INGUMA datu-baseak 20 urte bete ditu!

INGUMA datu-baseak 20 urte bete ditu! –

INGUMA datu-baseak 20 urte bete ditu!UEUk kudeatzen duen INGUMA euskal komunitate zientifikoaren datu-baseak 20 urte bete ditu. Une honetan 11.835 egile, 43.541 dokumentu eta 16.609 artikuluren erreferentzia topatu daitezke bertan, klik batera. Urteurrena ospatzeko inguma.eus webgunea berritu dute. Hedapena, kalitate-adierazleen lanketa eta produkzioa digitalizatzea izango ditu aurrera begirako erronkak.

2000. urtean sortu zuen UEUk INGUMA euskal komunitate zientifikoaren datu-basea, azken 50 urteotan unibertsitate mailako zientzia eta jakintza-alor bakoitzean euskaraz ahoz eta idatziz ekoitzi denari buruzko oinarrizko informazioa jaso eta komunitate zientifikoa biltzeko asmoz. Proiektu honen helburua euskara batuaren arauak finkatzen hasi zirenetik gaurdainoko produkzio zientifiko-intelektual osoa jasotzea izan da (unibertsitatea mailakoa eta euskaraz), eta gizartearen esku jartzea. Une honetan 11.835 egile, 43.541 dokumentu eta 16.609 artikuluren erreferentzia topatu ditzakegu bertan. Urteurrena ospatzeko INGUMAren webgunea berritu dugu eta bilaketak errazteaz gain, datu-basera igotako azken sarrerak ikusi daitezke, bilaketak inprimatu eta hainbat estatistika eskuratu ditzakegu, besteak beste.

PRINTZAK:

  • Kepa Sarasola, UEUko Zuzendaria: “UEUren helburuen artean komunitate zientifiko-tekniko bizigarri bat sortzea da egon da beti, bere kideen arteko elkar ezagutza sustatzea  eta unibertsitate mailako produkzioa bultzatzea eta gizarteratzea”.
  • Karmele Artetxe, UEUko Zuzendari ohia: “INGUMA tresna bat da eta zentzua du komunitatea badago, bestela ez”.
  • Iñaki Alegria, UEUko Zuzendari ohia: “Hedapenean sakondu behar dugu INGUMAk eskaintzen dituen aukerak komunitatean ezagunagoak izan daitezen”.
  • Pruden Gartzia, INGUMAren sortzaileetako bat: “INGUMAk berez ez dauka balio berezirik, ez bada euskalgintzaren barruan, ez bada proiektu historiko baten barruan; eta proiektu hori da, euskararen salbamendua”.
  • Xabier Arauzo, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Zuzendari Nagusia: “Garai hartan zentzurik bazuen honelako ekimen bati babesa emateak, gaur egun are zentzu handiagoa du. Izan ere, sortu zen ekimen hura produktu helduago bat da orain”.

UEUren blogean ikusi ditzakezu INGUMAri buruz egiten ari garen elkarrizketak eta #Inguma20 traolaren bidez ere urteurrena jarraitu dezakezu.

INGUMA datu-baseak 20 urte bete ditu!

Udako Euskal Unibertsitatea (UEU)