Independentziaz norekin?

Independentziaz norekin? –

Enbata Hilabetekariko Sar Hitza

Mugimendu abertzaleak diskurtso independentista berreskuratu behar duela erratean, galdera bat sortzen da berehala, berezizki zapalkuntza hezur-haragiraino sartua zaigun leku eta garaietan. Nola joan Lapurdiko kostaldean bizi den frantses edo euskaldun frantsestu batengana, independentziari buruzko diskurtso maximalista batekin? Beste galdera bat egin genezake: zergatik joan behar dugu, orain, errotik frantses sentitzen diren horiei independentziari buruz mintzatzera? Has gaitezen abertzaleen artean zabaltzen independentismoa, eta gero beren burua euskaldun sentitzen duten baina erregionalismo epel batean eroso daudenengana zabal dezagun solas hori.

Independentziaz norekin?

Ohar gaitezen zein bilakaera izan duten Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzalearen aldarrikapenek azken mende laurdenean: aldarrikapenak epeldu eta ekintzak apaldu dira. Duela ia 30 urte, autonomia aldarrikatzea epelegia zen batzuentzat, eta erradikalegia beste batzuentzat. 1993an Iparretarrak-ek aurkeztu zuen proiektuan agertzen zen autonomia estatutua Euskal Autonomia Erkidegoaren autonomia maila baino anitzez urrunago zihoan.

Frantziako Gobernutik heldu zen kontraproposamena zen herri elkargo bat sortzea. Mugimendu abertzaleak baztertu zuen, Euskal Herriaz trufatzea zelakoan. Azkenean ez zen izan ez autonomia, ez departamendu, ez herri elkargorik. Giro hartan, mugimendu abertzalea alderdi politiko frantsesetako kideekin harremanak sakontzen hasi zen duela 25-28 urte, bereziki Garapen Kontseilua eta Hautetsien Kontseilua sortu zirenean.

Aski laster, ezker abertzaletik eskuin frantseserainoko hainbat kideren adostasun zabal bat lortu zen euskal departamendua eskatzeko (eta euskararen ofizialtasuna, berezko unibertsitate bat eta laborantza ganbera bat; baina lehen biak bazterrean utzi ziren, eta hirugarrena herri ekimenez sortu zen).

Aldarrikapen politiko haren apaltze hark eta abertzaleen aurkariekin elkartzeak dakarren izaera lausotzeak ez zuen biderik eman departamendua lortzeko. 2000ko hamarkadaren erditsutako parentesia batean autonomiaren gaia itzuli zen ahapeka. Gero Lurralde Kolektibitatearen aldeko adostasun zabal bat lortu zen (autonomiara hurbiltzen den egitura bat, nola edo hala), baina Frantziako Gobernuak proposatu herri elkargoarekin (hogei urte lehenago baztertutakoarekin) emozionatu ziren abertzale anitz. Eta jarraitzen dugu frantsesekin (Frantziaren proiektu politikoa dudan jartzen ez dutenekin, zentralismoa kritikatzen badute ere) elkarlanean, Euskal Elkargoan, herriko etxeetan…

Agenda instituzionala guztiz nagusitu zaigu, eta postura politiko erradikala (erran nahi baita arazoaroen erroetara joaten dena) armairu zoko batean utzi dugu hauts artean itotzen.

25 bat urte iragan dira. Gaur egungo 25 urteko gazte batek ez du bizi izan, Ipar Euskal Herrian, helburu politiko horren agerraldirik (eta kasu, Hego Euskal Herrian ere independentziaren aldarrikapena armairu zoko batean ari da hauts artean ahantzia izaten). Politika instituzionalari eta epe laburreko agendari eman zaien erabateko lehentasunak estali ditu gure herriaren askatasun aldarrikapena eta lurraldetasuna. Hurbildu gara, beharbada, abertzaleak ez diren baina abertzaleekin zerbait egin lezaketenengana, baina urrundu gara gure oinarrizko helburu politikoetatik eta helburu horietatik urrundu ditugu abertzaleak eta, oroz gainetik, abertzale gazteak.

Sendotu gaitezen lehenik gu, gure independentismoan. Sendotuko garenean ausartago izanen gara besteengana ere hitz horrekin joaten. Eta, hain segur, estrategiak eta lehentasunak beste lan batzuetan jarriko genituzke.

Independentziaz norekin?

3 pentsamendu “Independentziaz norekin?”-ri buruz

  • 4 + 3 = 7. Zatiketaren sinonimoa. Honen aurka: Bat egnik.
    Herri bat, lurralde bat, gobernu bat.
    Ez dugu ezer aurreratuko Ikusi ez badugu nahi eta are guttiago ahaleginak egin nahi ez baditugu gurea izan den goi mailako instituzioa berraktibatzeko.
    Nabar Estatuaren jarraipena da independentziaren abiapuntua.
    Nabar euskal Estatu europarraren jarraipena da elementu programatikoa helburua identifiktzen duena norantz bideratu behar ditugun baliabide guziak gure propositoak betetzeko.

  • Benat Castorene 2020-11-19 15:23

    Eneko, aspalditik badakizu pentsaten dutana. Iparraldean badugula zangoetarik dilindan izigarrizko harri lauza bat asmilazioaren hondora eremanen gaituena.
    Baiona eta BAB-eskualdea egunero kantzer bat bezala da gure euskal lurretan eta gure ezpirituetan zabaltzen dena.
    Ez duzu analisatzen elkargo horri horri buruzko abertzaleen ilusioak, estatuaren gibelasmoak. Hau egin ezean gure analisia guziak antzuk dira.
    Horrretaz aparte Baiona da hiririk goxoena nun denok gustatzen baigira herrian baino gehiago ere.
    Ezdakit begiratu duzun Busnelek Obamari egindako elkarrizketa.
    “zer da idazlearen misioa?”
    ” Bere misioa da erraitea ikusten duen egiaren partea eta horretatik ateratzen dituen konklusioak”
    Adeitasunez

  • Independentzia posible izango da soilik euskara indartzen bada eta euskara indartzeko independentzia beharrezkoa da. Hara hor soluziorik gabeko ekuazioa, bigizta mugagabea. Nola hautsi hori? Euskaldunen botere ekonomikoa indartuz. Euskararekin konpromezua duten enpresariak eta aberatsak behar ditugu, benetako konpromezua dutenak, loby judutarrak duen bezalaxe. Jendeak, artaldeak, nori jarrraitzen dio? Prestigioari, aberastasunari, ongizateari…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude