogorra den egunero bost ordu edo gehiago ordenagailuari konektatuta eta irakasleak esaten duen guztia ulertu nahian igarotzea. Inork ez dauka kontuan zenbat ikasle gauden etxetik urrun ikasten, non lagunak gure bigarren familia bilakatu diren eta jada ezin ditugun ikusi ere egin. Inork ez dauka kontuan ikasketen presioa nolakoa den une hauetan, eta inori ez zaio bururatu geroz eta zailagoa egiten zaigula haiengandik une batez ere deskonektatzea. Ia zortzi hilabete daramatzat fakultatea zapaldu gabe (eta nik bezala beste hainbestek), uda guztia galderez gainezka igaro genuen eta erantzuna klaseak hasi baina egun bat lehenago heldu zen. Unibertsitate Ministroa nonbait Erregearen pare jarri eta tarteka hitzaldi labur bat emateagatik kobratzen hasi da, konfinamendu garaian ez baitzuen laguntza izpi bat ere emateko ganorarik izan. Bakarrik utzi gaitu gizarteak, suelto, gure kabuz irtenbideak bilatzen eta gure kabuz bizibidea bilatzen. Hori nahikoa izan ez eta gainera pandemia honen errudun bakarrak gu garela baieztatzera ere ausartu dira, nahiko galduta lehendik ez bageunde bezala, oraindik errudun sentiarazi gaituzte eta ia etxetik irtetzea ere galarazi digute.

Hala ere, ni idatzi hau lekurik pribilegiatuenetako batetik egiten ari naiz. Hilero alokairua ordaindu dezaketen gurasoak ditut, nire ordenagailu propioa, nire idazmahaia eta osasuna (garai hauetan garrantzitsuena bilakatu dena). Baina zer gertatzen da ordenagailurik ez daukaten ikasleekin? Edo sare txar batera konektatzea besterik ez geratzea eta klase erdia galdu ondoren berreskuratu behar izatea. Edo etxean egoera zitalak bizi dituzten nerabe eta gazteak, lehen klaseak ihesbide zituztenak, orain beraien gelako lau pareten artean harrapatuta bizitzea. Hamaika arazo daude ahazten ari garenak.

Eta ez dut uste idatzi honekin ezer aldatuko dudanik, agian babes baina kritika gehiago lortuko ditut, baina ez zait axola. Gazteok inoiz baino zapalduago sentitzen gara eta ez lagunekin edatea debekatu zaigulako, baizik eta erabat bakarrik eta gizarte oso baten erruaren zamarekin utzi gaituzuelako, ikasketa berdinak formatu kutreagoan aurrera atera nahian, ia inoren babesa sentitu ezinean, inoiz baina ulergaitzago sentitzen garen bitartean beldurrak edo ezjakintasunak gu jo gaituelako erruduntzat. Ba, barkatu esatea, baina ondo legoke guk gure bizimodu osoa sakrifikatzen dugun bitartean babes apur bat ere sentiaraztea, gure lekuan jartzen saiatzea ezertaz oihuka akusatu aurretik.

(A)kutsazaileak